Galizian dago albistea. Ines del Rio kartzelatik atera da. Klisk! Argazkia atera diote, eta Twitterren jarri. Segundo gutxiren buruan, hainbat hedabide digitaletan dago argazkia. Batzuek baimena eskatu diote argazkia jarri duenari. Ezetz, ezin dutela erabili. Beste batzuek ez dute baimenik eskatu. Biharamunean egunkari askok Twitterren bolo-bolo zebilen argazkiarekin zabaldu dute. Askok egilearen baimenik gabe eraman dute azalera. Argazkilaria ito egin da sarearen zurrunbiloan.
Arrotxapeko bizilagun batek uholdeei ateratako argazkia, eta Interneten partekatutako Arguedasko sutearen irudiak ere azalera eraman izan dituzte. Tartean ez da kontraturik, ez dago soldatarik. Internet fotokazetaritza aldatzen ari dela pentsatzera daramatza argazkilari batzuk. Eduardo Sanz Nieto argazkilari iruindarrak hala uste du. Batik bat argazkiak zabaltzeko moduari dagokionez. Freelance da bera, han eta hemen ibiltzen da kamera eskuan. Horregatik, teknologia berriak beharrezkoak ditu, bere lana erakusteko.
Hainbat tresna erabiltzen ditu egunerokoan: Flickr, Instagram, Facebook, Twitter... «Prentsa berehalakoa da, eta nik kalitatea eta berehalakotasuna eskaintzen ditut», esan du. Batzuetan Twitterren zabaldutako irudi bat erosi ondoren, hedabide batzuek saretik kentzeko eskatzen diote, bertan balioa galtzen baitu. Dena den, sare sozialek denbora eskatzen dute, eta denek ezin dute berdin jokatu. Gema Arrugaeta argazkilariak, adibidez, bere erakusleihoa du sarean, baina sare sozialetan ez da asko ibiltzen. «Ordu asko dira denari kasu egiteko: sare sozialak eta argazkigintza behar bezala lantzeko».
Ekitaldi batean, edo gertaera baten parean baldin badago, argazkia egin, wifi bitartez sakelakora bidali, kalitatea egokitu, ur tanta paratu eta sarera jaurtitzen du agudo Sanzek. Argazkiaren gainean paratzen den sinadura da ur tanta, irudia beste toki batean erabili ez dadin egin ohi dute hainbat argazkilarik. Sanz ur tantaren erabileraren alde agertu da, ingurukoek esaten dutena gorabehera: «Askok esaten didate argazkiak ez direla ongi ikusten, eta kentzeko», aitortu du.
Garaialdek ez du maite ur marka. Bostok argazki agentzia sortu zutenean argazkien gainean sinadura jarriz hasi ziren lanean. «Argi genuen agentzia moduan sarean egotea interesgarria zela, egon behar genuela, eta horri indar berezia eman nahi genion». Baina argazkiak zabaltzea zen haien asmoa, eta ur markak eragotzi egiten zuen. Jendeak ez zuen hain erraz partekatzen ur markak zikindutako irudia. Hilabete baten buruan, ur marka kendu zuten, baina copyrightarekin zabaltzen dituzte. «Nik esan dezakedan bakarra da lizentzia konkretu bat duela, baina gehiagorik ez. Ur markarena egin daiteke, baina ez zait praktikoa iruditzen ez bada oso argazki konkretuan», aipatu du Garaialdek. Tamainarekin jokatzen du berak. Paperean ez argitaratzeko moduan sareratzen ditu irudiak, baimenik gabe erabiltzea zailagoa izateko.
Baina tranpa egin nahi duenak tranpa egiten du. Hala uste dute hiru argazkilariek. Arrugaetaren aburuz, argazkiak ebasteko joera ez da berria. «Etengabeko borroka da; argazkilaritza, beste hainbat kultur alor bezala, nahiko errespetu gutxirekin tratatzen da orokorrean gizartean. Jende artean zabaldu egin da, eta hori ona da, baina baditu alde txarrak ere», esan du. Errespetu falta hori atzetik datorrela dio, nahiz eta Internetek erraztu egin duen. Liburu batetik eskanerretik pasatuta erabili izan dituzte bere irudiak, baita egunkari bateko gehigarri bat egiteko ere. Etika faltari egotzi dio jarrera hori, eta hedabide «ezagunek» ere horrelakoak egiten dituztela salatu.
Arazoaren oinarria azaldu Sanzek: «Gaur egun inork ez du ordaindu nahi argazkiengatik». Horregatik, argazki bat baimenik gabe publikatzen den guztietan argazkilariek egoera salatu behar dutela uste du Garaialdek. «Taberna bateko barran pintxo bat egoteagatik ez du esan nahi hartu ahal dudanik; fisikoki bai, har dezaket, baina ez da nirea. Sare sozialak gauza bera dira, argazkiak hor daude, baina haien erabilera legez erabat zehaztuta dago, eta hortik ateratzen denak legea hausten du», dio.
Bat etorri dira Garaialde eta Sanz kasu horietan zer egin behar den. Lehenbizi, faktura pasatu argazkia erabili duenari. Gero, gerokoak. Baina gerokoak atzera bota ditu argazkilari asko. «Hasieratik dirua jarri behar duzu, eta hori ez da hain erraza», esan du Sanzek. Lege arruntari dagokion edozein prozedura judizial bezala, epaiketak gastuak baititu. Gainera, norberaren argazkia nonbait publikatu dutela konturatzea ere ez da beti erraza. Argazkilari iruindarrak azaldu duenez, hedabideek normalean ezjakinarena egiten dute. Berak, baina, inoiz ez du hedabiderik salatu, inoiz ez diotelako «argazki sekulakorik ebatsi».
Garaialdek uste du ez salatzea gaizki dagoela. Gogora ekarri du Iñaki Larrañaga kazetariari gertatutakoa. Eusko Legebiltzarrean Patxi Lopezi argazkia atera zion tabletatik joko bat jaisten, eta bi egunkarik baimenik gabe publikatu zuten. Faktura bidali zien, eta batek ordaindu zion.
Legea alde dute argazkilariek. Jose Ignazio Zubiaga abokatua Euskadiko Prentsa eta Telebistako Informatzaile Grafikoen Elkartean aholkularia da. Europako legeek babesten dituzte sarean zabaldutako irudiak. «Interneten egileak edo beste batek zerbait argitaratu dezake, baina horrek ez du berau erabiltzeko baimenik ematen», esan du. Beraz kalte ordaina eska daiteke.
Zuzenbide intelektualari dagozkion bi alor daude: alde batetik, eskubide moralak, ukiezinak direnak. «Argazki bat sarean jartzen badut, ez ditut inolaz ere haren eskubideak galduko; nik egile gisa eskubidea dut sorkuntza hori nik nahi ez dudan bezala ez dadin eraldatu». Bestalde, ondareari dagozkion eskubideak daude, besteren esku utzi edo saldu daitezkeenak. «Ez badiot inori eman edo saldu, inork ezin du argazki hori erabili».
Argazkilariari begirunea
Abokatuak uste du hedabideek ezagutzen dituztela eskubide horiek, eta zaila dela argazkiak baimenik gabe erabiltzea. Arazo handiagoa ikusten du Internetek eskaintzen duen anonimotasuna probestuz irudiak ebasten dituztenen kasuan. Horri aurre egitea oso zaila dela aitortu du.
Irudiak hartzeko tenorean, hedabideek errazago hartzen dituzte zaleen irudiak. Hori mehatxu gisa hartu du Arrugaetak. «Sare sozialen bidez jende asko dago bere lana erakusteagatik eta bere izena agertzegatik, edozein modutara argazkiak dohainik argitaratzen uzten dutenak. Ilusioa ulertzen dut, baina kalte egiten dio lanbide honi».
Sanzek ere gogora ekarri ditu txiolariak, haien argazkia hedabideetan ateratzearekin aski dutenak. «Baina arazo bat dago: horrela jarraituz gero, ez da argazkilaririk egonen», esan du. Dena den, argi du ezin direla alderatu argazkilari profesionala eta zalea. Chicagoko kasua ekarri du gogora. Egunkarietako batek argazkilariak bota zituen, eta kazetariei sakelakoa eman. «Gertaera soil baterako agian balioko du, baina ekitaldi handi batean ez».
Garaialde oso kritiko agertu da hedabide batzuek argazkigintzarekin duten jarrerarekin: «Arazoa da: zer ari garen publikatzen, zer garrantzia ematen diogun argazkiari eta zer kontzepzio dugun informazio argazkiari buruz». Argazkiak ere zaindu behar direla aipatu du, mezu bat zabaltzen dutelako. «Egunkari askok ohitura hartu dute: koadrotxoa beteta egoteagatik barnean dagoena berdin zaie».
Dena den, Sanz ere ez dago oso kezkaturik. «Kalitatea eta berehalakotasuna eskaintzen baduzu, sakelako batek inoiz ez du gaindituko». Garaialdek ere etorkizunari gogotsu begiratu dio. «Tokatzen zait esperantza izatea, nik uste dut buelta emanen duela honek nonbait, denen artean aurkituko dugu irtenbidea». Hala ere, argazkigintzaren balioaz konturatzeko beharra azpimarratu du iruindarrak: «Serio hartu behar gaituzte; horretarako, guk geure burua serio hartu behar dugu».
Ezarian. Sare sozialen eragina argazkigintzan
Argazkiak sarearen zurrunbiloan
Irudiz josirik dago Internet, eta are gehiago, sare sozialak. Baina argazki horiek ere egile eskubideek babestuak dira, nahiz eta sarri baimenik gabe erabiltzen diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu