Argazkia, zuri-beltzean

Orhipean besta ospatuko dute Otsagabian larunbatean. 1900. urtera salto eginen dute, eta orduko bizimodu eta lanbideak erakutsiko dituzte

Ofizioak duela ehun urte egiten ziren bezala erakutsiko dira. IÑIGO URIZ / ARP.
Iker Tubia.
Iruñea
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Delorean autoa ez da beharrezkoa izanen denboran atzera egiteko. Larunbat honetan Otsagabira (Nafarroa) joatea aski izanen da. Urtero bezala, 100 urte atzera salto eginen dute egun batez Zaraitzu ibarreko herrian. Hala, garai bateko bizimodua, lana eta aisialdia nolakoak ziren ezagutzeko parada izanen du bertaratzen denak. Aurten, gainera, garaiko jantzi tradizionalei buruzko erakusketa ere antolatu dute egun horretarako.

Egun osoko jarduera izanen da Orhipean besta, eta herritar anitzek parte hartuko dute. Otsagabiko harrizko karriketan, iruleak, irakasleak, medikuak, bizarginak, garbitzaileak, egur eramaleak, harakinak... denetariko langileak agertuko dira. Ganadu feria ere izanen da, eta gazta eginen dute jendaurrean. Lana bakarrik ez, elizara sartuz gero, garai bateko eszenak biziko dituzte bisitariek. Gainera, bertako euskarari buruz ikasteko ere balioko du bisitak.

Jende anitz biltzen da bestaren inguruan. Hain zuzen ere, hori da bestaren helburuetako bat: herrian ekitaldi bat antolatzea, eta kanpoko jendea erakartzea. Hala azaldu du Sergio Itsasok. Antolatzaile lanetan ari da, eta hark azaldu ditu bestaren nondik norakoak: «Garai hartan nola bizi ziren gogoratzen dugu egun honetan, eta jendeari erakutsi. Zaharrak pixkanaka hiltzen ari dira, baina ilusioz bizi dute kalean hau ikustea».

Baina ez da garai batean bizi zirenendako afera soilik. Edozeinendako da. Are, atzetik heldu diren belaunaldietakoek asko ikasten dute. «Nik gauza batzuk beti ikusi ditut etxean, eta ez nekien zertarako ziren edo zertan erabiltzen zituzten. Festa honek hori ikasteko balio izan dit. Noski, haiek normaltasunez hartzen dute: 'Hau arropa garbitzeko da, beste hori ez dakit zertarako'; baina zuk ez dakizu», esan du.

Adibidez, ardiari ilea kentzen zaionetik artilea galtzerdi bihurtzerainoko prozesu osoa ikasi liteke, eta bordetako bizimodua nolakoa zen ere, besteak beste.

Argazkietako jantziak

Aurten, jantzien aferari heldu diote bereziki. Zaraitzun bada Zuri-beltzean deitutako elkarte bat, eta hark lan handia egin zuen bere garaian herriko argazki zaharrak biltzen. «Argazkietan primeran ikusten da zer eramaten zuten eta zer erabiltzen zuten», dio Itsasok. Lan hori baliaturik aurkeztuko dute jantzien erakusketa.

Orhipean

Larunbata, egun osoz Otsagabian (Nafarroa).
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.