Argazkilaria

Vicente Guinea: «Argazkia argia da, eta gai honetan are gehiago»

'Irudimenari irekia dagoen erakusketa' jarri du Vicente Guineak Donostian, Okendo kultur etxean. Liburutegiaren alboan ikus daitezke forma bereziak dituzten hainbat zuhaitzen argazkiak. «Pasioz» bizi du zaletasuna Guineak.

Vicente Guinea argazkilaria, Donostian, apirilaren 8an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Vicente Guinea argazkilaria, Donostian, apirilaren 8an. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
DONOSTIA
2025eko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eibarko Armerian egin zuen lan urte luzez Vicente Guineak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1950). Azkeneko 25 urteetan egindako argazkiekin baditu hiru bilduma, eta liburu bat argitaratzea gustatuko litzaioke. Hainbat erakusketa jarri ditu.

Menditik eta pagadietatik zerk erakartzen zaitu gehien?

Beti izan naiz mendizalea; nire hiru zaletasunak mendia, zuhaitzak eta pago motzak dira. Pagadiak gogoko ditut, garbiak direlako. Eta asko gustatzen zait erakusketan ikusten diren irudi hauek zuhaitzetan ikustea. Bizkaiko mendi asko zeharkatu izan ditut. Asko ibili naiz Urkiolan, Kortazarren... mendi horietan topatu izan ditut argazkietako zuhaitzetako batzuk.

Eta forma askotako zuhaitzak aurkitu dituzu, hemen ikusten den bezala.

Zuhaitz gehienak ez dira horrelakoak, noski.

Baina zer sentsazio izaten dituzu halako zuhaitzak aurkitzen dituzunean?

Grina dut gai honen inguruan. Iparrorratz bat eramaten dut, zeren batzuetan zuhaitzari ez dio argi egokiak ematen argazki ona ateratzeko. Hortaz, haren atzetik joaten naiz goizean edo arratsaldean harrapatzera, argiak egoki jotzen ote duen ikustera.

Kamera beti gainean duzula joaten zara, ala nahiago duzu lehenbizi lekuetara joan, eta gero kamerarekin itzuli?

Normalean kamerarik gabe joaten naiz mendira. Sakelakoan markatzen dut non dagoen aurkitu dudan zuhaitza, eta gero itzultzen naiz. Kamerarekin joaten naizenean, sarritan ez dut ezer aurkitzen. Argi egokiarekin itzuli ohi naiz gero.

Erakusketako argazkiak noizkoak dira?

Argazki analogikoak daude, baita diapositiba batzuk ere.... Lehenengoa duela 25 urtekoa izango da. Azken argazkiak platano formakoak dira. Uste dut azkena duela hilabetekoa dela, Deban [Gipuzkoa] ateratakoa.

Beti ez da aurkitzen argazkirik onenak ateratzeko argi egokia, ezta?

Ez, egia da. Argazkia argia da, eta gai honetan are gehiago. Izan ere, nik ez dut flashik erabiltzen, ez dakit erabiltzen ere, eta gero argi puntu hori bilatu eta behar adina aldiz itzuli behar bada, ba, bai, itzuliko naiz.

Vicente Guinearen argazki erakusketa Donostiako Okendo kultur etxean
Vicente Guinearen erakusketaren argazki bat, Donostiako Okendo kultur etxean. VICENTE GUINEA / ANDONI CANELLADA
Zer argazkirekin egon zara denbora gehien zain argi egokia aurkitu arte?

Orein baten forma duen zuhaitza, adibidez, behin baino gehiagotan bisitatu nuen. Bost bidaia egin nituen inguruan, argiak aurpegian jotzen zuela topo egin arte. Zorionez, nire herritik gertu zegoen, Kortazarren.

Zer esaten dizute zuhaitzek?

Zuhaitzek dena esaten didate, nire saltsan nagoelako. Ez zait batere kostatzen bidaiatzea; goizean goiz jaiki, eta joaten naiz leku berezi horien bila.

Zaletasun bat baino gehiago, pasio bat da zuretzat, ezta?

Hor esan duzu: Pasioz bizi dut. Izugarri gustatzen zait.

Eta zure ingurukoek zer diote pasio horretaz?

Inguruko batzuk ere pixka bat hartzen ari dira; batzuek esaten didate: «Aizu, irudi bat ikusi dut hemen, eta abar». Beste batzuek aipatzen dute: «Zer zortea duzun». Ba, nik uste dut natura mundu guztiari gustatzen zaiola, ezta? Baina ni pauso bat harago noa.

Sekuoia luze batzuen argazkiak atera izan dituzu. Baina batzuk jada ez daude lehen bezala....

Bai, Gasteizen zegoen bat oso berezia zen. Baina gaixotu egin zen. Bestalde, bazen Hondarribiko [Gipuzkoa] jubilatuen etxearen gainetik nabarmentzen zen bat. Argazki ederra zuen hark, baina moztuta dago orain. Hala ere, gehien gogoko dudana Nafarroako Mendaza herrian dagoena da: 1.200 urte ditu, eta uste dut Iberiar penintsulako zaharrenetan hirugarrena dela. Bitxia da, hiru hanketako artea deitzen diote. Izan ere, hiru hanka ditu, eta jendea barrenera sar daiteke.

Donostiako erakusketan 22 argazki daude, baina bilduma honetako 50 dituzu, ezta?

Bai, 50 dira. Erakusketa batzuetan 35-40 inguru jarri izan ditut. Gasteizen, adibidez, 45 jarri nituen.

Udazkenean beste erakusketa bat jarriko duzu Okendon bertan.

Bai, hala esan zidan kultur etxeko arduradunak. Jaizkibelen Geoformak izenburua izango du. Aurpegi asko aurkitzen ditut naturan. Zortzi urte inguru daramatzat Jaizkibel mendira joaten [Gipuzkoa], eta esango nuke bertara joateko garairik onena apiriletik aurrera dela: maiatzetik uztailera.

Vicente Guinea, argazkilaria
Vicente Guinea argazkilaria, Okendo kultur etxean, apirilaren 8an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nora joan nahiko zenuke horrelako argazki gehiago ateratzera?

Euskal Herria bezalako tokirik ez dago. Pribilegiatuak gara. Ibilia naiz atzerrian, baina Euskal Herria bezalakorik ez da.

[Emakume gazte bat argazkiei begira ari da, eta zenbat gustatzen zaizkion esaten hasi da. «Animaliak ikusten ditut, eta aurpegiak!», esan du. «Nolako poza ematen didazun!», erantzun dio Guineak].

Uste duzu sakelako telefonoek argazkigintzari buruz dagoen pertzepzioa aldatu dutela?

Bai, bai, aldatu da. Sakelakoarekin argazki batzuk nahiko ondo daude, aitortu beharra dago. Baina sakelakoarekin ateratako argazki bat pantailatik paperera pasatu nahi baduzu, kalitate handia galtzen du.

Argazkigintzaren zaletasunarekin jarraitzeko gogoz, beraz?

Bai, baditut 74 urte. Belaunak zainduko ditut... baina ahal dudan neurrian, Euskal Herrian barna ibiliko naiz batera eta bestera.

LOTSABAKO

  • Argazki kamera kutunena? Canon markakoa. 
  • Miresten duzun argazkilari bat? Joan Fontcuberta. Oraintxe erakusketa bat du Tabakaleran [Donostia].
  • Film baten argazkia?Gladiator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.