Hausnarketa bat egitera gonbidatu nahi du jendea Maite Pintok (Logroño, Espainia, 1993), migrazioari buruzko hausnarketa, eta, horretarako, 36ko gerraren eraginez Euskal Herriko milaka haurrek Santurtziko (Bizkaia) portuan Habana ontzia hartu behar izan zuten istorioa eta egungo migrazioaren krisia uztartzen ditu. Haren lana Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian ikus daiteke osteguna bitarte. Gero, Bizkaira eraman nahiko luke lana, tokiak istorio horretan duen esanahiarengatik.
Ikerketa lan batetik abiatu da zure sorkuntza lana.
Bai, Ingalaterran bizi izan naiz bi urtez, Manchester hirian, eta People's History museora bisita bat egin nuen. Museo horrek jendearen istorioak biltzen ditu, eta bertan ikusi nuen ikerketa lanerako istorioa, hau da, nola milaka euskal ume Ingalaterran errezibitu zituzten gerra zibilean. Museo horretan artxiboak dituzte. Hara joan, gutun asko irakurri nituen, irudi asko ikusi... Esan zidaten bazela elkarte bat Basque Children izenekoa. Haiekin harremanetan jarri nitzen, eta proiektu bat egin nahi nuela adierazi nien. Lanarekin lagundu didate irudien baimena eskuratzeko garaian, liburuak uzteko garaian eta beste hainbat gauzatan.
Elkarte horrek zer lan egiten du?
Elkarte horren asmoa bizirik dauden euskal umeak elkartzea da. Webgunearen bidez berriak ematen dituzte, hitzaldiak ematen dituzte euren historia kontatzeko... Haur horien artean harreman estua lortu zen, eta urtean behin elkartu eta gertakari horren urteurrena ospatzen dute. Joan den urtean 80. urteurrena izan zen.
Ikerketa hori nola islatu duzu artistikoki?
Argazki zaharrekin lan egitea gustatzen zait, eta lan hau grabatuaren arloan egin dut. Irudiak birsortu nahi nituen, uste baitut istorio hau behin eta berriz gertatzen dela historian, eta migranteen arazoa gaur egun ere badugula. Orain dela 80 urte gu ginen migratzaileak, eta ikusarazi nahi izan dut nola errezibitu gintuzten Ingalaterran: beso zabalik hartu zituzten Euskal Herriko haurrak.
Garai hura eta gaur egungoa nola lotu dituzu?
Nire lana zuri-beltzekoa da, ez dut kolorerik erabili, baina grabatuaren arloan gustatzen zaidana tintekin jolastea da, eta tinta ezabatzearen ekintzarekin beste irudi bat sortzea da interesgarriena niretzat. Ekintza hori zerbait traumatikoarekin lotzen dut, hau da, ezabatzea trauma bati lotzen diot. Grabatuetan irudi horiek funtzionatzen dute, eta urtinta ere erabili dut, irudiari ematen dion materialtasunarengatik.
Zein helburu duzu lan honekin?
Hausnarketa bat plazaratu nahi izan dut, eta gertatu zen istorio bat gogorarazi nahi izan dut gaur egungo migratzaileen krisiarekin alderatzeko.
Argazki zaharrek zer-nolako garrantzia dute zuretzat?
Argazki zaharrak gure nolabaiteko aztarnak dira. Denek ditugu gure aztarnak, eta familiaren argazkiekin edo argazki zaharrekin istorioak konta daitezke. Uda honetan, esaterako, nire herrian aurkeztu nuen lan bat argazki zaharrekin, lanbideak azaltzen ziren argazki zaharrekin, eta hainbat lanbide nola galtzen ari diren adierazi nahi izan nuen.
Zure lana Ingalaterran aurkezteko asmoa duzu?
Udan proiektu hau Manchesterko galeria batean aurkeztu nuen, Euskal Herrira ekarri baino lehen. Basque Children elkarteko jendea etorri zen, besteak beste, eta oso aberasgarria eta interesgarria izan zen, haien inpresioak entzuteko aukera izan bainuen. Beren familien istorioak ere kontatu zizkidaten. Haur horietako batzuk ezagutzeko aukera ere izan nuen, baita haien seme-alaba batzuk ere; oso hunkigarria izan zen. Oso pozik nago lana bi herrialdeetan ikusarazteaz. Donibane Garazin, gainera, anekdota polita gertatu zitzaidan. Emakume bat hurbildu zitzaidan esanez Habana itsasontzira eraman zutela Ingalaterrara bidaltzeko asmoz, baina berak ez zuen igo nahi izan, eta azkenean Euskal Herrian gelditu zen.
ATZEKOZ AURRERA. Maite Pinto. Artista
«Argazki zaharrak gure nolabaiteko aztarnak dira»
Itzal Aktiboa saria lortu du Pintok 'The Kindness of Strangers' (Kanpotarren adeitasuna) lanarekin; grabatuen bidez, 1937an Euskal Herriko 4.000 haurrek Ingalaterrara nola ihes egin zuten islatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu