Argazkilari izanda aktore protagonista bihurtzea, horixe izan du lanik zailena Luis Lizarraldek (Orio, Gipuzkoa, 1959). Hark irabazi du BERRIAren udako argazkien aurtengo lehiaketa, Orioko hondartzan ateratako argazki batekin. Beste sari bat irabazteko moduan aritu da hitz aspertuan.
Uda, hondartza, itsasoa, ekaitza... ez dirudi hain zaila horrelako argazki on bat ateratzeak...
Zaila ez da; tokatu egin behar zaizu, eta, tokatzen zaizunean, ikusi. Ez baita gauza bera tokatzea eta ikustea. Desberdintasunaren bila joaten naiz ni.
Zu joan zinen argazkiaren bila edo argazkia etorri zen zuregana?
Ikusi egin nuen argazkia, eta ni joan nintzen bila, zer zegoen ikusita. Bueltaxka egin genuen Amaia emazteak eta biok, berak lagun batekin topo egin zuen, eta ekaitza pasatzen ikusi nuen nik. Sorosleak nola zeuden jabetu nintzen, eta hara joan nintzen. Argazki bakarra atera nuen. Zortea aipatzen da askotan, baina zortea bilatu egin behar izaten da; zortea ez, haren bila joan nintzen.
Argazkilari izatea ez baita klik egitea bakarrik...
Desberdintasuna non dagoen begira joaten gara beti.
Argazki irabazlea ez da izango sakelakoarekin ateratakoa, ezta?
Ez, ez. Sakelakoarekin dokumentatu egiten da, baina argazkia kamerarekin ateratzen dut nik beti. Fuji markako argazki kamera bat daukat, pisuagatik batez ere.
Gauza bakarra falta da argazkian: Orioren trainerua.
Ibilitakoa naiz haiei argazkiak ateratzen ere; semea neukan etxean arraunlaria. Hari bakarrik ateratzen hasi nintzen, baina pixkanaka-pixkanaka gehiago eta gehiago atera nituen.
Epaimahaikoen zalantza bat: Photoshopik ba al du argazkiak?
Ez. Behin ere ez dut aurkeztu Photoshopekin landutako argazkirik. Gauza bakarra egiten dut: Raw formatuan atera argazkia, horrek aukera ematen baitizu gero argiekin eta itzalekin pixka bat jolasteko.
Luis Lizarralde... argazkilaria?
Nik kamera soinean eramaten dut beti, baita mendira joaten naizenean ere, behin ere ez baita jakiten argazki ona noiz tokatuko den.
Zer behar du argazki on batek?
Argazki on batek atentzioa piztu behar, normaltasunetik atera. Paisaiak-eta ikusten ditugu askotan, eta politak dira, bai, baina argazkiak beste zerbait behar du niretzat, besteek ikusten ez duten hori.
Argazkiak, koloretan edo zuri-beltzean?
Nik koloretan ateratzen ditut beti, baina egia da zuri-beltza asko gustatzen zaidala. Argazkiaren araberakoa ere izaten da hori; zuri-beltzera pasatu edo koloretan mantendu. Oraingo honetan, kontrastea ematen du koloreak, gorritasun horrek, eta horregatik mantendu nuen koloretan.
Oraintxe zoaz argazkilari baten ametsetako paradisura: jubilaziora.
Erretiro aurreratua hartuta nago, eta datorren hilean hartuko dut erretiroa. Horixe da guztion ametsa: behin erretiroa hartutakoan denbora izatea norberaren gustuko gauzak egiteko.
Zeure kabuz ikasitakoa zara?
Erabat. Nik ez dut egin ikasketarik; besteen argazkiak ikusiz ikasi dut. Argazki bat ateratakoan, zeinen ondo dagoen ikusi beharrean, pikorra edo okerra non dagoen ikustera joaten gara. Horrela ikasten da. Horrelako sariek motibazioa areagotzen dute.
Bi lagunentzako otordua Getariako Elkano jatetxean. Azken astebetean nabaritu al duzu normalean baino jende gehiago inguratu zaizula goxo-goxo?
[Barrez] Badaezpada, ezta? Erabakia hartuta dago, zalantzarik gabe [ondoan dauka emaztea, eta hari begiratu dio].
Zein aholku emango zenioke argazki kameran lehen klik soinuak ateratzen hasi denari?
Begira joateko beti, eta ibilian-ibilian ikasteko.
LOTSABAKO
Inoiz atera duzun argazkirik onena?
Gustukoena, Ilargiari ateratako bat, erdian hegazkina duela.Eta ateratzeko daukazun bat?
Islandian aurora borealei aterako diedana.