Mundua iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera zeharkatu du Gonzalo Azumendik (Getxo, Bizkaia, 1960). Mendizaletasunak eraman zuen argazkilaritzara, eta horrek bere beste pasiora: bidaiatzera. Universo Azumendi (Azumendi Unibertsoa) liburuan jaso ditu bere ibilbideko argazkirik pertsonalenak. Bihar Tolosako Amalur jardunaldietan izango da, 19:00etan, Topic zentroan.
Nola hasi zinen argazkilaritzan?
Atxarten eskalatzen nuen, Pagasarrin [Bilbo]. Behin, amari argazki kamera hartu, eta argazkilaritzarekin kateatu nintzen. Pasio bat bihurtu zen. Getxon, garai hartan, kultur jaialdi handiak egiten ziren; beti zegoen kantautoreren bat frontoian, eta ni argazkiak ateratzera joaten nintzen. Silvio Rodriguez etorri zen behin, eta hari ateratako argazkiak bidali zizkioten. Kontua da gero bere disko baten azalean atera zela argazki horietako bat: Causas y azares diskoan. Benito Lertxundiri ere argazki batzuk atera nizkion garai hartan... Horrela hasi nintzen.
Bidaiatzen ere hasi zinen.
Mendizaletasuna, bidaiatzea eta argazkiak ateratzea izan dira nire hiru pasioak. Kenya eta Tubqal mendietara izan zen nire lehen bidaia. Poliki-poliki, irudiak saltzen hasi nintzen. Gaceta del Norte egunkarian argitaratu zituzten nire lehen argazkiak. Gero Madrilera joan nintzen, trenez, gauez... Literan egin nuen lo, eta gero hainbat erredakziotara joan nintzen argazkiak erakustera. Oraingo begiradatik uste dut oso ausarta izan nintzela. Euskal Herriko inauterien hainbat argazki nituen, eta horiek izan ziren erosi zizkidaten lehenengoak. Geo aldizkarian argitaratu ziren, eta ni pozarren.
Eta hortik National Geographic, Lonely Planet, Traveler eta izen handiko beste aldizkarietara...
Urte asko daramatzat aldizkari horietan argazkiak argitaratzen, eta oraindik ere hunkitu egiten naiz nire lan bat ateratzen duten bakoitzean. Norberaren argazki bat aldizkari horietako baten azalean ikustea zirraragarria da. Erronka bat da beti.
Unescorentzat ere egin duzu lan. Ondare materiala eta immateriala jasotzen aritu zara.
Bai. Unescoren pasaportearekin leku ezkutu, urrun eta zoragarrietara joan naiz. Indiana Jones bezala ibili naiz. Islamabadera iritsi, eta inork ez zekien non zegoen dokumentatu behar nuen hiri galdu hura. Abentura bat zen. Garai hartan, mundua ezagutzeko modu bat zen argazkilaritza. Berlingo Harresia erori zenean, ekialdeko herrialdeetan izan nintzen. Oso hunkigarria izan zen herrialde horiek gordetzen zituzten mirariei argazkiak ateratzea; Errumaniako Maramuseko egurrezko elizak edo Bucovinako margolanak... Hainbat parke nazionaletan ere izan naiz; helikopteroz iristen nintzen horietara.
Paisaia asko ageri dira zure argazkietan, baina bereziki paisaia humanoak.
Psikologia ikasi nuen, eta nire argazkilaritza oso humanista da. Argazkiak ateratzean jendeaz maitemintzen naiz. Beti galdetzen diot neure buruari nor ote den pertsona hori, eta argazkia ikusten duenak galdera horixe bera egitea nahi nuke. Pertsonen sekretuei, asmoei, ilusioei eta emozioei begiratzen saiatzen naiz. Zoazen lekura zoazela ohartzen zara denok dauzkagula gure barne borrokak. Askotan gertatu zait pertsona hori besarkatu nahi izatea. Lagun asko ere egin ditut. Mexikon izan berri naiz, Michoacanen. Hildakoen festaren argazkiak atera ditut, eta ederra izan da ikustea nola biltzen diren hilobietan, kandelekin, loreekin... zeremonia hunkigarria da. Tekila edatera gonbidatzen ninduten.
Esan izan duzu ez zaizula gustatzen bestea epaitzea.
Hala da. Pertsona guztiek errespetua behar dute. Duintasunez lan egiten saiatzen naiz. Ez nago hemen inori lezioak emateko. Histrionismoa ez zait gustatzen. Niretzat, argazkiak ateratzea arnasa hartzea da, inspirazio bat, mundua sentitzeko modu bat. Asko gustatzen zait murgiltzea eta horren parte sentitzea. Argazki kameraren bidez arnasten dut batzuetan.
Liburu bat argitaratu berri duzu: Universo Azumendi. Pozik?
Oso. Amets bat bete dut. Askotan galdetu izan didate ea noiz egingo nuen liburu bat. Pandemiaren garaian hasi nintzen, eta bi urtez aritu naiz horretan. Aukeraketa egitea brutala izan da. Ricky Davila argazkilariari mila argazki pasatu nizkion, eta hor ibili zen, kentzen eta kentzen... Trebezia handiz aritu da, eta zentzua eman dio denari. Azkenean, 150 argazki daude bi kilo pisatzen duen liburutzarrean. Nire obrarik pertsonalena dago hor. Fantasia surrealista bat da, amets egin eta hegan egiteko liburu bat.
Nora egingo duzu hurrengo bidaia?
New Orleansera (Ameriketako Estatu Batuak) noa datorren astean, hango inauterietara. Gero, Kazakhstanera noa. Inor gutxi joaten den lekuetara joan behar da.
Lotsabako
Argazkilari bat?
Alex Webb. Konposizio txundigarriak egiten ditu.Herrialde bat?
Thailandia. Oso dibertigarria da.Leku bat?
Algortako [Getxo] Basagoiti etorbidea. Mundua ikusi ostean beti gustatzen zait hemengo lagunekin elkartzea.