Argazki irabazlearen bestaldea

Iker Zubizarreta arrasatearrak irabazi du BERRIAren udako argazki lehiaketa. Hiru lagunekin Dolomitetara egindako bidaian atera zuen, haitzulo batetik: Cadini di Misurinako tontorrak, ekaitza, Esne Bidea eta Ilargia.

Iker Zubizarreta, argazki irabazlea hartuta, atzo eguerdian, Arrasaten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun

Izaten dira argazkiak egun askoko lanketa, azpiegitura eta buruhausteak behar izaten dituztenak, eta, hala ere, nekez irteten direnak. Eta izaten dira argazkiak bat-batean sortu, parean harrapatu, ikusi eta kameraz jasotzen direnak. Iker Zubizarretak (Arrasate, Gipuzkoa, 2002) egun hartan atera zuena bigarren multzo horretan sartzen da: «Ez zen, inolaz ere, aldez aurretik prestatutako zerbait izan».

Ikusi gehiago:Bozkatu irailaren 20ra arte, zure argazki gustukoena

Ingeniaritza ikaslea da Zubizarreta, eta Arrasateko gazte txokoan egiten du lan. Pozarren dago lortutako sariarekin, eta gustura kontatu du handik argazki irabazlearen bestaldea: aurtengo udan Dolomitetara (Italia) egindako bidaia bat, lau lagun, furgoneta bat, eta hango parajeez gozatzeko egokiera.

Zer ikusten da argazkian? «Cadini di Misurina mendilerroa, eta sekulako ekaitza, tximistak, Esne Bidea erdi-erdian, eta Ilargia ere bai albo batean». Elementu asko elkarren segidan, konposizio oso berezia, inondik ere, baina bat-batean sortu eta jasotakoa, inolaz ere ez aldez aurretik prestatu eta bilatutakoa, egileak nabarmendu duenez. «Argazki batzuk ateratzera irten ginen egun horretan, iluntzean, argi polita zegoelako». Horixe plangintza bakarra.

«Fijatu nintzen ongi, eta ohartu nintzen egun hartan zeruan Esne Bidea agertzen zela. Pentsatu nuen: 'Ilundu arte gelditu behar dugu hemen'. Eguraldi iragarpena begiratu genuen: 'Arraioa, sekulako ekaitza dator'».

Lau lagunak igo ziren paraje haietara furgonetan. 40 minutuko ibilbide erraz bat zen, printzipioz, egin beharrekoa. Espero zuten baino geroago iritsi ziren: 20:00etan. Argazkiren bat atera eta berriro furgonetara itzultzea zen asmoa hasieran, baina 40 minutuko ibilaldia bi orduko gozatua bihurtu zen.

Haitzulo txiki bat ikusi zuten bidean, eta zera pentsatu zuen Zubizarretak: 'Ekaitza datorrenean, hortxe gorde gaitezke. Eta ekaitza badator, ekaitzari ere aterako dizkiot argazkiak'».

Lau lagunetik bi gelditu ziren haitzuloan —«ez zegoen gehiagorentzat tokirik han»—, eta furgonetara joan ziren beste biak. «Ilargiak behera egin zain gelditu ginen, Esne Bidea hobeto ikusi ahal izateko. Ekaitza iritsi zen, pasatu zen gure gainetik, eta urrundu zenean irten ginen haitzulotik. Hasi nintzen argazkiak ateratzen tximistei, eta ikusi nuen Esne Bideak ere han jarraitzen zuela agerian, eta Ilargiak ere bai. Eta atzean, gainera, ekaitza. Pentsatu nuen: 'Hauxe da argazkia'».

Hori bera pentsatu dute lehiaketako epaimahaikideek. Eta ez da Zubizarreta argazkilari profesionala. Bere kabuz ari da ikasten: «Duela lau urte, hanka apurtu nuen udan. Orduan hasi nintzen argazkilaritzari gustua hartzen. Gurpil aulkian nengoenez, eta ez nuenez zer eginik. Asko gustatu zitzaidan hura, eta neure kabuz ikasten aritu naiz geroztik: bideoak ikusiz Youtuben, argazkilari erreferenteak jarraituz Instagramen...». Kamerari buruz galdetuta: «Nikon P610 bat».

Lagun baten bidez izan zuen BERRIAren lehiaketaren berri, eta argazkia bidaltzea erabaki. Elkano jatetxean otordu bat irabazi du. Norekin? Lau lagunetako batekin? Haitzuloan gelditu zenarekin? «Neska lagunarekin joango naiz, eta akabo horrela eztabaidak». Hurrengo bidaia? «Islandia, Austria, Suitza... Txori asko buruan. Ea gero zer irteten den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.