Fotogasteizen jabea

Gustavo Bravo: «Argazkigintza eskola galdu du Gasteizek, baina proiektuak aurrera segitzen du»

Hamahiru urteko historiaren ondoren, Fotogasteiz argazkigintza eskolak ateak itxiko ditu otsailean, eskolak online soilik emateko. Erakundeen laguntzarik eza kritikatu du Bravok.

Gustavo Bravo, FotoGasteizko argazkilaria
Gustavo Bravo, Sandra Remon emazte eta lankidearekin batera. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
2024ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Hamahiru urteren ondoren, Fotogasteizek eskolako ateak itxiko ditu otsailean, eskolak online soilik emateko. Gustavo Bravo eta Sandra Remon daude proiektu horren atzean. Bravo irakasleak ematen dizkie ezagutzak ikasleei, aurrez aurre eta online. Bestalde, Remonek eskola eta sare sozialak kudeatzen ditu. 2011z geroztik, jo eta su ari dira argazkigintza klaseak ematen. Pandemiak eta erakundeen laguntzarik ezak kalte egin die eskola presentzialei, eta modu birtualean soilik irakastea erabaki dute.

Ez da agur bat, baina etapa bat amaitu duzue.

Hainbat faktorek eragiten dute; izan ere, dena aldatzen da. Batetik, gero eta kamera gutxiago saltzen dira, eta jendeak gero eta premia txikiagoa du kamerak erabiltzen ikasteko. Konturatu dira ez dutela reflex bat erosi behar beren bidaien argazkiak egiteko, sakelakoekin egiten baitituzte. Benetan nahi dutenek argazkiak egiten ikasten dute. Bestetik, erakundeek ez dute laguntzarik eman. Aldundiak badu bere Arte eta Lanbide Eskola, eta udalari zein beste erakundeei ez zaie argazkigintza interesatzen.

Baztertuak sentitu zarete?

Uste dut orokorra dela. Hirian ikusten da nola komertzio txikia murrizten ari den. Guk ere proiektu handiak egin ditugu; argazkigintzarako, oro har, baina baita hirirako ere. Gasteizentzat, eta, oro har, Euskal Herriari on handia egiten diogula uste arren, badirudi ez dela horrela guztiontzat: pena ematen dit. Argazkilaritza maite duen hiria da Gasteiz, hori erakutsi digu, baina eskaintza kulturala eta negozio txikiak galtzen ari da. Instituzioei eskatu egin behar zaie gurea bezalako proiektuak babestea.

Mila ikasle baino gehiago pasatu dira zuen klaseetatik. Ez dira gutxi...

Argazkigintzako klase partikularrak ematen hasi nintzen taberna batean. Bat-batean, ahoz aho hainbeste zabaldu zenez, egunean zortzi ordu ematen amaitu nuen. Orduan erabaki genuen Sandrak eta biok eskola bat irekitzea. Ikastaroak ematen hasi ginen, kamerak probatzen genituen, egunean hainbat klase, jende asko klase bakoitzean... Zoramena zen. Mila ikasle baino gehiago prestatu ditugu; zale ziren ikasleak berak fotoliburuak erakusten edo argitaratzen hasi dira.

Bada Gasteizen argazkirik atera ez diozuen zirrikiturik?

Vitoriano Gasteizko argazkirik ederrenak biltzen dituen liburua argitaratu genuen. Proiekturik garrantzitsuenetarikoa izan zen guretzat. Autoeditatutako obra bat da, inongo erakunderen laguntzarik gabekoa. Gasteiztarrek Gasteizen egindako ia hirurehun argazki biltzen baititu.

Kazetaritzatik ihes egin, eta zure bidea aurkitu zenuen argazkigintzan aspaldi...

Kazetari lanetan hasi ginen Madrilen, baina kazetaritzaz atsekabetuta amaitu genuen. Bizitza osoan argazkigintzak eta irakaskuntzak obsesionatu naute, nire aitaren argazkiak ikusten nituenetik. Hiria ere izugarri gustatzen zitzaidan; beraz, zergatik ez Gasteizen argazkilari izan?

Jardin Remotoproiektuarekin bakarrik jarraituko duzue zuen ibilbidea?

Argazkigintza eskola galdu du Gasteizek, baina proiektuak aurrera segitzen du.

Online?

Hala da, pandemian hasi genuen proiektuak funtzionatzen duela ikusi dugu. Online eskolei beldurra nien, eta aurreiritziak kendu zitzaizkidan pandemian. Asko gustatu zitzaidan formatua, oso praktikoa da, grabatuta geratzen delako eta gero ikus dezakezulako. Nahi duenean izena eman dezake ikasleak, eta nahi duenean utz dezake. Klase berri bat ematen dut astero, inoiz eman ez dudana, eta errepikatuko ez dudana. Ikasleak beti ikasi ahalko du zerbait berria.

Mundu osoko ikasleak izango dituzue orain.

Gasteizkoak ez ziren ikasleentzat askoz hobeto zegoen, baina hemengoak dira ikasle gehienak. Halere, nahi duenak goza dezake argazkilaritzaz.

LOTSABAKO

Argazkilari bat?
Maria Azkarate arkitekto gasteiztarra.

Argazki bat?
Gallartako meategiaren panoramika bat. Bizkaian 1993an behin betiko itxi zuten arte jardunean egon zen azken meatzea da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.