Zinema. Gomendioak

Aretoak ireki arren, zinemak etxeetan sartuta segituko du

Besteak beste, itxialdiak ohitura aldaketa eragin du, eta aspalditik zetorren eredu aldaketa biziagotu. Euskarazko hainbat film ikus daitezke, hala nola 'Nömadak TX' eta 'Xora'

Oreka TX taldekoak munduan zehar ibili ziren txalapartarekin, Nömadak TX filmean ikus daitekeen bezala. KRAUSE JOHANSEN.
Gontzal Agote.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko herri txiki batzuetan hasi dira zinema aretoak irekitzen, baina salbuespen dira oraindik. Hilaren amaierarako aurreikusita dago normaltasunera itzultzea, normaltasun berrian sartzea, alegia. Orduan antzematen hasiko da zer panorama utziko duen itxialdiak, nolakoa den uholdearen osteko paisaia.

Aspaldikoak ziren zinema aretoen krisi hotsak, eta hondamena larriagotuko da hurrengo hilabeteetan. Ekonomikoa, bai; baita zinema ikusteko eredu eta molde jakin bati lotutakoa ere.

Online bitarteko erosketekin eta espekulatzaileekin batera, streaming plataformak izan dira pandemiaren onuradunak. Aurrez zetozen aldaketak biziagotu baino ez ditu egin birusak. Ez du parentesi itxurarik; gelditzeko etorri dira zinema zabaltzeko eta ikusteko moldeak.

'Nömadak TX'
Non ikusi: EITB.eus (Zinema euskaraz).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Another Day of Life animazio film saritua egin aurretik, Raul de la Fuentek dokumental eder hau egin zuen, 2006. urtean. Harekin batera, Oreka TX taldeko kideak daude, bertakoa eta unibertsala uztartzen dituen istorio honetan.

Protagonistentzat, txalaparta ez da musika tresna hutsa; kulturen arteko topagunea da, harresiak eraisteko tresna. Horregatik, txalapartarekin munduan barna abiatuko dira, eta leku horietako bakoitzean soinu eta ahots berriak aurkituko dituzte. Laponia, Sahara, India eta Mongolia dira bidaia horren geltokietako batzuk.

'Xora'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataforman, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Film hau 2012an estreinatu zen, eta, nahiko oharkabean pasatu zenez, oraingoa aukera ona izaten ahal da bigarren aukera emateko. Peio Cachenaut izan zen drama intimista horren zuzendari eta gidoilaria; rol protagonistetan, berriz, Jef Goihenexpe eta Dominika Rekalt aritu ziren.

Herri txiki batean bizi den bikote gazte bat, eta Ameriketatik itzuli den osaba bitxia, mendian bakartuta bizi dena. Iloba literaturan murgilduta bizi da, eta, halako batean, inguruan presentzia misteriotsu bat sumatzen hasiko da. Haren neska-lagunak ere izan du kanpotar misteriotsu horren berririk.

'J'ai perdu mon corps'
Non ikusi: Netflix.
Hizkuntza: Ez da euskaraz.

Katalogo zabalean galduta eta algoritmoen erabaki ulergaitzen menpe, Frantziako animazio film harrigarri honekin egiten ahal da topo. Animazioa da, baina ez haurrei begira egindakoa, helduentzat da; haiek hartuko baitute gozamenik handiena zinema fantastiko eta sozialaren artean kulunkatzen den film honekin.

Turisten fokuetatik kanpoko Parisen bizi den pizza banatzaile bat eta liburutegi batean lan egiten duen beste gazte bat. Bien arteko harreman berezia, eta laborategi batetik ihes eginen duen esku bat, bere gorputzaren bila abiatuko dena.

'Aita'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataforman, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

2010ekoa da zinema esperimentalaren eta dokumentalaren artean mugitzen den film ezohiko hau. Urte bereko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, eta bertan zeresan ugari eragin zuen Jose Maria de Orberen filmak. Bi protagonista besterik ez ditu, eta haien egunerokoari segituko du kamerak. Baina benetako protagonista etxea da, zuzendariaren beraren haurtzaroko etxea. Etxe hutsari bisitak oroitzapenen bidea irekiko du, garai bateko soinuak eta esperientziak berpiztuz.

'Lou, dantzan jo eta ke'
Non ikusi: Argia.eus (Multimedia kanala).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Beharbada belaunaldi berriei deus gutxi esanen die Lou Olanguaren izenak; horregatik dira horren beharrezkoak gisa honetako dokumentalak, besteak beste. OK Corral, Humedecidos edota Las Lagartas taldeetako musikari eta abeslaria izanzen. Oholtza gainean indar eta jarrera apurtzaileak erakusten zituen. Baina filma ez da kontu biografikoetara mugatzen: horrez gain, 80ko hamarkadako euskal rockean emakumeek jokatu zuten rola erakusten du. Era berean, mugimendu horretan estetikak, jarrerak eta euskarak izan zuten garrantzia ere erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.