Bilboko Aste Nagusia

Areatza, sukaldariz gainezka

Valentin Galinek eta Txomin Barullo konpartsak irabazi dute Bilbon inoiz egin den marmitako lehiaketarik jendetsuenaAste Nagusiko gastronomia probek gero eta arrakasta handiagoa dute

Hegaluze usainak eta giro onak hartu zuen Areatza atzo goizean, Marmitako Txapelketaren harira. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Goizean goizetik, Areatzako toki guztietan marmitako usaina antzeman zitekeen atzo. Bilboko Aste Nagusian, egunero izaten da gastronomia lehiaketaren bat, eta marmitakoaren txanda izan zen atzo. Antolatzaileek jakinarazi dute urtetik urtera gora egiten duela ekitaldi horietan parte hartzen duten sukaldari kopuruak. Hala, 151 lapiko aurkeztu ziren Euskal Herriko Marmitako Txapelketa horretan.

Urtero legez, sailkapen orokorrean puntu gehien lortzen dituen taldeak edo pertsonak Kantauri itsasoko marmitako bandera eskuratzen du, eta aurten Valentin Galin gorliztarrak eskuratu du, 168 euroko sariarekin eta txapelarekin batera.

Sukaldari gehienak goizeko zortziak aldera hurbildu ziren Areatzara. Izena emateko epea 09:00etan zabaldu zuten, baina jendeak gauza guztiak ahaliketa azkarrena prestatu nahi zituen, euria egiteko arriskua baitzegoen. Sergio eta Amurrio taldea izan zen horietako bat: «Dena ekarri behar duzu ona, eta gainera, euria egiteko arriskua dela eta, toldoa jarri behar izan dugu».

Orduak aurrera egitearekin batera, gero eta jende gehiago ikus zitekeen inguru horietan joan-etorrian. Lagun talde eta konpartsa ugari aritu ziren atzo. Konpartsen kategorian Txomin Barullok irabazi zuen atzo. Eskarmentu handikoak dira lehia gastronomikoan; izan ere, «trikimailu ugari» erabiltzen dituzte euren platerak ezin hobeak izateko: «Patatak botatzean, errege sagar osoak ere botatzen ditugu.Gero, platera aurkeztu baino lehen, lapikotik kentzen dugu, marmitakoari gozotasun pitin bat emateko».

Algortako Bidebitarte txokoko kideek bestelako sekretuak erabiltzen dituzte. Hala, marmitako on bat egiteko, euren herriko hondartzetatik «itsas kabrak eta ura» ekartzea besterik ez dela behar azaldu dute. Txantxak alde batera utzita, sukaldari horiek ere esperientzia handia dute. Hainbat gastronomia probatan parte hartu dute, eta emaitza ezin hobeak lortu dituzte.

Lehiaketa irabazteko gogotsu aritu ziren talde ugari egon ziren atzo. Hala ere, lehiatzera ez ezik ondo pasatzera zihoazenak ere ikus zitezkeen. Emi taldea izan zen horietako bat. Horien ustetan, marmitako on bat prestatzeko ezinbestekoa da «denon artean giro ona izatea». Sukaldari guztien artean ez zen falta izan ardo botilarik marmitako on bat ezin hobeki dastatzeko.

Bilboko Aste Nagusiko Gastronomia Lehiaketa 35 aldiz egin dute jadanik. Aurtengoari gaurko eguna baino ez zaio falta. Gaur, buztan gisatuaren txanda da. Parte hartu nahi dutenek Areatzara joan besterik ez dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.