Antropologoa da Mariana X. Rivera (Mexiko Hiria, 1983), eta musikaria Josue Vergara (Mexiko Hiria, 1976). 2017an, Urdimbre ekoiztetxea sortu zuten. Bilbo Zaharreko kultur etxean izango dira gaur, Flores de la llanura eta Mujer se va la vida , compañera filmekin; bihar, Gasteizko Errekaleorreko auzo zinema aretoan; eta astelehenean, Iruñean.
Flores de la llanura / Trailer-Esp from Urdimbre Audiovisual on Vimeo.
Flores de la llanura film laburrean, hilketa matxista baten osteko doluaren ikuspegi poetiko bat eman duzue. Nola saiatu zarete istorioa kontatzen?
MARIANA X. RIVERA: Feminizidioen berri ematean, narratiba asko horikeriaz betetzen dira, eta berriro biktima bihurtzen dute emakumea edo epaitu egiten dute. Gure filmaren kasuan, kontrakoa bilatzen da: alde bateratzailea, eta emakumearen duintasuna eta erresistentzia.
Guerreroko mendietako emakume ehuleen hariak harilkatzen du istorioa. Metafora bat al da?
RIVERA: Emakume hauen ofizioa ehulearena da, eta haien herriari nortasuna ematen dio. Baina lanbidea konplexua da, 10-15 urte pasatu ditzakete ondo ikasi arte. Metafora dago harilkatze horretan, baina literalki ere benetakoa da: ageri da andre horiek nola laguntzen dioten elkarri. Emakumeen arteko konexioa dago hor.
Ñomndaa hizkuntzan dago filma. Zer garrantzi du horrek?
JOSUE VERGARA: Garrantzitsua da, Guerrero estatuko mendietako hizkuntza delako. Hizkuntza uraren hitza da, eta funtsezkoa zen ehuleek bere hizkuntzan istorioa kontatzea. Une batean off-eko ahotsa gaztelaniaz jartzea pentsatu genuen, baina, azkenean, ñomndaa hizkuntzan egitea erabaki genuen.
Zer egoeratan dago hizkuntza?
RIVERA: Ez dago galtzeko arriskuan. Ikastetxeak elebidunak dira, eta herritarrak saiatzen dira une oro ñomndaan hitz egiten. Hizkuntzaren akademia sortzeko lanean ari dira, eta idazketa ere lantzen ari dira.
Nolako harremana izan duzue filmeko andre ehuleekin?
VERGARA: Marianak hamar urte zeramatzan haiekin harremanetan, eta nik, zortzi. Familia girokoak izan ziren grabaketak, harreman estua dugulako haiekin. Lantalde txikia ginen; dokumentalean intimitatea lortu genuen, haientzako ez ginelako arrotzak. Yecenia protagonistak, berriz, gauetan ñomndaa hizkuntzako hitz guztiak itzultzen zizkigun, eta edizioaren amaieran ere lagundu zigun estudioan.
Film labur dokumental onenaren Ariel saria jaso duzue. Banaketa errazago izango du lanak?
VERGARA: Bai, hala uste dut, Mexikoko zinemako sari garrantzitsuena baita. Saria pizgarria da gauzak egiten jarraitzeko.
Rivera, zu antropologoa zara. Zer garrantzi dute ikus-entzunezko lanek Mexikoko herrietan eta komunitateetan?
RIVERA: Argazkilaritza eta zinema beti egon dira lotuta diziplina antropologikoarekin. Distantzia bat egon da antropologia akademiatik, idatzitakoa lehenesten zuelako. Duela hogei urtetik hona bira eman du, eta zinema garrantzia hartzen ari da. Narratibak denboran aldatuz joan dira: azkeneko urteetan, komunitate indigenetako biztanleak filmen ekoizpen prozesuan parte hartzen hasi dira. Begirada intimo bat dago orain, eta jendeak prozesuan parte hartzen du. Elkarrizketa sakon eta gertukoa da. Lan eta ardura etikoa izan behar dugu antropologo eta zinemagileok. Flores de la llanura filmaren kasuan, adibidez, urteetan eraikitako gertutasuna transmititzen da.
Erakusketa bat ere jarri duzue Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Zer dago bertan?
RIVERA: Mexiko Hirian urtarrilean inauguratu genuen erakusketa baten parte bat da, eta Kolonbiako eta Mexikoko desagertu, desplazamendu eta hilketa matxisten istorioak kontatzen dituzten ehun-lanak daude. Dolurako eta salaketarako erabili izan dira ehun-lan horiek.
Hariak izena du zabaldu duzuen jaialdiak. Nola sentitu zarete?
VERGARA: Ohore handia da guretzat. Antolatzaile bati galdetu nion jaialdiaren izenaz, eta esan zidan filmen istorioen hariagatik dela. Lagun euskaldun eta katalanak dauzkagu aspalditik, eta onena opa diogu jaialdiari.