Asteazkenean hasi zen jaialdia, orduan hasi zen ibilbidea ere, eta ekintza gehientsuenak. «Ardoa eta Gasteizko eraikin garrantzitsuak bateratzea da asmoa», azaldu du Mikel Martinez de San Vicente Ardoarabako komunikazio arduradunak. Artium museoa, Montehermoso kulturgunea eta Goiuri jauregia bisitatu dituzte aste barruan. Eta Bibat museoarekin amaituko dute gaur. Ordubeteko ekintza izango da; lehen ordu erdian museoa bisitatu, eta beste erdian ardo dastatzea egingo dute.
Hiru karpa izango dira Ardoarabako gune nagusiak: Probintzia, Aihotz eta Foru plazetan jarriko direnak. Goizez, 12:30etik 15:00etara izango dira zabalik, eta, arratsaldez, 19:00etatik 22:30era. Bistan denez, Arabako Errioxako ardoa izango da karpetako protagonista, baina Arabako txakolina eta denetariko pintxoak ere eskainiko dituzte.
Karpan gaur, tabernan bihar
Azken urteetan egin bezala, eskudiruz ordaintzeko aukeraz gain, txeketegi bat erabili ahalko da; 13 euro 28 txartelengatik trukatuko dira, karpetako ardotan eta ordainpeko ekintzetan gastatzeko. Txeketegia erabilita prezioak ezberdinak izango direla azaldu du Martinez de San Vicentek. Bihar jada ez dira zabalik izango karpak; hiriko 82 taberna eta jatetxetara joateko aukera izango da biharkoa. Ardoaraba menuak izango dira horietan; 15, 29 eta 49 eurokoak.
Urteekin haziz joan da Ardoaraba, eta espazioak gehituz joan zaizkio urtez urte. Horien artean, Gastronomia Txokoa nabarmendu du Martinez de San Vicentek. Euskal Herriko «kalitatezko produktuak» erakutsiko dituen azoka bat izango da, eta Foru plazako pilotalekuaren ondoan jarriko dute. Bertako jaki «onenak» ezagutarazi, eta, bidenabar, egitasmoaren funtzio didaktikoa indartuko duela dio Martinez de San Vicentek.
Haurrentzat ere txoko propioa gertatu dute, Andre Maria Zuriaren plazan. Ludoteka jarriko dute han.
Ardoarabaren jatorrizko helburua «ardo kultura Gasteizera ekartzea» izan dela azaldu du Martinez de San Vicentek. Urteekin, baina, beste «helburu txikiago batzuk» ere hartzen hasi dela dio; batik bat, turismoari lotutakoak. Baina ez hori bakarrik. Urterik urte Arabako Errioxako ekoizleen arteko sarea indartzea lortu dutela aipatu du, eta hori ospatzeko moduan direla gaur.