Ardoaren munduan «iraultza bat» gertatzen ari zela ikusita erabaki zuten Euskal Herrian antzeko mugimendu bat egituratzea, Arturo Villanueva Biba Ardoak-eko komertzial eta koordinatzailearen arabera: «Iraultza horretan, ikusten genuen mahastizain ekologikoak eta naturalak ari zirela hartzen bere lekua, eta geroz eta ostalari gehiago sartzen ari zirela ardo ekologiko eta naturalen dinamikaren alde, publiko orokorrean». Orduan sortu zen Biba Ardoak, Euskal Herrian sortutako ardo ekologiko eta naturalak banatzeko eta komertzializatzeko xedez.
Baina zer behar du ardo batek ekologikoa izateko? Zer dute bereizgarri Biba Ardoak-eko ardoek? «Gure mahasti eta upategietan ez da heriotzarekin zerikusirik duen deus sartzen. Ez pestizidarik, ez sintesizko kimikorik... Gurea bizitzaren aldeko apustua da: bizitza darie gure ardoei». Agroekologia dute ardatz, eta, ondorioz, «lurrarekin eta nekazarien bizitzekin konpromisoa» dute, Villanuevaren esanetan.
Horrez gain, proiektu nazionala da Biba Ardoak: «Euskal Herriaren mapa ardotzen dugu, Euskal Herri osoko hamaika mahastizain upategiren artean». Hamasei upategi txikik osatzen dute gaur egun Biba Ardoak, Bizkaitik Zuberoara eta Gipuzkoatik Nafarroara, eta, guztira, ehun bat ardo ekoizten dituzte. Hortaz, Euskal Herrian joera berri bat sortu nahi dute ardoari lotuta, «Euskal Herrian ardo kultura berria, bizia, osasuntsua eta herrikoia sustatzeko».
Beste hainbat balio uztartuta sortu zuten Biba Ardoak, ordea. Besteak beste, kooperatiba moduan sortu zuten, «ekonomia sozial eta eraldatzailearen balioetan» sinesten dutelako, eta, proiektua «elikadura burujabetzaren barruan» kokatzen dutenez, sinesten dutelako Euskal Herriari ekarpen bat egiten diotela.
Azoka, bigarrenez
Kooperatibak hiru urteko ibilbidea egindakoan antolatu zuten lehen Biba azoka, iaz. Tabakaleran egin zuten, baina, «txiki» geratu zitzaienez, aurten Miramarren egitea erabaki dute. «Euskal Herri osoko hamasei etxaldetatik etorritako mahastizain-ardogileak Miramarren izanen dira. Jendeak izanen du aukera Miramarretik atera gabe Euskal Herriari itzulitxo bat egiteko, eta Euskal Herri osoan daukagun aberastasun ikaragarri horren berri izateko», esan du Villanuevak. Mahastizainez gain, musika ere izango da azokan.
Finean, aldarrikatzeko eta gozatzeko egunak izango dira biharkoa eta etzikoa, koordinatzailearen hitzetan. Zuzenean mahastizain ardogileekin egoteko, ikasteko eta jendea ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek: «Gurea, azken batean, mugimendu berri baten hastapena da. Ardoa ulertzen dugu komunitatea osatzeko, trinkotzeko, zabaltzeko eta zaintzeko tresna gisa». Hurrengo urteetan, mahastizain eta ardogile gehiago sortzea nahi baitute, eta gazteak ere animatzea.