Bi egunetan ordutegi bera izango du: 11:00etatik 19:00etara egingo da azoka. Joateko sarrera hamar euroren truke erosi ahal izango da; ehun ardo inguru dastatzeko aukera izango da, eta baita erostekoa ere.
Gainera, musikak ere girotuko du igandeko egitaraua, bertan izango baita DIA Radio DJ set, 17:00etatik 23:00etara. Bitarte horretan, afari bat antolatu dute, eta hura dastatzeko aukera ere izango da, Fede Pacha, Lucho Carrion eta Nicolas Breton sukaldarien eskutik.
Duela hiru urte batu ziren Euskal Herriko mahastizain ardogile ekologiko batzuk, elkarrekin merkaturatzeko haiek ekoiztutako ardoak. «Mahatsari eta ardoari zor zaien begirunearekin». Hala, artisau tradizioa eta egungo ezagutzak uztartuz, ardo propioak sortzen dituzte geroztik.
Bertako alternibak
Sustatzaileen arabera, alternatiba bat eskaini nahi du Biba Ardoak kooperatibak. Hain zuzen,profesional eta herritar kontzientziadunei «garaikoa, kalitatekoa, bertakoa, ekologikoa eta sozialagoa» diren produktuak eskaini nahi dituztela azaldu du Arturo Villanuevak, kooperatibako kideak. Izan ere, uste dute mahastizain ardogile horien bizitzeko eta lan egiteko modua dela Euskal Herriko mahastiak, ardoak eta inguru naturala babesteko bidea. «Euskal Herriko ardo kultura eraldatzen ari gara era honetan».
Hastapenetik gaur arte egindako ibilbidea ospatu nahi dute, eta, bide batez, «bertakoa den ardoaren kultura zaindu». Horren emaitza da bihar eta etzi antolatuko duten azoka: «Hiru urte hauetan ostalari, dendari, elkarte eta herritarrekin egindako bidea ospatu nahi dugu». Gehitu du ardo horien guztien atzean ekoizle asko daudela: «Produktu horien guztien atzean, gure lurraldean badira emakume eta gizonak, beren izen eta abizen, ardo kultura berri hori sustatzen dutenak».
«Enpaste sozial bat». Hala definitu du Villanuevak ardoa. Eurek banatzen dituzten ardoei «bizitza eta plazera» dariela adierazi du, eta baita azoka horrekin ardo horien «zapore eta aroma bereziak» sustatu nahi dituztela ere. «Euskal Herriko jendearekin partekatu eta gozatu nahi ditugu, eta, modu horretan, ardoaren kultura bizia sortu nahi dugu».
Ardo ekologikoen azoka
Bihar eta etzi, 11:00etatik 19:00etara, Donostiako Tabakaleran.