ATZEKOZ AURRERA. Iban Aiesta. Antropologoa

«Ardoak badu ate berezi bat bihotzera»

Arabako Errioxako ardoak tokiko biztanleen bizitzen alderdi askotan zer eragin duen ikertuko du Iban Aiestak, bere bi ikaslerekin batera. Upategi handien nahiz txikien esperientziak jaso nahi dituzte.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Antropologoa izan eta zientzia horretako ikerketa ia guztietan ondorio nagusi batzuk aurkitzera jo ohi bada ere, ez du horren beharrik ikusi Iban Aiestak (Donostia, 1974), Arabako Errioxako ardoaren inguruko ikerketan; Josu Ozaita eta Edurne Urrestarazu ikasleekin batera egingo du lana. Edariaren alderdi enografikoak nahiz etnografikoak ikertu nahi dituzte, Ardoaren sare-e(t)nologia Arabar Errioxan: Materialtasuna, Agentzia eta Ondarea lanean. Jose Migel Barandiaran bekari esker, urtebetean burutu beharko dute ikerlana.

Materialtasuna, agentzia eta ondarea: zer dago hitz handi horien atzean?

Hainbat faktore sartzen dira enologian: lurra, mahastiak, eguraldiaren eragina eta ardogintzak berekin dakarren prozesu teknikoa eta lana. Bestalde, etnologia ere ikertuko dugu, gure asmoa ere badelako ardogintzaren inguruan familien eta ardogileen harreman sozialak nolakoak diren ikustea. Ardoaren inguruko historia soziala eta kulturala aditzera eman nahi dugu. Ardoa edatean, gure gorputz bilakatzen denean, gauza asko gorpuzten ditugu, ez bakarrik sustantzia likidoa bera.

Taldekideak ardozaleak al zarete?

Ni, neu, lehen ez nintzen, baina, urteen poderioz, ardozale bilakatu naiz. Edurnek ardo zuria maite du. Josu, berriz, tabernan urte askoz jardundakoa da, eta sommelier ikastaroa ere egina du. Hark du harreman handiena ardoarekin, eta hark izan du ikerketa egiteko ideia ere.

Bekarik gabe ere, ikerketa aurrera eramateko asmorik bazenuten?

Ikerketaren diseinu bat egin genuen beka eskatzeko, eta Irungo [Gipuzkoa] diru laguntza batera aurkeztu genuen, eta, ondoren, Jose Migel Barandiaran bekara. Aurretik bagenuen, hala ere, ikerketa egiteko asmoa. Aurreproiektua egina genuen.

Zein dira urtebeteko epean erantzun nahi dituzuen galderak?

Bi alderdi ezagutu nahi ditugu, batez ere: ardogintzaren inguruan gizakiaren indarrek zer-nolako eragina duten, eta gizatiarrak ez diren indarrek zer-nolakoa. Alde horretatik, sare etnografiko bat osatu nahi dugu, kontuan hartuz gizakiak jartzen dituen baliabideak eta asmoak ardogintza gauzatzeko, bai eta gizakiaren esku ez daudenak ere, izan natura, klima, lurra eta beste hainbat. Horretaz guztiaz gainera, Arabako Errioxako zenbait upategik egitasmo bat sortu dute, jatorri izena lortzeko asmoz. Fenomeno hori mugarria izan daitekeenez, interesgarria da abagune horretan etnografook ere presente egotea. Konplexutasun handia duen gaia da, eta ulertu nahi dugu.

Zein ikuspegitatik egingo duzuehori?

Ikusten dugu badagoela produkzio txikien eta handien arteko norgehiagoka bat, eta ardatz nagusietako bat hori da jatorri izena sortzean. Hala ere, sortu nahi dutenen artean ere arrazoiak oso desberdinak dira. Eurei entzutea da gure asmoa, eta ez jarrera jakin batetik egitea, nortasunean eta halako kontzeptuetan oinarrituz. Dena den, Arabako Errioxa mosaiko bat den bezala, gure etnografiak ere mosaiko itxura hartuko du, hiru garenez; bakoitzaren begiradak presente egongo dira. Ez dugu egin nahi ikuspuntu bakar bateko etnografia.

Zein metodologia erabiliko duzue ikerketan zehar?

Behaketa parte-hartzailea, idazketa eta argazkigintza erabiliko ditugu gehenbat baliabide gisa. Berezitasun moduan, baliabide zientifikoak bezainbeste erabiliko ditugu baliabide artistikoak. Zientzia eta artea uztartuko ditugu, nolabait. Idazketan, adibidez, mikrokontakizunakak egingo ditugu.

Oraindik ikertu gabeko alderdi asko al ditu Arabako Errioxako ardoak?

Etnografia oso gutxi landu da han, eta hori izan da beka ematearen arrazoietako bat. Bestalde, ardoa da edari bat pertsonongan garrantzi handia duena, eta kultura anitzetan esanahi handia eta askotarikoak izan dituena. Ardoak gizarte garaikidean duen prestigiotik harago, ardoaren xarma ere ezagutu nahi dugu; ez bakarrik arlo ekonomiko, sozial, identitario eta politikoan, baita arlo afektibo eta pertsonalean ere. Ardoak badu ate berezi bat bihotzera, eta han dauden argi, itzal, paradisu eta infernuetara.

Zehaztuak dituzue zein ardotegi aztertuko dituzuen?

Oraingoz, bitan egon gara, baina ez dakigu zeinekin jarriko garen harremanetan. ABRArekin, Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearekin, hitz egin nahi dugu, eta, haien bitartez, lurraldeko upategi desberdinak ezagutu. Izaera oso desberdineko upategien ikuspuntua jaso nahi dugu. Horrez gain, ikerketaren zati bat Bordelen [Okzitania] egingo dugu; hiru kideok karabana batean joango gara hara, eta han ardoa nola bizitzen, gozatzen eta partekatzen duten aztertuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.