Ardoak badu andreen eskua ere

Urteetan andreak ere aritu izan dira ardogintzan; halere, oro har, ezezaguna izan da egin duten lana. Egon dira jabeak, eta egon dira zoruan aritzen ziren langileak ere. Garapenarekin, ordea, garatu egin ziren jardunak, eta, ondorioz, baita lan gehiago agertu ere. Gai hori jaso dute erakusketa batean.

Jabeak. XIX. mendearen aurretik jada baziren upategien jabeak ziren emakume batzuk. MINTXO CEMILLAN.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Beste hainbat arlotan bezalaxe, ardoaren kulturan ere ikusezina izan da urteetan zehar emakumeen errealitatea, beraien jarduna, beraiek egindakoa asko izan bada ere.

Bada, hortaz jabetuta, eta mendez mende andreek sektore horretan izan duten bilakaera lantzeko, Emakumeak ardogintzan erakusketa ikusgai dago Eltziegon (Araba), otsailaren amaierara arte; ostean, Gasteizera eramango dute. Juan Celaya fundazioa da bultzatzaileetako bat, eta asmo du errealitate hori ikusgai egitea, aurrez sagardoarekin egin eran. Antzinatik hasi, eta gaur egunera arteko ibilbide bat osatu dute; bat egin dute lehenak eta orainak, eta, era horretan, erakutsiko dute ardoak ere izan duela, eta baduela, andreen eskua.

Jesus Fernandez eltziegarra arduratu da lehen oinarri bat egiteaz. Gorka Basterretxea erakusketako koordinatzaileak egin zion proposamena, eta Mintxo Cemillan ilustratzailearekin eta Jone Agirreazkuenaga irakaslearekin batera ondu du lana. Are, blog bat ere badu herriko gai historikoez jarduteko, eta, tartean, baita ardogintzaz ere.

Lan honetarako ere Eltziego hartu du lagintzat; ez zen «ausartzen» Arabako Errioxako testuinguru osoa lantzera. Gainera, uste du «hiri historiko bat» dela, ardoaren munduan «adierazgarrienetariko» bat, eta, beraz, planteamendu horretatik ekin zion ikerketari. «Hasieran kezkak izan nituen, ez nekien zein norabide hartu, baina, azkenean, zehaztu nuen nola aldatu den mendeetan zehar antzinako ardogintza, eta aldi bakoitzean zer rol, zer protagonismo izan duten emakumeek».

XIX. mendearen erdialdera artekoa da lehen aldietako bat. Fernandezek azaldu duenez, ordura arte, eskuz egitekoak ziren lan guztiak, eta indar fisikoa gailentzen zen batik bat: «maskulinizatuta» zegoen eremua, eta andreek ez zituzten gizonezkoen lan berberak egiten. Haren arabera, besteak beste, mahats bilketaz arduratzen ziren, baina nabarmendu du ardoaren kultura ez dela soilik ardoa bera egitea, baizik eta beste jardun batzuk ere badaudela. «Jabea izatea, esate baterako, beste lan bat zen, eta hor baziren emakumeak ere».

Ezagunak, soilik, batzuk

Hain zuzen, hainbat dokumentu historiko ikertu ditu Fernandezek gaia lantzeko, eta, jakinarazi duenez, garai horretan bazeuden ondasunak zituzten emakumeak; upategi batzuen jabeak zirenak, alegia. «Izen propio batzuk ageri dira, baina gainontzeko guztien izenak isilean gelditu dira, egin zuten lana sekulakoa izan arren». Haren arabera, dokumentuetan ageri diren emakumeen izenak soilik jabeenak dira; hala nola aberatsak edo ezkongabeak ziren. Aldiz, zoruan, lurrean, aritzen zirenen izenak ezkutuan daude, ez dira inon agertzen. «Segur aski, jabeek baino lan gehiago egingo zuten, ugazabek ez zutelako ziurrenik eskulanik egingo».

Dena den, andre horiek ere egin zituzten urratsak, eta ez ziren nolanahikoak izan. Horren adibide da, esate baterako, Marcelina Hurtado de Amezaga. 1804an jaio zen Gasteizen, eta Eltziegora joan zen 1820ko hamarkadaren hasieran bi ahizpekin batera, anaia, ordea, atzerrira joan zen. Landa batzuk eskuratu, eta azienda bat egin ei zuten. Bada, Fernandezek jakinarazi du horrek emandako fruituak «aski ezagunak» direla inguru horietan. «Marcelina hil ostean, haren anaia Guillermoren eskuetan gelditu ziren lurrak, eta bodega baten proiektua abiatu zuen; hain justu, egun ospea duen Marques de Riscal upategiarena». Beraz, oinarrian, uste guztien kontra, emakumeek eginiko lana dago.

Indibidualki emandako pausoez gain, ordea, badira taldean emandakoak ere, andreen eskubideen alde «mugarri bat» izandakoak, Fernandezen hitzetan.

Mendeetan atzera eginda, bada 1736ko gertakari bat. «Baseliza bat eraikitzen hasi ziren herrian, eta kontzeju orokor bat egin zen aurrez; gizonezkoak elkartu ziren, eta hipotekatu zituzten mahastiak eta beste, baseliza eraikitzeko». Hala ere, ezusteko bat egon ei zen hurrengo egunean. «Hamasei emakume joan ziren alkatearengana, protestaka, salatuz ea haiek zergatik ez zuten parte hartu prozesuan, haiek ere bazituztelako mahastiak; horren parte izan nahi zuten».

Bada, urrats horiei eta beste batzuei esker, emakumeak gero eta jardun gehiagotan hasi ziren murgiltzen, baina garapenak ere izan zuen garrantzia. XIX. mendearen erdialdetik aurrera, bodega eredu berriak hasi ziren sortzen, batez ere Jean Pineau Forteu ardogile frantsesaren eskutik. Iritsi zen modernizazioa ere, eta, ondorioz, makinak areagotu egin ziren, lan fisiko gutxiago eskatzen zuten lanak agertzearekin batera, Fernandezek azaldu duenez. «Bazegoen zer egina: ardoa botiletan sartu behar zen, ontziak garbitu behar ziren, etiketak ere bazeuden... Era horretan, emakumeak gero eta presentzia handiagoa hasi ziren izaten, gaur egunera arte».

Egungoak, bistara

Erakusketan, lehengo andreez gain, gogoan izan dituzte oraingoak ere; Ines Baigorri ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko zuzendaria, adibidez. Gasteiztarra da sortzez, baina azaldu du mendetan bizi izan direla bere arbasoak Arabako Errioxan, eta batik bat ardogintzan aritu direla lanean. «Sektore askotan ibili naiz lanean, baina familiako baten eskutik, Jesus Baigorriri esker, egin dut itzulera jatorrira, mahastietara eta ardotara». 2002an hasi zen lanean Baigorri upategian, eta 2007ra arte aritu zen. Tartean, izan zuen aukera formazioa jasotzeko, eta bere kasa aritu ostean han eta hemen lanean, 2009an iritsi zen ABRAra.

Baigorrik azaldu duenez, bitarte horretan emakumeekin eta gizonekin egin du lan, baina uste du oraindik «zaila» dela erabaki postuetan andreekin topo egitea; mahastizaintza eta ardogintza ez ei dira salbuespenak. «Badago emakumeak gehiago ahalduntzeko beharra, zuzendaritza postuak har ditzaten; erantzukizuna hartu behar du alde batek, etabeldurrak uxatu behar ditu besteak». Dena den, uste du bilakaera egon badagoela, eta «astiro» bada ere andreen presentzia gero eta handiagoa dela lan guztietan. Aldiz, jakinarazi du familia berekoek parte hartu behar izaten duten upategietan bestelakoa dela egoera: «Badaude horrelako upategiak, eta horietan indarra hartzen du andrearen rolak; gainontzeko kideekin jardun behar du, nork bere gaitasunetatik».

Horren adibideetako bat izan daiteke Esti Besa. Villabuenakoa (Araba) da, nekazaritza ingeniaritza ikasi zuen, eta 1991n itzuli zen herrira, familiakoa zen Candido Besa upategiaren proiektua berrartzera animatu zen arte bikotekidearekin batera, aita bakarrik zegoelako. «Arabako Errioxan upategi gehienak izan dira txikiak, eta, beraz, familiarrak; lan ere senitarteko guztiek egiten zuten». Bere kasuan, azaldu du batik bat aita eta aitona aritzen zirela mahastizaintzan, eta andreek «noizbehinka» hori egiteaz gain, zaintzaren ardura zutela. «Etxeko zaintza, animalien zaintza, seme-alabena zaintza, ortuarena... Hori ez balego, ez litzateke existituko nekazaritza bera ere».

30 urte daramatzate dagoeneko proiektuarekin. Hasieran, aita izan zuten irakasle, eta, gerora, lana banatu izan dute: alaba beragehiago aritzen da upategian eta ardoaren banaketan, mahastietan baino. Bitarte horretan, azaldu du ez duela aukera handirik izan emakumeekin lan egiteko, baina badituela harremanak zenbaitekin, eta bilakaera egon dela. «30 urte hauetan andre asko ari dira sartzen; tira, ez dakit asko den, ez dakit neurtzen, baina ari dira lanean jardun honetan, nahiz eta agian ez horrenbeste mahastietan». Adibide bat ere eman du; haren hitzetan, ABRAko batzarretan gizonak beste emakume egoten dira.

Gainera, uste du hori guztia andreen urratsei esker lortu dela: «Irabazi dugun dena guk egindakoari esker izan da». Horrez gain, garrantzitsutzat jotzen du saretzea ere, batik bat emakumea eta ekologismoa uztartzea, baina aitortu du «toperaino» ibiltzen direla. «Denbora atera behar da, baina inportantea da. Ikasteaz gain, lotura bat ere sortzen da».

Baigorrik, berriz, egun sektorean dauden arazoak aipatu ditu, besteak beste, emakumeen egoerari dagokionez identifikatu dituenak: «Lan kontziliazioa ez da existitzen, eta andreak gutxiago jasotzen du lan berberarengatik; areago, etengabe frogatu behar dugu lan bakoitzerako balio dezakegula». Beraz, uste du «aukera eta eskubide berdintasunaren» alde borrokatu behar dela, eta «etengabea» izan behar dela: «Ez da etsi behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.