Biba Ardoak Banaketa Kooperatibako kidea

Arturo Villanueva Arteaga: «Ardoa ez da edari bat bakarrik, elementu kultural bat baizik»

Gaur eginen dute Biba Azoka egitasmoaren laugarren aldia, Donostian. Euskal Herrian modu ekologikoan ekoitzitako ardoak jarriko dituzte salgai, eta bestarako deia egin dute antolatzaileek.

Arturo Villanueva, atzo, Urruñan. GUILLAUME FAUVEAU
Arturo Villanueva, atzo, Urruñan. GUILLAUME FAUVEAU
Iratxe Muxika
2025eko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lerrokada luzeak dira mahastiak: soroetako korridore berdeak. Mahatsondo multzoez osatuta egoten dira, eta mahats mordoak loratzen zaizkie hosto artean. Bere horretan jan daitezkeen arren, mahatsak hartzitu eta ardo bilakatzen dituzte anitzetan. Gaur, Biba Ardoak Banaketa Kooperatibak antolatutako Biba Azokan, aukera ugari izanen da euskal lurretan egindako ardoak dastatzeko. Kooperatibako kideetako bat da Arturo Villanueva Arteaga (Iruñea, 1976).

Mahastizaina eta ardogilea pertsona bera dira?

Bai, naturak ematen ahal duena baino gehiago eskatu gabe lan egiten dutenak dira. Mahastizaina edo ardogilea erraten dugularik, gauza anitz aldarrikatu nahi ditugu; alde batetik, mahastizain horien figura. Zoritxarrez, ardoaren munduan, gutxiengoa da ardoaren industria; gehiena upategi handiak dira. Langileak kontratatzen dituzte mahastirako, eta langileak dituzte upategietan. Biba Ardoak kooperatiba 2019an sortu genuen, ikusten genuelako beharrezkoa zela Euskal Herrian modu ekologikoan eta neurri txikian aritzen ziren mahastizainek bat egitea, eta Euskal Herriari bertako produktuak eskaintzea: kalitate handikoak eta ekologikoak. Alde humanoa aldarrikatzen dugu; finean, ardoak mahastian bertan egitea. Horrekin zera erran nahi dugu, lehen-lehenik laborariak izan behar dutela, nekazariak izan behar dutela eta beraiek lantzen dutenarekin egin behar dutela ardoa.

Hori guztia bukaerako produktuan nabarituko da, ezta? 

Bai, zalantzarik gabe. Maitasunez eta mimoz egiten den lanak eta, batez ere, natura errespetatuz egiten den lanak gero bere fruitua ematen du ardoan. Gure ardoek mahastizainaren nortasuna dute: leku jakin eta urte jakin baten nortasuna. 

Gaurko propio sortu duzue azoka?

Laugarren aldia dugu aurtengoa. Biba Ardoak Banaketa Kooperatibaren helburuak argiak dira: euskal mahastizainen ardo ekologikoak eta naturalak banatzea, Euskal Herrian bertan merkaturatzea, merkatua sortzea eta ardo kultura berria sustatzea, eta kultura hori bizia, osasuntsua eta herrikoia izan dadila. 2022an egin genuen lehendabiziko Biba Azoka. Aldi bakoitzak bere ezaugarri propioak eduki ditu; aurtengoa Donostian eginen dugu, ekainean ireki genuen kantina berrian. 

Zer egiten duzue kantina horretan?

Elikadura burujabetza sostengatzen dugu, eta bereziki merkatuaren egitekoa aldarrikatzen dugu, hau da, harreman zuzena izatea ekoizleekin eta erosketa zuzena bermatzea. Garai zaila da merkatuarentzat, eta garrantzitsua da bultzada bat ematea. Aurtengo aldiaren beste ezaugarrietako bat alde soziala da. Ardoak anitz dauka alde sozialetik, eta horregatik ospatuko dugu azoka larunbatarekin. 

Bestarako deia egiten ari zara?

Bai. Hiru momentu garrantzitsu egonen dira azokan. Alde batetik, Biba Azoka bera, 11:00etatik 18:00etara. Hamaika ardo dastatzeko aukera izanen dute bisitariek, eta ardo bakoitzaren ekoizleak ezagutuko dituzte. Bertzalde, arratsaldean, 18:00etatik 23:00etara, DJak ekarriko ditugu, eta ekitalditxo bat ere eginen dugu eguerdian. Biba Ardozaleak Sarearen aurkezpena eginen dugu: defendatzen dugun ardo kultura garatzen jarraitzeko, ezinbestekoa da herritarren sarea osatzea. 

Nola ziurtatzen duzue ardoa ekologikoa dela?

Europako Batasunean badago legedia bat arautzen duena nolakoa izan behar duen nekazaritza ekologikoak eta ekoizpen ekologikoak, eta gure kasuan Biba Ardoak-en parte hartzen duten proiektu guztiek, besteak beste, araudi hori bete behar dute. Alegia, nekazaritza ekologikoan egin behar dute lan, baina, gainera, lanak zertifikazioa behar du. Kontrolak izaten dituzte dagokien agentziekin, eta oso zorrotzak izaten dira normalean. Besteak beste, aztertzen dute produktu kimiko sintetikorik ez dagoela, ezta herbizidarik, fungizidarik eta pestizidarik ere. 

Korrika ardoa ere banatzen duzue.

Bai, kooperatibak balio oso markatuak ditu, zeinak egunero defendatzen ditugun gure lanarekin eta ahal ditugun plataforma guztietan. Hiru dira, nagusiki: elikadura burujabetza, ekonomia sozial eraldatzailearen burujabetza eta Euskal Herriarena. Beraz, gurekin bat egiten duten herri mugimendu edo enpresa kooperatiba batzuekin kolaborazioak egiten ditugu, eta horrela jaio zen Korrika ardoa. 

Zenbat ardogile kabitzen dira Biba Ardoak-en?

Hamabost bat talde ditugu, eta bakoitzak nahi eta ahal duen bezala egiten du ardoa. 

Horregatik duzue hain eskaintza zabala.

Eskaintza kalitate handikoa, ekologikoa eta bertakoa da. Ardo beltzak, zuriak, klareteak, burbuiladunak... Euskal Herrian egiten diren mota guztiak dauzkagu salgai. 

Zein da Euskal Herriko eremu ardozaleena?

Donostia eta Baiona arteko eremuan saltzen dugu gehien. Ziurrenik eragina izango du inguru horretan ardo ekologiko dezente ekoizteak, eta gastronomikoki eskaintza zabala edukitzeak, ezta? 

Ekoitzi ere, hor ekoizten da gehien? 

Euskal Herri osoan ekoizten da. Oraingoz sei herrialdetako ardoak saltzen ditugu, eta espero dugu datozen urteetan zazpigarren probintzia ere batzea: Lapurdi. 

Euskal Herria ardozalea da? 

Euskal Herriak harreman estua dauka ardoarekin; historia luzea da, baina uste dut ez dugula ezagutzen. Bi mila urte bete dira, gutxienez, erromatarrek mahastiak ekarri zituztela eta bertatik ardoa ekoizten dugula. Baina, lehenagotik ere bazen mahasti basatia, eta, ziurrenik, horrekin ere egin izanen zuten zerbait. Betidanik edan da ardoa, eta gure kulturaren zati garrantzitsu bat da. Azken urteetan, dena dela, beste edari batzuek hartu dute haren lekua, eta geroz eta ardo gutxiago edaten da. Gu horren aurka ari gara borrokatzen, sentitzen dugulako eta sinesten dugulako ardoak iraun dezakeela. Ardoa ez da edari bat bakarrik, elementu kultural bat baizik. Gure ekonomiaren eta gure herrien biziraupenerako tresnetako bat izan da. 

LOTSABAKO

Beltza, zuria edo gorria?
Unearen arabera.

Urtekoa edo ondua?
Urtekoa.

Eta harekin batera?
Gazta edo urdaitegiko produktuak.

Gutxien gustatzen zaizun ardoa?
Modan dauden marka industrialetakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.