Nahiz eta esan ohi den ona dela egunean ardo kopa bat hartzea, ardo guztiak ez dira berdinak, eta supermerkatuko edozein ardo botila osasuntsua ote den ere zalantzan jartzen dute askok, besteak beste Arturo Villanuevak, Biba Ardoak kooperatibako zuzendari komertzialak. Villanuevaren ustez, soilik ardo ekologikoa da «osasuntsua», eta, hori ezagutarazteko, hirugarren urtez antolatu dute Biba azoka, igandean. Hernanin (Gipuzkoa) egingo dute, Orona fundazioan dagoen Diametro 200 gune gastronomikoan.
11:00etan irekiko ditu ateak Diametro 200 gastroguneak. Azoka izango da ekitaldi nagusia, eta 18:00ak arte egongo da zabalik. «Ez dugu ardoa bakarrik aurkituko azokan. Adibidez, gaztagile bat gonbidatu dugu, bere produktuak erakutsi ditzan. Horrez gain, gure kooperatibako mahastizainek beren ardoa, ozpina eta olioa eskainiko dituzte. Eta, ardoaz gain, Hernanin gaudenez, bi sagardotegi ere gonbidatu ditugu; hori bai, sagardo ekologikoa egiten dutenak», azaldu du Villanuevak. Denera, hamalau mahasti eta upategi txikitako nekazariak egongo dira azokan, Euskal Herriko lurralde guztietakoak, beren ardoa eskaintzen: zehazki, ehun baino gehiago. Produktu guztiak etxalde prezioan erosi ahalko dira. Azokara sartzea hamar euro kostatuko da.
Janariaz eta edariaz gain, ekologiaren eta klima krisiaren berri ematen duten liburuak erosi ahalko dira azokan, Kaxilda liburutegiari esker. Eta 18:00etan, azoka itxi ondoren, musikaren txanda izango da. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Dia Radioko DJak egongo dira gastroguneko tabernan. Ondoren, mahastizainen afaria zerbitzatuko dute. Afarirako sarrerak Biba Ardoak kooperatibaren webgunean daude salgai, 30 euroan. Afaria Fede Pacha sukaldariaren lantaldeak prestatuko du.
Ardoak garrantzi handia dauka Euskal Herrian, Villanuevaren ustez: «Duela 2.000 urte baino gehiago iritsi zen ardoa Euskal Herrira, eta gure kulturaren zutabe garrantzitsu bat da gaur egun. Egia da gaur egun, zoritxarrez, beste edari batzuek hartu dutela protagonismoa gure herrian, eta ardoaren kontsumoa apaldu egin dela». Kontsumoaren beherakadaren atzean hainbat arrazoi daudela esan du kooperatibako kideak, hala nola Euskal Herriko upategiak gero eta esku gutxiagotan daudela. Horrek «zaporeen estandarizaziora» bideratu du sektorea, Villanuevaren ustez, eta, horregatik, «espekulaziorako tresna» bilakatu da ardoa. «Upategi erraldoiak ikusten ditugu Euskal Herrian, marketinez eta parafernaliaz beteak. Merkatu globalizatu baten ondorioak dira horiek guztiak».
'Eko'-a, modan
Villanuevak argi du ardoa «iraultza» betean dagoela: «Europako hiriburu askotan, ardo kontsumoa aldatu egin da, eta gaur egun ekologikoa dago modan, gehienbat gazteen artean». Aldaketa hori Euskal Herrian sustatzeko lanean dabil Biba Ardoak kooperatiba duela bost urtetik, nahiz eta Villanuevaren ustez «zaila» den. «Pozoirik eta kimikorik gabeko ardoak» defendatzen dituzte kooperatiban, ardo kultura «osasuntsu, berri, bizi eta arduratsu bat» sustatuz. «Gaur egun, Ipar Euskal Herrian, ardo ekologikoen kultura handiagoa da. Lapurdiko kostaldeko tabernetan etiketa ekologiko asko ikus ditzakegu, eta pozoiz beteriko ardoak atzean uzten ari dira».
Herrian sortutako eta herriarentzat egindako zerbait da ardoa, Villanuevaren ustez, eta, horregatik, argi du upategi txikien «alde humanoa» goraipatu behar dela. Hiru hamarkada baino gehiago daramatzate hainbat mahastik eta upategik ardo ekologikoa sortzen Euskal Herrian. «Bide gogorra izan da gure kooperatibaren hasiera, badakigu eta askotan munduan dauden korronte askotatik urrun gelditzen garela. Mahastizainei bide komertzialak irekitzeko eta zabaltzeko sortu genuen Biba Ardoak, baina, hala ere, ardo ekologikoen kultura hemen errotzeko itxaropena mantentzen dugu beti».