Arditurriko meategiko erraietan

Mineraletan aberatsak dira Aiako Harriaren inguruko lurrak; Arditurriko meategia, Oiartzunen, erromatarren garaitik ustiatu dute, eta haiek utzitako aztarnak ikus daitezke orain.

Oiartzun
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Aiako Harria sortu zenean, lur azpian eratutako poltsa magmatikoak ur asko askatu zuen, mineraletan oso aberatsa. Arbelak zituen zirrikituetan barrena zabaldu zen ura, eta, lurrundu zenean, mineralak kristalizatuta geratu ziren Aiako Harriko arbelaren zirrikituetan. Horregatik, inguruko harriak oso aberatsak dira mineraletan. Gizakiak erromatarren garaitik hasita ustiatu ditu Aiako Harriko mineralak. Horren erakusgarri, Arditurriko meategiak.

1984an itxi zuten Arditurriko meategia, errentagarri izateari utzi ziolako. Meategiko laborategia Aiako Harriko interpretazio zentroa da orain, eta han hasten dituzte meategietara egiten dituzten bisita gidatuak. Meategiko historia argitzen duen bideoa ikusten dute lehenik bisitariek. Kanpoan, berriz, meategiarekin lotutako beste egitura batzuk erakusten dizkie gidariak, Miren Olivak. Dekantagailu zaharra, esaterako. «Mineralak igerileku moduko batean sartzen zituzten, eta, dentsitatearen arabera, banatu egiten ziren».

Dekantagailuaren parean, berriz, tratamendu planta izandakoaren paretak geratzen dira orain. Eta, dekantagailuaren azpian, bi tunel. «Hortik trena ateratzen zen, mineralez beteta, eta Pasaiako porturaino joaten zen». 1966ean desagertu zen trena, autopista egiten hasi zirenean. Ordutik, kamioiez garraiatzen zuten minerala. Trenbide zaharra oinezkoentzako bide bihurturik dago orain. Oiartzunetik, oinez irits daiteke Arditurrira. Eta jende askok, bizikletaz egiten du bidea.

Meategiko sarrera zaharrak agerian daude oraindik. Bisitariak, ordea, burdinazko ate batetik sartzen dira. Atetik sartu eta berehala nabaritzen da tenperatura aldaketa. «Hemen barruan hamabi bat gradu egiten ditu urte osoan», ohartarazten du Olivak. Eta, kaskoa jantzita, hortxe bertan hasten da bisita.

Gora begiratuta, erromatarrek egindako galeriak ikusten dira, suaren eta ur hotzaren kontrastearekin gutxika gutxika eginak. Olivak linternarekin argiztatutako zatian, argi ikusten dira suak eragindako forma leun eta borobilak. Erromatarrek hamabost kilometro ireki zituztela uste dute; arkeologoek, ordea, hiru kilometro eta erdi baino ez dituzte aurkitu. Bisitatu daitekeen zatiak, berriz, 600 metro baino ez ditu, baina nahikoa dira meategiaren mendetako historia eta lan egiteko modua ulertzeko.

Zortzi pisu ditu meategiak; lehen hiruak, erromatarrek irekiak. Zilardun galena ateratzen zuten arbel artetik, beruna eta zilarra lortzeko. Galtzada erromatarren bidez garraiatzen zuten materiala, eta apaingarriak zein txanponak egiten zituzten. «Pentsatzekoa da meategi hau aberatsa izango zela zilarrean; izan ere, erromatarrek izugarrizko lana egin zuten meategiko hirugarren pisua urperatzen zuen ura errekara bideratzeko».

Olivaren esanetan, Europan ura bideratzeko cuniculus gutxi geratzen dira funtzionamenduan; Arditurrikoa da bat. Hari esker, bisitariak lasai asko ibil daitezke oraindik erromatarrek irekitako galerian zehar, errekaren ur mailaren azpitik egon arren. Harri artean aurrera egin heinean, garbi entzuten da gainetik pasatzen den errekaren ur hotsa. Hezetasuna ere handia da, eta etengabe tantak erortzen dira sabaitik.

Meategiaren gainontzeko bost pisuak XIX. mendean irekitakoak dira, dinamitaz lehertuta. Gaur egun, ordea, ezin dira bisitatu, ur azpian geratu direlako. «Meatzariek, lanean ari ziren bitartean, xurgatze ponpekin ateratzen zuten ura. Meategia itxi zenetik, ordea, urez betetzen joan dira cuniculusaren azpitik dauden pisuak». Galerien hormetan, oraindik garbi ikusten dira dinamita sartzeko egiten zituzten zuloen markak.

Minerala garraiatzeko erabiltzen zituzten bagonetak ere ikusgai daude oraindik. «Mandoak erabiltzen zituzten bagonetak mugitzeko». Lur gainera, berriz, igogailuan igotzen zuten materiala. Kanpoko argia sartzen da igogailuaren zulotik; baita ura ere. Pieza guztiak herdoilduta egon arren, bisitariak erraz irudika ditzake meatzariak, orain zulo bat baino ez den horretatik bagonetak igotzen.

Gaur egun, minerala biltzen zuen arbela baino ez da geratzen. Ustia zitekeen mineral guztia ustiatu du dagoeneko gizakiak, eta garai batean mineral hark betetzen zituen zuloetan barrena ibiltzen dira orain bisitariak. «Hau ez da paisaia naturala, noski». Gizakiak mendez mende moldatutako paisaia da, Euskal Herriko leku zaharrenetakoan. Mineral gutxi geratzen da orain, baina balio historikoa izugarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.