Artzainen eta ardien mundua urrun gerta dakioke inori, baina ez da kaleko bizitzatik hain aparte dagoen bizimodua. Euskal Herrian garrantzi handia du artzaintzak, eta, sektore hori indartzeko, BE! Artzain Kultura Asteburua ospatuko dute asteburu honetan Berastegin (Gipuzkoa); bihar hasiko da, eta igandean bukatu.
Hirugarren urtea da jaialdia eginen dutena, eta, aitzineko urteetan bezala, Euskal Herri osoko jende mordoa espero dute aurten antolatzaileek. Helburu nagusia bakarra da: bisitariei ardien munduan barneratzeko aukera ematea. Aitzineko urteetako arrakasta ikusita, BE! jaialdiaren antolatzaileek uste dute bi arrazoi nagusirengatik joaten dela jendea Berastegira: ikuspegi berritzailea dutelako, eta ilusioz eta gogo handiz sortutako egitasmoa delako. Auzolanean eta boluntarioen bidez lortu dute aurtengo egitaraua ixtea. Berastegin egitea ez da ausaz hartutako erabakia; izan ere, ardi anitz daude han, eta kasik inguruko paisaiaren ezaugarri nagusia dira: mila biztanleko herri horretan 6.000 ardi inguru daude. Horietxek izanen dira asteburuko protagonistak.
Egiten duten hirugarren aldia da. Urte bakoitzak lelo propioa izan du, eta aurtengoak ere izanen du berea: Etorkizuna hausnarrean. Alegia, gibelera begiratu baino, hobe dela aitzinera begiratzea. Artzaintzaren munduak historia luzea du euskaldunen artean, baina ahaleginduko dira arreta egungo beharretan jartzen. Egun bakoitzerako egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta hiztun sorta zabala prestatu dute hausnarrean aritzeko.

Biharko eguna elkarrizketen eguna izanen da, baina bertze hainbat ekintza ere eginen dituzte. 14:30ean emanen dio ospakizunari hasiera Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak, eta haren ondotik hasiko dira erakusketak eta mahai inguruak. Arratsalde erdialdean, tertulia saio irekia eginen dute hizlariekin eta bisitariekin; Cristina Garcia, Iraitz Garaiburu, Oier Ugartemendia, Joseba Sanchez, Ane Gartziandia eta Aritz Ganboa de Migel ariko dira solasean.
Larunbatean, aitzineko eguneko teoriaren parte bat praktikan jartzeko aukera izanen dute bertaratuek. Bertzeak bertze, astoekin Gorosmendiko larreetara eginen dute bidea, taldean, eta bi artzain gazterekin artaldea hartuko dute mendira eramateko. Hara ailegatuta, itxitura batean sartuko dituzte ardiak, eta orain urte batzuetako artzaintza nolakoa zen kontatuko diete adineko bi artzainek.
Mendira joateko hautua egiten ez duenak, baina, izanen du ardien munduaz gozatzeko bertze aukerarik. Erraterako, 09:30ean mondeju ikastaroa eskainiko dute. Goizeko mendi buelta egin ondotik, herrian bertan eginen dituzte ekintzak. Bertzeak bertze, artilea lantzeko ikastaroa eta gazta dastaketa izanen dituzte, Ordiziako (Gipuzkoa) gazta kofradiakoek gazta bat zuzenean egiten duten bitartean. Etziko ekintza horietan izena ematea ezinbertzekoa izanen da: bai goizekoetan, baita arratsaldekoetan ere.
Museo bat aire zabalean
Iganderako plana berezia izanen da, museo bat sortuko baitute aire zabalean. Bi kilometroko ibilbide txiki batean artzaintzaren laburpena eginen dute: ardiak, belardiak, tresnak, txakurrak, gaztak... Elementu geldoez gain, zuzeneko ikuskizunak eginen dituzte, bisitariak zuzenean ikus dezaten, bertzeak bertze, nola mozten zaien ilea ardiei, edota nola biltzen dituen artzain txakurrak soroko ardiak. Goizean ikusitako horren guztiaren ondotik, jatekoa izanen dute Azoka Gastronomikoan; arkumea, ardia eta gazta, erraterako.
Ez da soilik helduentzako prestatutako egitaraua izanen; aitzitik, haurrentzako tailerrak ere sortu ditu BE! asteburuaren antolakuntza taldeak. Asteburu osoko plana egin daitekeen arren, posible da egun bakarreko egitaraura soilik joatea.