Zientzia

Arbolkalipsia orain

Europako 454 zuhaitz espezieetatik %42 mehatxupean daude, eta galtzeko arrisku handia daukate, IUCN erakundeak argitaratu berri duen ikerketa baten arabera. Europan bakarrik hazten direnen artean, %58 arriskuan daude, eta %15, egoera kritikoan.

Arbolkalipsia orain.
Edu Lartzanguren.
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Indi gaztainondoak gaixorik daude, pagoak eta arteak sufritzen ari dira, eta lizarrak eta otsalizarrak hiltzen ari dira. Europan 454 zuhaitz espezie daude, eta horietako 168 mehatxupean daudela ondorioztatu dute IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuneko ikertzaileek, hau da, zuhaitz espezie guztien %42 —kontuan hartuta daturik gabeko espezieak—. Guztiak ez daude mehatxu gradu berean, edonola ere: batzuk zaurgarri daude; beste batzuk, arriskuan; eta beste batzuk, hil edo biziko egoeran. Baina, graduak gradu, guztiak daude galtzeko zorian.

Egoerak are larriagoa ematen du beste datu bat kontuan hartzen bada: Europaz gaindi munduan beste inon bizi ez diren zuhaitzetatik —endemikoetatik, alegia— %58 mehatxupean daude, eta horietako %15 (66 espezie), hil edo biziko egoeran; hau da, galtzetik koska bakar batera.

«Beste ikerketa apokaliptiko bat», pentsa lezakete irakurle askok. Baina Jorge Curiel Ikerbasqueko irakasleak ez du uste IUCNren Europako Zuhaitzen Zerrenda Gorria alarmista denik. «Hau errealitatea da: Europako basoak sufritzen ari dira». Baso ekosistemen osasunaz ikertzen du Curielek BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroan, eta saiatzen da ikusten haien gainbeheraren kausak eta ondorioak. «Espezie askori, batez ere eremu txiki batean bakarrik hazten direnei, min handia egiten die giza presioak». Mediterraneo isurialdeko artea ere asko sufritzen ari da, esaterako, nahiz eta uste den ohituta dagoela lehorteetara. Eta ezpela Cydalima perspectalis Asiako sitsaren biktima da Euskal Herrian ere.

Europako Batzordeak eskatuta egin dute zerrenda gorria, David Allen IUCNko Tokian Tokiko Bioaniztasun Azterketa taldeko kideak azaldu duenez. Erakundeak mundu mailako zerrenda egiteko asmoa du 2020an.

Baina Europako zuhaitzen apokalipsia fenomeno naturala al da, edo gizakiak eragin du? Allenek azaldu duenez, giza ekintzen kalte zuzenak —basoak soiltzea, nekazaritza eta eraikuntza— «dezenteko arazoa» diren arren, «mehatxu nagusia sarturiko espezie inbaditzaile eta kaltegarriak dira». Organismo kaltegarri gehienak kanpoko espezieak dira, eta zuzenean egiten diete kalte bertako espezieei edo haien bizitokiari. «Landare inbaditzaile asko baratze edo lorategietatik ihes eginda zabaltzen dira», esan du Allenek. «Izurriek eta gaitzek hainbat sarbide dituzte, besteak beste inportaturiko landareak, lurra, zura... eta baita berez zabalduta ere».

Pinuak, eukaliptoak

Curiel oso kezkatuta dago, esaterako, Euskal Herriko Pinus radiata edo intsinis pinuaren landaketekin. «Kanpoko espezieak dira, eta klon bakarretik ateratakoak: bat-batean patogeno baten erasoa dagoenean, masaren zati handi bat hiltzen du».

Zerrenda gorrian, Europako zuhaitzak mehatxupean dituen espezieen artean eukaliptoa nabarmendu dute. «Espezie inbaditzailea da: sartzen duten lekuko bioaniztasuna pobretzen du; zoruen kimika erabat aldatzen du, eta ez du uzten gauza handirik hazten bere azpian». Horrez gain, eukaliptoak su hartzeko duen erraztasuna nabarmendu du ikertzaileak.

IUCN erakundeak denera hogei zerrenda gorri argitaratu ditu gaur arte, besteak beste narrastiena, anfibioena, erleena eta tximeletena. Ikusgarri egin dute Europan gertatzen ari den bioaniztasun galera. Erakutsi dute, adibidez, ur gezetako moluskuen %59 eta arrainen %40 daudela mehatxupean, eta matxinsalto eta kilkerren %29.

Zerrenda gorriaren egileek hainbat neurri proposatu dituzte arazoari aurre egiteko. Arriskuan dauden zuhaitzak gune babestuetan daudela ziurtatzea da neurrietako bat. Zuhaitz horietako aleak arrisku guneetatik kanpoko bildumatan gordetzea, eta ziurtatzea gordetakoek aniztasun genetikoa dutela, galdu ondoren berriz sartu ahal izateko. Espezie inbaditzaileen mugimenduak zaintzea iradoki dute, eta zerrenda hamar urtetik behin gaurkotzea, joera zein den antzemateko.

Nolakoa izango da Europako zuhaitz paisaia hogei urteren buruan? «Paisaia osatzen duten hainbat zuhaitzen gainbehera gertatu da dagoeneko, zumarrarena kasurako, eta lizarra eta haritza ere arriskuan daude», esan du Allenek. Europako iparralde osoan haritza asko sufritzen ari dela azaldu du Curielek, Phytophthora ramorum patogenoaren eraginez. Onddo moduko mikroorganismo bat da; konkor modukoak sortzen ditu ezpalean, eta zuhaitza hil dezake. Europa erdialdean —Alemanian, adibidez— pagoa bera ere gainbeheran dago, ur asko behar duelako, eta lehorteak gero eta luzeagoak direlako. Beraz, zerrenda gorrian batez ere espezie endemikoez kezkatu badira ere, arazoak «basoei orokorrean» eragiten diela esan du BC3ko ikertzaileak.

«Klima aldaketaren ondorioak ikusten dira dagoeneko Europan», esan du Allenek. «Baina aldaketa horrek zuhaitz espezie bakoitzean duen eragina hobeto ulertu behar dugu oraindik». Klima aldaketari aurre egiteko, zuhaitzak landatzeko egitasmoak martxan jarri dituzte leku askotan. Baina ikertzaileek ohartarazi dute hori ezin dela edozein modutan egin. Izan ere, ziurtatu behar da landatzen diren zuhaitzak ez datozela gaitzekin edo zomorro kaltegarriekin.

Zerrenda gorria ikusita, zer politika ezarri beharko litzateke Euskal Herrian krisiari aurre egiteko? «Arazo nagusietako bat da zoruaren zati handi bat, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, pribatua dela, eta jabeen helburuak denon onurarekin talka egin dezaketela», esan du Curielek. Gaur egiten diren landaketen inguruko benetako informazioa ematea proposatu du ikertzaileak. «Badakigu espezie bakarreko landaketak ez direla horren emankorrak eta sendoak lehorteen aurrean, hainbat espezie nahasten dituzten basoekin parekatuta. Berriz pentsatu beharko genuke nola landatzen dugun eta benetan errentagarria ote den. Mendiak nola dauden ikustea nahikoa da zalantza edukitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.