Gastronomia

Arbasoen gorazarrez

Berrizko (Bizkaia) Pedro Juanena jatetxe-erretegian euskal sukaldaritza tradizionala daukate ardatz, bereziki arranparrillan egindako haragia eta arraina. Birraitonak abiatutako bideari jarraitzen dio Kepa Imazek.

Kepa Imaz, Berrizko (Bizkaia) Pedro Juanena jatetxeko jabea. HARITZ LOIOLA / FOKU
Kepa Imaz, Berrizko (Bizkaia) Pedro Juanena jatetxeko jabea. HARITZ LOIOLA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Berriz
2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Berbena limoiusaina hartu du esku artean Kepa Imaz Gaztelurrutiak (Durango, Bizkaia, 1972). Baserriaren atzealdean dagoen ortuko sarreran dauka platerak apaintzeko erabiltzen duen belarra. Duela hogei urte baino gehiagotik zuzentzen duen jatetxe-erretegiaren izena ikus daiteke bertatik: Pedro Juanena. Birraitonaren izena darama negozioak, baina birramonak ere zeresana izan zuela agerian da errepidera ematen duen aldean. Bertako harrian irakur daiteke biek berreraiki zutela baserria, 1922an; Pedro Juan Gastelu-Urrutiak eta Cornelia Barruetak.

«Gu, izatez, Pedrojuanekoak gara. Gaztelurrutiatarren baserria da, amaren partez aitita eta amamaren etxea. Birraitona Errioxako ardoa ekartzen hasi zen. Taberna eta denda ere bazuten hemen. Gero, amama ezkondu zenean, jatetxea zabaldu zuten aitita Anastasiok eta amama Jesusa Abaituak, Ormaiztegikoa hura».

Imazek, arbasoen gorazarrez, orduko eskema berari jarraitzen dio. Eguneko menua eta karta eskaintzen ditu, euskal sukaldaritza tradizionala ardatz hartuta. Leioako Sukaldaritza Eskolan ikasi zuen, eta urte batzuez jatetxe ezberdinetan «ikasten eta ikusten» aritu ostean, ordurako errentan zegoen jatetxea hartzea erabaki zuen: «Ni 2001eko urrian hasi nintzen, pezeten garaian; urtarrilean hasi ginen euroarekin».

Enblematikoa

Aramotz mendikatearen paraleloan egindako autopistaren azpian geratu da behinola herriaren erdigunean zegoen baserria. «Autopistak inguru dena zatartu du. Hau leku polita zen; frontoia, ermita, gaseosa lantegia... Sasoi hartan ez zegoen gaur egun dagoen trafikoa. Hau parte zaharra zen; herria gorantza hasi da».

Jantokiko argazki zaharretan ikus daiteke garai bateko Berriz-Olakueta. Itxura zeharo aldatu da, baina barruan betiko arimari eusten diote. Pedro Juanenak leku enblematikoa izaten jarraitzen du. Eguneko menuak ospe handia dauka eta, bereziki, arranparrillan egindako haragia eta arrainak: «Txuleta eta erreboiloa asko jaten dira». Imazek argi dauka gakoa kalitatea dela: «Ez naiz oso modernoa, gauzak ondo egitea gustatzen zait».

Artean akordatzen da negozioa hartu zuenean amama nola joaten zitzaion dena ikuskatzera: «Egunero bajatzen zen. Merkatuan erosten nituen arrainak begiratu, eta bere gustukoa ez zena kendu egiten zuen. Konfiskatu egiten zidan», esan du sukaldariak irribarrez. Amamaren krema zoparekin ere akordatzen da: «Hegaztien krema bat da, artean etxean egiten dugu, Eguberrietan. Ederra da».

Pedro Juanenan garaian garaiko sukaldaritza egiten dute, eta, zerbaitetan abangoardian badaude, postreetan daude: txokolatezko soufflea, errulo kurruskaria, gaztain izozkia, txakolin izotz-edaria... Imazek, baina, klasikoak ez ditu bazterrean utzi; natilla, arroz esnea, flana... Birramonak eta amamak egiten zituzten postreak, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.