Nahiz eta aholkuak eman, ez du ezer egiten; aholkuek ez dute balio. Behin eta berriro esan diogu horrelakoetan erantzuteko astiro eta lasai: 'Nik hauxe egin dut, hau gertatu da', baina ezertxo ere ez, mutu geratzen da, eta... ematen du ez zaiola inporta; hainbestetan hitz egin ondoren ez du aurrerapausorik ematen».
Kontsultako lanean sarritan entzuten ditugu horrelako adierazpenak. Erabaki baten aurrean, egoera ezeroso batean, umeak zein helduak, kanpotik ikusita, ez du erantzunik ematen: ez hitzez ez ekintzez. Egoera horietan, ikusle moduan ikusita, zalantzak sortzen zaizkigu: ez zaio axola? Ez da konturatu? Ez du ulertzen? Zer gertatzen zaio?
Azalpena erraza eta gaitza da horrelakoetan: pertsona izoztuta bezala geratzen da, kanpotik, baina bere barnean garuna eta nerbio sistema lan eta lan ari da, borroka bizian, eta borroka horren barnean berdintasuna irabazten ari da, berdinketa. Inoiz artikuluetan esan izan dugun moduan, gizakiok burmuin bikoitza daukagu: gure burmuineko egitura zaharrenak instintiboagoak dira, eta animaliak garen heinean, emozioen bidez komunikatzen dira, bai eta azkar erantzuten duten egoeretan, milisegundoetan hain zuzen ere. Baina, bestalde, burmuineko kanpoko egiturak arrazionalak dira, eta logika hutsa erabiltzen dute lan egiteko. Izoztuta geratzean, adibidez. Izan daitekegustatzen zaigun norbaiten aurrean egotea, non gogoa eta beldurra sentitzen dugun, eta, horrez gain, hurbiltzearen gaineko alde arriskutsuak analizatzen aritu aldi berean. Ihes egin eta hurbildu kontrajarriak dira, baina gure barnean biak nahi ditugu une berean. Barneko pentsamendu jarioa handia da, baina izututa geratzen garenean, borrokak ez du amaierarik, barneko tirabiraren menpe geratzen gara: «Bai ala ez? Baina… bai ala ez? Baina…».
Istripuetan, egoera traumatikoetan, egoera beldurgarrietan,pertsonak izoztuta bezala gera gaitezke. Ez da ahularen erantzuna, ezta erantzunik eza ere. Eta arazoa bukatzeko, gure erabakia eta ekintza inportanteak badira, eta ezin izan badugu aurre egin, geure burua irainduko dugu, erruduntasunez bete eta zergatia bilatuko dugu; galdera obsesiboki, behin eta berriro eginez. «Jo egin ninduen, eta nik ez nuen erantzun; han geratu nintzen mutu, panpina bat bezala, eta gaur egun ere ez dut ulertzen zergatik, hain kakatia izan nintzen zerbait egiteko edo…».
Osasuna. Aro berriak. Psikologia
Arazoen aurrean zein irtenbide bilatzen duzu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu