ATZEKOZ AURRERA. Maria Salmeron. Artista

«Arazoei begiratzeko, betaurrekoak aldatu behar ditugu soilik»

Rojo Telon zirku konpainiako kideek hausnarketa, zalantza eta kritika landuko dituzte 'Korapiloak' obran. Maria Salmeron, konpainia horretako kidea, gaur izango da Donostian obra antzezten.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Maria Salmeronek (Almeria, Espainia, 1986) Santiagon (Txile) egin zuen topo zirkuaren munduarekin, eta aireko teknikekin hasi zen. 2015ean, Haztegia programaren beka jaso zuen, eta hortik sortu zen Malicia konpainiaren El punto dela i ikuskizuna. 2016an, Bilboko Zirkozaurreko ikerketa eszenikoko laborategian aritu zen. Gaur egun, Rojo Telon konpainiako kide da, Korapiloak ikuskizunean.

Zer aurkituko du ikusleak obran?

Orokorrean, sorpresa asko, umore zentzugabe asko eta irudi politak aurkituko ditu ikusleak. Hiru emakumek osatzen dugu ikuskizuna, eta esperientzia asko biziko dituzte. Ikuskizunean bertan konturatuko dira gizarteak zein bide egitea egokitu dien, eta gutxinaka-gutxinaka konturatuko dira haiek benetan nolakoak diren.

Mezurik bidali nahi izan duzue?

Ez dugu mezu jakinik bidali nahi izan. Nagusiki lortu nahi duguna da publikoak gozatzea, ondo pasatzea, gurekin jolastea eta gurekin batera barre egitea. Azken ikuskizun hori 2020an sortu genuen, mundu osorako zaila zen testuinguru batean. Horregatik, umorea eta zentzugabekeriak ardatz hartuz lan egin nahi genuen. Funtsean, ikusleek deskonektatzea eta ondo pasatzea da helburua.

Publikoa ongi erantzuten ari zaizue?

Bai, horixe da. Egia esan, ikuskizuna arriskutsua da momentu batzuetan, baina ikusleek jarraitzen digute, eta oso pozik gaude alde horretatik. Asko gozatzen dugu, publikoak gurekin bat egiten duenean.

Aire teknikak lantzen dituzunean, ez duzu beldurrik izaten?

Zirkuko teknikak diziplina handia eskatzen du. Soka batera igo eta zintzilikatzea,izan ere, ibiltzea bezala da guretzat. Eguneroko entrenamendu gogor eta jarraitua beharrezkoa da. Beti ikasten dira gauza berriak, eta badago zer hobetu. Hainbeste denbora pasatzen duzu hor goian, ohitu egiten zara. Hasieran, beldur pixka bat ematen du, bain,a denborarekin, moldatuz joaten zara.

Nola ikusten duzu emakumearen irudia zirkuaren munduan?

Zoritxarrez, uste dut emakumeek zailtasun gehiago ditugula, eta ez soilik zirkuaren munduan. Hala ere, zirkuaren arloan, emakumea oso ahaldundua eta oso indartsu ikusten dut, eta aukera bat ematea merezi du.

Jaialdi batzuetako programazioetan ikusten da genero parekotasunik ez dagoela. Baina ez bakarrik emanaldietan; aginte eta koordinazio postuetan berdin gertatzen da. Zirkuaren arloan, zorteko gara, badago-eta jendea genero ikuspegiaren alde borrokan, eta badaude zenbait jaialdi batu direnak zirkuetan berdintasuna bermatzeko.

Uste duzue umorea garrantzitsua dela?

Guretzat, momentu honetan, bai. Arazo handiekin egin dugu topo emanaldia aurrera eramateko: Ana orain Galizian bizi da, eta Begoña eta biok, Euskadin.

Horregatik nahi izan dugu beste alde batetik hartu emanaldia, eta umorearekin bat egin. Arazoei begiratzeko erabiltzen ditugun betaurrekoak aldatu behar ditugu soilik. Horixe transmititu nahi dugu: arazoei aurre egiteko, betaurreko berriak ezarri behar direla.

Zer nahiago duzu: interpretazioa edo aire teknikak lantzea?

Ezin dut bietako bat aukeratu. Biek lotura sakona dute. Ikusleari zirkuko teknika batek ez badio ezer ere ez eragiten, ez nau betetzen artista moduan. Eta interpretazioari zirkuko teknikarik ez badiot gehitzen, ez da berdin.

Clown formakuntza bat duzu.

Bai, hori da. Clown formakuntzak duen politena da zeure buruarekin konektatzen laguntzen dizula. Bestela ere, emozioak ahalik eta errealenak transmititzen laguntzen du, eta oso esperientzia polita da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.