Kolorea, forma, gorpuzkera, jarrera, kokapena... hainbat gauza hartu behar dira kontuan pertsonaia bat ilustratzeko garaian. Sarri, generoari lotuta, estereotipo eta rolak islatzen dira horietan. Ilustrazioetan zein maskulinitate eredu irudikatzen diren aztertzeko, Marrazioak tailerra egin dute aste honetan, Harkaitz Cano idazleak eta Ignasi Blanch ilustratzaile eta irakasleak zuzenduta. Galtzagorri elkarteak antolatu du, eta hamaika ilustratzaile aritu dira gaiari buruz hausnartzen, Bye bye, gizontxo! Tipoak, estereotipoak eta arketipoak lelopean.
Duela bost urte, tailer bera egin zuten, baina emakumeak nola irudikatu izan diren aztertzeko. Aurtengoan bezala parte hartu zuen ordukoan Begoña Durruti iustratzaileak, eta gogoan ditu ordukotik ateratako ondorioak: «Topikoak beti daudela presente, emakumeak objektu gisa tratatu izan direla, eta tratatzen direla oraindik..». Kontzienteago egiteko balio diote horrelako tailerrek: «Ez gara etortzen ondorio zehatzetara iristeko, baina niri balio dit kontzienteago izateko zer tratamendu eman behar diodan irudiari».
Irudiek duten botereaz jakitun dago ilustratzailea: «Hitzez hiru edo lau orritan esango zenukeena esaten dizu irudi batek begi kolpe batean; indar izugarria daukate».
Aurtengo gaia, berriz, gabezia bati begira sortu zuten, Ignasi Blanch irakasleak azaldu duenez: «Gai hau landu behar zela iruditzen zitzaigun: tailer hauetako gehiengoa emakumezkoa izanik, nolakoa den haien begirada gizonak irudikatzerakoan, zein gizontasun eredu irudikatzen den, zein aldaketa izaten ari diren...».
Izan ere, ilustrazioak gizartearen ispilu diren heinean, genero rolak eta arauak islatzen dira horietan ere. Hala dio Canok: «Denok daukagu ideia bat ustez maskulinoa denarena eta femeninoa dela esan digutenarena, eta kontziente gara aldatzen ari dela, baina terminologia horretara jotzen dugu elkar ulertzeko».
Aldaketak, «poliki»
Estereotipoetan aldaketak «ematen duen baino polikiago» gertatzen ari direla dio idazleak. Horregatik, eredu berriak sortzeak zailtasunak sortu diezazkioke irakurleari: «Zuk adierazten baduzu gizontasun eredu ezberdin bat, edo estetika ezberdin bat, gorputzak margotzeko edo begiratzeko modu ezberdin bat, horrek distraitu egin dezake». Hori gertatuz gero, oihartzunak sortzen direla dio, eta ilustratzaileek aintzat hartu behar dituztela, istoriotik ez aldentzeko. «Hori da, hain zuzen, estereotipoak irautearen arrazoia», dio.
Blanchen esanetan, ordea, tailerraren helburua ez da ilustratzaileak baldintzatzea, arau horiek guztiak zalantzan jartzea baizik, artista gisa beste begirada bat izan dezaten: «Ariketak pentsatuta daude askatasun behar batetik, ateak irekitzeko eta irtenbideak aurkitzeko». Konbentzionaltasunetik urruntzera ausartzera animatzen ditu ilustratzaileak, eskemak iraultzeko: «Nik erabiltzen dudan espresioa da 'hori konbentzionalegia da'. Eguneroko munduari buruz ari naiz, ortodoxoaz, gehiengoak onartzen duen horretaz».
Horregatik, ilustrazio bat egiterakoan, bakoitzak bere bizipenetan oinarrituta sortzeko tresnak ematen dizkie: «Niretzat oso garrantzitsua da sortzailearen identitateak eta sortutako lan plastikoak lotura izatea. Bakoitza bakarra baita, baita gure miseriekin ere». Bestela, egindakoa «lan formal bat besterik ez» dela dio, eta horrelakoak milaka daudela munduan.
Tailerreko parte hartzaileak «askeago» bihurtzen ditu horrek, marrazterako garaian, Durrutiren arabera: «Askatasun handiagoa eman dit; erakutsi didate barnera begiratzen eta ni izaten marrazkietan ere, beldurrik gabe».
Izan ere, aurtengo solasaldietan ikusi dute alde handia dagoela askotan ilustratzaileak etxean marrazten duenetik argitaletxeari enkarguz egiten dion irudira. Bezeroan pentsatuta baino, barrenetik sortu nahi du Durrutik: «Fidelak izan behar dugu gure pertsonari, gure izateko moduari, eta hortik abiatuta lana egin».
Partekatu eta askatzeko
Ilustratzaileen lana oso bakartia da, Durrutiren arabera, eta horrelako tailerrek beste ilustratzaile eta irakasleen jakintzatik edateko eta elkarrekin hausnartzeko parada ematen diete: «Ilustratzaileok sator zulo batean bizi gara; beharra daukagu konpartitzeko, galderak egiteko, ikasteko, besteen lanak ikusteko...».
Behin elkartuta epairik gabeko eta tolerantzia handiko giroa sortzen dela goraipatu du Blanchek: «Oso irekiak gaude; egiten dituzten ekarpenak entzuten ditugu. Guk ere eboluzionatzen dugulako, eta ikasten dugulako tailerrarekin».
Galderen bidez hausnartzen dute, adibidez, zerbait berehala marraztu ondoren, irudiaren atzeko esanahiez galdetuta.Hala azaldu du Durrutik: «Ignasiren helburua da espontaneoak izatea; horrek ez du erran nahi ez denik pentsatu behar, baina iragazki gehiegi gabe. Gero egin duzun horren inguruan eztabaidatuko duzu, eta galderak eginen dizkizu zergatik egin duzun hori».
Azkartasun horretan, askok ondo egiten duten gauzak egitera jotzen dute; segurura, Canoren esanetan, baina haiek beste zerbait bilatzen laguntzen diete, «subkontzientetik edatea»: «Hori sustatzen saiatzen gara: automatismoa egiten baduzu, izan dadila subkontzientetik, eta izan dadila askea».
Ilustratzaileei tailerrak beren jardunean aztarna uzten diela dio Durrutik:«Hemen gauden guztiek aztarna uzten dute zugan, eta hori islatzen da zure marrazkietan eta lana egiteko moduan. Azkenean esponja batzuk gara gizakiok, eta joaten gara ikasiz eta aldatuz».
Hain zuzen, «katarsi txikiak» geratzen direla nabarmendu du Canok, eta asko duela sorkuntza solidario kolektibotik. Ikastaroan aipatutako zerbait argitaratuta ikustean han hausnartutakoak gogoratuko dituztela dio: «Guk liburua hartzen dugunean, esango dugu: 'a! Gogoratzen naiz egun hartaz'».
Arautik urrundu, askatzeko
Ilustratzaile askoren kezka da generoa marrazkietan nola irudikatzen den aztertzea, estereotipoetan ez erortzeko. Gizontasuna nola irudikatzen den aztertzeko, Marrazioak tailerra egin dute hamaika ilustratzailek, Galtzagorri elkarteak antolatuta. Duela bost urte gauza bera egin zuten, emakumeen irudiak ardatz hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu