Gasteizko jaiak

Arabiar kulturaren zati bat hirian

Arabiar azoka antolatzen dute Gasteizko jaietan, eta arabiarren eta euskaldunen arteko topagune bihurtu da. Jaki tradizionalak, bitxiak eta beste daude.

Amina Brines, xawarma prestatzen. UNAI ETXENAUSIA
Amina Brines, xawarma prestatzen. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
2024ko abuztuaren 9a
05:00
Entzun

Gasteiz asko kabitzen dira Gasteizen. Marokoko zoko klasiko baten antza du Francisco Juan Aiala plazako merkatuak, baina arabiarrak ez ezik gasteiztarrak ere erakartzea du helburu, azokak eskaintzen duen guztiaz goza dezaten. Arabiar azokara hurbiltzean, sukaldaritza tradizionalaren usain bereziak nahasten dira. Kumino, martorri eta kardamomo usainez betetzen da atmosfera, eta bisitariei benetako platerak probatzeko gonbita egiten diete. Hummus eta falafel klasikotik hasi eta xawarmaraino, aukerak ugariak dira, eta postu bakoitzak bere ukitua ematen dio plazari.

Gasteizko jaiak, Arabiar azoka
 

Eguerdiko hamabietan ireki dituzte lehen saltokiak, gasteiztarrek ohiko paseoa ematen duten orduan, hain justu. Kolore askotako oihalek plazaren goialdea apaintzen dute, arabiar herrialdeetako estiloari jarraituz. Plazaren erdian oholtza bat dago, hainbat apaingarri dituena, eta arabiar erritmoak entzuten dira bozgorailuetatik: Afrikako eta Asiako tokiak ekartzen dituzte gogora. Emakume bat dantza tradizionalak dantzatzen ari da. «Ikusgarria da», esan du emakume batek hura ikustera gerturatuta, eta den-dena grabatu du.

. BERRIA
Dantza ikuskizun tradizionala. UNAI ETXENAUSIA

Ikuskizuna amaitzean, badirudi ahora zerbait eramateko ordua iritsi zaiela jai giroaz gozatzen dabiltzanei. 13:00etan hasi da jendea saltokietara gerturatzen. Itzalean eta eserita bazkaltzeko haimak daude, eta han bildu dira asko. Oholtza parean dago Valentziako (Herrialde Katalanak) Amina Brines eta haren senar aljeriarraren saltokia. Broxetak, xawarmak eta kebabak saltzen dituzte, eta haiek dute merkatu osoko karparik handiena, baita jende ilararik luzeena ere.

Bezero bati xawarma bat zerbitzatzen ari den bitartean hartu du galderak erantzuteko tartea. Urteak daramatza Gasteizko azokara etortzen, eta hunkitu egin da hitz egiten hasi denean: «Izugarria da Gasteizko arabiar azoka. Oroitzapen oso onak ditut, eta urtero etortzen gara. Gainera, jendeak ezagutzen gaitu: horregatik erosten digute hainbeste». Produktu freskoak bistan ditu, eta horrek bereizten duela dio.

Jaki gaziak amaituta, postre gozo baten bila hasi da jendea. Produktu izarren artean baklava eta kanelazko marokoar galletak daude, besteak beste. Ismael Meziani aljeriarraren —Valentzian (Herrialde Katalanak) bizi da— familiak saltzen ditu merkatuko postrerik ospetsuenak. Gozo bat eta Magrebeko te bat hiru euro eta erdian saltzen ditu; hori da bezeroek gehien eskatzen diotena. Esperientzia handiko saltzailea da, eta badaki jendea nola erakarri: «Duela hamahiru urte etorri nintzen Gasteizera, eta ez nintzen oroitzen bertako jendea nolakoa zen. Sekulako harrera izan dugu, eta eskertzekoa da hirian dagoen kulturen arteko elkartasuna».

Ismael Meziani eta haren emaztea gozoak saltzen. BERRIA
Saltzaileak gozoak saltzen. UNAI ETXENAUSIA

Saltoki gehienetan janaria bakarrik saltzen duten arren, dekorazio edota higiene produktuak saltzen dituztenak ere badaude. Eskumuturrekoak, zintzilikarioak, belarritakoak eta harriak saltzen dituzte, besteak beste.

Gasteizko jaietako arabiar azoka ezinbesteko parada da kultura arabiarra bizitzeko. Etorkin arabiarrek hiriari ekarri dioten aberastasunaren eta aniztasunaren lekuko bizia bilakatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.