Haurra zela zientziaren alorra maite bazuen ere, euskal filologian lizentziatu zen Elena Martinez de Madina (Gasteiz, 1962). Euskaltzain urgazlea ere bada, eta urte luzez Arabako toponimia ikertzen aritu da. Egun, ikerketan ez ezik, gai zenbaiten dibulgazioan ere badabil lanean. Besteak beste, egun emakumeek duten egoeraz mintzo da.
Euskal ikasketak egindakoa zara. Zer dela eta?
Nire ahizpa maistra zen, eta 24 urte zituela hil zen, istripu batean. Hori garrantzitsua da euskal filologiaren ikasketak zergatik egin nituen jakiteko. Franco hil zenean, Arabako Foru Aldundiak martxan jarri zuen irakasle berriak euskalduntzeko programa bat. Baserrietara eramaten zituzten euskara ikastera. Kasu honetan, nire ahizpa Nuarbera [Azpeitia, Gipuzkoa] joan zen beste maistra batekin batera.
Beraz, ahizparengandik jaso zenuen euskara?
Gurasoek eta aitona-amonek ez zekiten euskaraz, gasteiztarrak baitziren. Ahizpak bazekien, eta anaiak ere euskara eskolak ematen zituen. Giro horretan hazi nintzen, eta, etxeko gazteena izanik, haiek ziren eredu; hein batean, haiengandik jaso nuen euskara. Gainera, euskal kulturaren, folklorearen inguruan ere ibiltzen nintzen; txistua jotzen nuen. Horrez gain, euskal filologia ikasi bitartean, euskara eskolak ematen hasi nintzen. Areago, euskararen gaitasun agiria atera nuen.
Eta nolakoa izan zen ikasketetan eginiko ibilbidea?
Ikerketa asko gustatzen zitzaidan, nahi nuen mundu horretan sartu. Henrike Knorrek proiektu berri batean parte hartzeko eskaintza egin zidan. Historialariekin batera artxibategietan aritzen ginen materiala biltzen. Knorr, ordea, hil egin zen oraindik ezer argitaratu gabe zegoela. Gero, Euskaltzaindiak ikerketari ekiteko aukera eskaini zidan.
Zein da ikerketa hori?
Gasteizko Udalak babestutako ikerketa bat da, toponimia aztertzeko. Hitzarmen bat egin zuen Euskaltzaindiarekin, eta azken hori izan zen nire ikerketa abiatzeko proposamena egin zidana. Hala ere, horretarako konpromiso bat hartu behar nuen: bi urtean behin liburu bat argitaratzea. Ordu arte toponimiaz ezagutzen nuen bakarra esanahia zen: leku izenak zirela.
Horrela sartu zinen toponimiaren alorrean?
Urik gabeko igerileku batera egin nuen jauzi, eta 24 urte igaro dira geroztik. Proiektu honetan sei mende hartzen dira oinarri, XIV.etik hasita gaur egun arte; eremuari dagokionez, berriz, Gasteizko Udalak barnean dituen 64 herritako leku izenak. Ikerketan toponimia txikia deritzona aztertzen da: soroak, iturriak, mendiak eta errekak, besteak beste. Mendez mende gehienak desagertu egin dira; beste batzuk mantentzen dira, baina beste itxura batekin.
Beste itxura batekin?
Garai eta belaunaldi berrien ondorioz, hitzek eraldaketak dituzte; finean, hizkuntza beti dago bizi-bizi. Zenbait izan daitezke desitxuraketa horretan eragin dezaketen faktoreak. Baliteke idatzizko dokumentuetan eskribauak gaizki jaso izana, edo ahoz aho esandakoek ere aldaketaren bat edukitzea. Hala ere, sarritan hitzen eraldaketa hori nabarmenagoa da azken 40 urteetan.
Hori al da ikerketaren emaitzetako bat?
Emaitza gisa esango nuke Gasteizko Udalean ia osoa euskarazko toponimia dela XVIII-XIX. mendeetara arte. Areago, kale askok daramatzate toponimoen izenak: Mendizorrotza eta Lakua, adibidez. Beste askok jatorrizko itxura galdu dute; zaila da ikerketa egitea. Harriz betetako zaku batean, bakoitzaren ezaugarriekin, puzzlea osatu behar da toponimoa zein den jakiteko.
Bada, zer eskain diezaioke toponimiak herriari?
Lehenbizi, kontu garrantzitsu bat eduki behar da kontuan: Araban, gure toponimia da euskararen lekukorik onena. Hori herriak jakin behar du. Izan ere, egunerokoan ez dugu pentsatzen inguruko izenak euskaldunak direnik, baina nahiz eta sarritan eraldaketa izaneta jatorrizko forma galdu, euskal izenak dira lehen bezala. Badirudi Gipuzkoatik edo Bizkaitik etorritako hitzak direla, baina ez da hala: leku izen horiek gureak, arabarronak dira.
Onomastika batzorde batean ere bazabiltza urte luzez.
Bai, Euskaltzaindiko onomastika batzordean. Toki izen, pertsona izen eta abizenak ikertzeaz arduratzen den arloa da; gure kasuan, Euskal Herri osora hedatzen da azterlana. Bertan lehen urratsak 1999an egin nituen, eta 2004an batzordekide egin nintzen. Geroago, berriz, 2013an, euskaltzain urgazle izendatu ninduten. Hala ere, horrek ez du zerikusirik nire lanarekin. Autonomoa naiz, eta Euskaltzaindian, batzordean egindako lana hizkuntza maite dudalako egiten dut.
Nola jaso zenuen euskaltzain urgazle izateko eskaintza?
Niretzat oso garrantzitsua izan zen, sekulako ilusioa egin zidan. Ikerketan, lanean hainbeste urtez aritu ostean, haiek proposatzen dizute urgazle izatea. Kontuan hartu behar da nire profila ere ez zela «ohikoena». Izan ere, 22 urterekin euskaldundu nintzen, gasteiztarra, hiritarra nintzen, eta erroak ere bertakoak nituen. Gainera, emakume moduan ere lehena izan nintzen.
Eta egun nola daude batzorde horiek?
Gure etxean jende gutxi dago. Batzordeen sorrera garaian gazteok ginenok hasi ginen lanean, baina zahartzen ari gara. Egia esanda, ez dago belaunaldi aldaketarik, eta zaila da, egunero jan behar delako. Proiektuak ere ez daude finantzatuta ikerketari heltzeko; hala ere, garbi dago lekuko aldaketa behar dela. Horretarako, dibulgazioa tresna garrantzitsua da.
Dibulgazioa?
Bai. Batetik, ikerketa herriak finantzatzen du, eta garranzitsua da aztertutako hori zabaltzea. Gainera, toponimiako azterketen ondorioak ere ezinbestekoak dira nortasuna eraikitzeko. Hala ere, toponimia edo onomastika arloetatik aldenduta, emakumeen egoerari buruzko dibulgazioan ere jarduten dut. Zenbait hausnarketa egin izan ditut.
Zeintzuk?
Emakumea naiz, eta arlo honetan zein gainontzekoetan ondo dakigu horrek zer esan nahi duen. Emakumeok borrokatu behar dugu, hor gaudela esan eta gure lekua aurkitu. Zailtasunak ere edukiko ditugu; bide asko moztu dizkigute. Baina optimista naiz, aurrerapausoak eman dira, eta uste dut egun egoera ere aldatzen ari dela.
Eta euskararen aldeko borroka nola dago?
Lehen pausoa emana dago: euskaraz badakigu. Baina bi arazo daude: batetik, ez dugu erabiltzen; bestetik, konplexutasuna dago, batik bat hiriburuetan. Zenbait gazte elkartzen dira unibertsitateetan, eta euskaldun jatorrek hiriburukoei leporatzen diete euskaraz ongi ez egitea. Gazte horiek beren euskalkia ere ezdute ongi erabiltzen. Ez da ez euskalkia, ez euskara batua, idiolektoa baizik; hau da, pertsona bakoitzaren euskara. Horiek aldatu behar dute ikuspuntua, eta baloratu behar da errealitate anitzetan euskaraz jardutea.
Eta orain, zeintzuk dira aurrera begirako asmoak?
Helduagoa naizenean, ikerkuntza gutxiago eta dibulgazio gehiago egin nahiko nuke. Eta ez zerbait erakusteko edo irakasteko, baizik eta kontatzeko. Eta kontatzen den hori jendearentzako baliagarria bada, are hobeto.
Elena Martinez de Madina. Euskal filologoa eta euskaltzain urgazlea
«Araban, gure toponimia da euskararen lekukorik onena»
Euskal kultura eta folklorea txikitatik izan du gertuko Martinez de Madina gasteiztarrak. Hala ere, gaztea zela ikasi zuen euskaraz. Euskal filologia ikasi zuen, eta toponimiaren arloko aditua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu