Arabako eskolarteko 34. euskal dantza topaketa egingo dute etzi, Gasteizen. Euskal dantzak gazteengan oraindik badu presentzia, eta dantzariek hilabeteotan ikasitakoa erakusteko aukera paregabea izango dute larunbatean. 5 eta 16 urte arteko umeak eta gazteak izango dira protagonista.
Mikel Ahedo Arabako Dantzarien Biltzarreko kideak azaldu du «bi zatitan» banatuko dutela eguna. Goizean, Gasteizko Adurtza auzoan hasiko dituzte ekitaldiak. «Adurtza dantza taldeak hainbat dantza egingo ditu auzoan, hiru gunetan». Baina gasteiztarrak ez dira bakarrik egongo. Portugaleteko (Bizkaia) Berriztasuna dantza taldea Gasteizen izango da. «Elkartruke moduko bat egingo dugu Berriztasuna dantza taldearekin. Haiek guregana etorriko dira, eta Adurtzakoak Bizkaira joango dira ekainean, haien topaketetara», azaldu du Ahedok. 11:30etik 13:30etara arituko dira dantzan auzoan. Eguraldi txarra eginez gero ere badaukate alternatiba bat: «Badirudi euria egingo duela. Hala bada, Hegoaldeko gizarte etxean egingo ditugu goizeko emanaldiak».
Arratsaldean egingo dute ekitaldi nagusia, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 17:30ean. «Goizeko bi taldeei beste lau gehituko zaizkie arratsaldean: Gasteizko Arantzabela ikastolako dantza taldea eta Jare dantza taldea; eta Dulantziko [Araba] Haize dantza taldea eta Zigoitiko [Araba] Oketa Alai dantza taldea», azaldu du Ahedok. Arabako Dantzarien Biltzarreko kideak azpimarratu du oso garrantzitsua dela topaketa hori ume eta gazteentzat, haien entseguen emaitza erakuts dezaketelako: «Etorkizunean emanaldirik eduki gabe entseatzea ez da berdina. Orain, irailetik ikasi duten guztia erakusteko aukera paregabea izango dute. Urte bukaeran aukeratzen dituzte dantzak, eta hurrengo hilabeteetan entseatzen dituzte». Goizean bezala, arratsaldean ere Hegoaldeko gizarte etxeko kiroldegira joango dira euria eginez gero.
Hamahiru dantza egingo dituzte dantzariek. Ahedok esan duenez, normalean Agintariena dantzarekin hasten dira euskal dantzako emanaldi gehienak, eta etzi ere hala hasiko da. Ondoren, beste hainbat ikusi ahalko dira; hala nola orpo punta, txakolin, makila txiki, sagar dantza,Guardiako jota eta txulalai. Sei dantza taldeetako kideak batuta, guztira berrehun partaide izango dira. Musikariak Adurtza eta Berriztasuna dantza taldekoak izango dira. «Erakusketa bat da; izenak esaten duen moduan, topaketa bat. Ez dago inolako lehiakortasunik, egitasmo hauen helburua ez baita hori», adierazi du Ahedok.
Dantzari gutxiago
34. aldia izan arren, ez dira 34 urte jarraian izan. COVID-19ak eragindako konfinamenduaren harira, 2020an eta 2021ean ez zen topaketarik izan. «COVID-19ak ondorio asko izan ditu, eta haietako bat dantzarien beherakada izan da. Biztanle gutxi gara Araban beste lurraldeekin alderatuta, eta, gainera, hainbat dantza taldek utzi egin diote dantzatzeari», aitortu du Ahedok. Baina hori ez da Araban soilik gertatu; batzordekideak adierazi du Euskal Herri osoko arazoa dela: «Agian, Araban gehiago nabaritzen da, baina gutxiago garelako. Bizkaian hiri oso handiak daude, eta Gipuzkoan, adibidez, hemengo herritarrak halako bi dira han kopuruari dagokionez». Ahedok nabarmendu du Nafarroan oraindik indar handia duela euskal dantzak, eta talde asko daudela han.
Dantzari kopuruaren beherakada aipatzeaz gain, emakumeen garrantzia ere nabarmendu du batzordekideak: «Emakumeengatik ez balitz, euskal dantza desagertuta egongo zen. Gero eta mutil gutxiago ikus daitezke emanaldietan; talde askotan denak emakumeak dira. Esango nuke dantzari guztien herenak baino gutxiago direla mutilak. Emakumeek eusten diote mundu honi». Historikoki mutilen dantzak izan direnak emakumeen esku gelditu dira gaur egun; azeri dantza, adibidez.
ARABAKO ESKOLARTEKO EUSKAL DANTZA TOPAKETA
- 11:30. Adurtza dantza taldeak eta Berriztasuna dantza taldeak Gasteizko Adurtza auzoko hiru gunetan egingo dituzte emanaldiak. Euria eginez gero, Hegoaldeko gizarte etxean.
- 17:30. Dantza talde guztien emanaldiak, Andre Maria Zuriaren plazan. Euria eginez gero, Hegoaldeko gizarte etxean.