Asteburuko proposamenak

Arabako Mintza Eguna ospatuko dute etzi

Gasteiz. Orain arteko mintzalagunak biltzeko eta berriak erakartzeko helburuz egitarau zabala prestatu dute

jon eskudero
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Lurralde osoko mintzalagunak biltzeko asmoz, eta berriak erakartzeko helburuz, Arabako Mintza Eguna ospatuko dute etzi Gasteizen. Orain dela bi ikasturte, 1.000 mintzalagun inguru hasi ziren biltzen astean behin, Araban, euskaraz aritzeko. Kopuruak gora egin du etengabe, eta arrakasta hori festa batez ospatu nahi dute. Hain zuzen ere, egitarau zabala prestatu dute etzirako.

Mintzapraktika egitasmoan parte hartzen duten berbalagun guztiak biltzeaz gain, Arabako euskaldun guztiei dei egin diete hara joan daitezen. Mugimenduaren tamaina ezagutarazi, eta, bide batez, parte hartzaileen arteko harreman sare euskaldunak indartu egin nahi dituzte.

Albokarien eta bertsolarien jardunarekin hasiko da eguna. Horrekin batera, Gasteizko mintzalagunek prestaturiko hamaiketakoa dastatu ahal izango da, 11:00etan. Ondoren, mintza probak izango dituzte. Aurreratu dutenez, hainbat ariketa egingo dira: pasahitzarena, esaera zaharrak bertsotan, palindromoak... 13:00ean, Araba Mintza Kantuz kantujiraren txanda izango da. Eguerdian, babarrun janaz gozatzeko aukera izango da.

Arratsaldean ere ez da ekitaldirik faltako. Araba Saltzen izeneko lehiaketa egingo da 16:00etan. Hortik aurrera, musika taldeen kontzertuak nagusituko dira. 17:00etan Fan&Go taldea ariko da, eta 19:00etan Akelarre txaranga ibiliko da kaleetan barrena.

Joan den urtean, Murgian ospatu zuten Arabako Mintza Eguna, eta arrakastatsua izan zen. Jende ugari bildu zen. Aurten kopuru horrek gora egitea espero dute antolatzaileek.

ARABAKO MINTZA EGUNA

Non. Gasteizen.

Noiz. Etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.