Gasteizko airean usain berezi bat dabil: egurraren, belar lehorraren eta lan xehearen lurrina. Udaberriko goiz batean, hiriko bihotzean, Urrezko Zeledonen plaza ez da plaza soil bat. Egunerokoaren zarata eten, eta denboraren joan-etorrian galdu daitekeen zerbait berreskuratu da han: eskuz egindakoaren balioa, poliki eta maitasunez egindakoaren xarma. Hasi da Lan Ta Lan azoka, eta, harekin batera, eguneroko errutinan murgilduta dabilen jendearen begiek atseden hartzeko aukera izan dute, artisau bakoitzaren lan trebe eta zainduen aurrean. Astelehenera bitarte, etenik gabe, goizez eta arratsaldez, plaza bizitzaz beteko da.
Betikoak dira saltoki asko, eta berriak beste asko. Gasteiztarrentzat, baina, urteroko klasiko bat bilakatu da Lan Ta Lan artisautza azoka. Goizeko hamaiketan, puntu-puntuan, dena miatu eta erosteko asmotan bertaratu dira bisitarietako asko. Azokan zehar ibiltzea zentzumenentzako esperientzia da: bitxigintzako piezak, xehetasun milimetrikoekin zizelkatuta; kosmetika naturalen usain goxoak; eta estanpazio botanikoaren magia, naturaren forma eta koloreekin jolastuz ehunetan eta paperean. Bakoitzak bere historia du, eta horrek egiten du azoka berezi.
Saltoki bakoitzean, artisau bat aurkitu daiteke: kontakizun bat, grina bat, eta nork bere lana bizitzeko modu bakarra. Xaboiak, aurpegian emateko olioak eta tankerako kosmetika produktuak saltzen ditu Oihana Santamariak La Jaboneria de la Almendra postuan. «Gesaltza Añanako [Araba] gatzarekin egindako kosmetika produktuak ere saltzen ditut. Haiekin elkarlanean hasi nintzen», adierazi du, eta gainerako produktuetatik bereizi ditu horiek. Dendan produktuak saltzen ditu, baina «geroz eta zailagoa» egiten zaio azoketara joatea: «Familia eta lan hau kontziliatzea ez da erraza, baina saiatzen naiz azoka batzuetara joaten». Dena dela, oraindik ere artisau azokak «aintzat hartu» behar direla uste du.

Bi postu eskumara, egurra modu berezian lantzen duen saltoki bitxia dago: Egurra Ukitzen, Elena Bueno zurginarena. Haren lanek arreta berezia pizten dute, batez ere egurra eta goroldioa uztartzen dituzten pieza dekoratiboek. «Goroldioa tratatu eta koloreztatzen dugu. Belarritakoak ere egiten ditugu, eta badaude piezak egurra bustiz eta deskarga elektrikoekin margotuz sortzen ditugunak, horrela marrazki bereziak lortuz», azaldu du Buenok. Haren hitzek argi uzten dute egurraren lanketa berezia eta sortzailea dutela oinarri. «Gure piezarik berezienak eta bakarrenak ordenagailuko saguak mugitzeko egiten ditugun euskarri bereziak dira. Egurrezkoak dira!», adierazi du gero, zirraratuta.

Bezeroa ere protagonista da. Artisauen eta bisitarien arteko elkarrizketek, produktuak lehen aldiz ikustean haurrek jartzen dituzten aurpegi bitxiek eta irri artean egindako erosketek ematen diote benetako bizitza Lan Ta Lan azokari. «Itxaron, seme, belarritako batzuk begiratu nahi ditut eta», esan du ama batek. Azkenean ez du ezer erosi... baina hurrengo postuan bai. Aukera hainbestekoa izanik, zaila da erabakitzea zer aukeratu.
Erostekoa bakarrik ez, kultur jarduerak azokaren erakargarritasunaren parte dira. Saltokietatik gertu kokatutako karpa handi batean tailerrak eta aurkezpenak izan dira. Haurrak bitxi sinpleak egiten edo estanpazio teknikak ikasten aritu dira; helduek kosmetika naturalaren inguruko hitzaldiak jaso dituzte, eta kontsumo arduratsuari buruz hausnartzeko aukera izan dute. Bihar, esaterako, Como Tu Quieras taldearen kontzertua izango da, 18:30ean.

Lan Ta Lan azokak udaberriari ongietorria eman dio: kolorez, testuraz eta harremanez beteriko espazio bat sortu du, eskulangintza garaikidearen erakusleiho bilakatuta. Aurten ere zabalik utzi du sortzaileekiko miresmenaren eta artisau lanaren balioaren atea. Urtez urte indarra hartzen du azokak, eta eskulangintzaren garrantzia aldarrikatzen jarraitzen du: tokiko ekonomia sustatuz, lan duina balioetsiz eta sorkuntza propioaren bidez komunitatea ehunduz.