Bere marrazkien gardentasun eta zehaztasun berberaz mintzo da Toni Llobet (Bartzelona, 1975). Euskal Herrian izan da, Aranzadi zientzia elkarteak argitara emandako natur gida txikiak aurkezten. Erreferentziazko ilustratzaile zientifikoa da. Katalunian hasi zen halako gidekin, Oryx liburu dendarekin eta Lectio editorialarekin batera. Eskura daude liburu dendetan.
Artista bihurtutako naturalista zara? Edo alderantziz?
Ez daukat oso argi. Uste dut biak paraleloan doazela, baina uste dut naturalista naizela gehiago artista baino. Eta artista ere ez naiz oso ona. Esango nuke irudien itzultzaile nahiko balekoa naizela.
Baina nola bururatzen zaizu garaiotan paperaren alde halako apustua egitea?
Pentsa ezazu sakelakoak baino ezagutu ez dituen belaunaldi horrentzat zer-nolako basakeria den mapa kartografiko bat deskubritzea. «Ostias! Den-dena daukat azalera berberean!», esango du. Bada, gida hauek horixe daukate: den-dena hortxe dagoela.
Bai, baina gazte horrek esango dizu: «Emadazu niri aplikazio on bat. Google Lens-i galdetuko diot eta kito».
Aplikazioek ezjakintasuna konpontzen dute, baina ez duzu ezer ikasten haiekin. Aplikazioak esango dizu lore hori zein den, baina belarri batetik sartu eta bestetik aterako zaizu. Hemen [gida bat hartu du esku artean], barneratze prozesu bat dago.
Horiek erromantikoen hausnarketak dira.
[Barrez] Bai, halakoxea naiz, 75eko erromantiko bat.
Baina egia da jendeak pentsatzen duela ikatz ziri, arkatz eta akuarelekin marrazten duzuela zuen koadernoetan oraindik.
Ez da horrela. Nire kasuan ez, behintzat. Ni 1997an hasi nintzen digitalean lan egiten. Oso erreminta praktikoa da. Horrek ez du esan nahi akuarelekin margotzea gustatzen ez zaidanik.
Eta esaten duzu horrek «arriskatzeko» aukera ematen dizula?
Bizitzan control-z egiteko aukera bagenu, gehiago arriskatuko genuke: funtzionatzen ez duena atzera bota, eta bestea gorde.
Natura desegiten jarraitzen badugu, lanik gabe geldituko zarete.
Ez dut uste, edo ez nuke nahi. Gu desagertuko gara lehenago. Edo utziko dugu museoa koadro gutxiagorekin, baina aterako dira berriak. Landareen kasuan, inbaditzaileak.
Askotan galdetuko zizuten: «Baina marraztu dituzun guztiak ikusi dituzu?».
Klasiko bat da, bai. Esateko moduan nago, gida txiki hauen kasuan, marraztutako guztiaren %90 nire begiz ikusi dudala. Hegaztien, loreen eta landareen oso zalea naiz. Tximeleten kasuan, gutxiago. Izan ere, asko irteten naiz mendira, nahiz eta ez dudan mendian marrazten.
Zertan lagun dezake arteak eta ilustrazioak biodibertsitatearen defentsan?
Lagunduko du natura zerbait erakargarri eta estetiko bihurtzen badu, kulturala den zerbait bihurtzen badu. Izan dadila biodibertsitatea ere zerbait kulturala, ez bakarrik Erromanikoa. Bizirik dagoen ondare hori ondare kulturala bada, erreakzio bat sortzen da hura babesteko, eta, adibidez, lore betean daudenean biribilguneak ez segatzeko. Baina, horretarako, bizirik dagoen ondare horrek gizarteen DNAren parte izan behar du. Eta hau guztia [gidari heldu dio berriz] ekarpen bat da hori horrela izan dadin.
«Ingurumenean alfabetatzea» aipatu izan duzu zuk.
Bai, baina hau guztia gehiago da alfabetatze naturalista bat; lehen urratsa. Mahai gainean zer karta ditugun jakitea. Eta hauek dira [gidak erakutsi ditu berriz, eta eskinosoa ikusi du]. Izan ere, baldin badakizu eskinosoak —benetan berezia da euskara!— haritzaren ezkurrak jan eta gordetzen dituela, hurrengo urratsa izango da Europako haritz basoen suntsiketaz ohartzea.
LOTSABaKO
Erreferente bat da... Robert Hainard suitzarra.
Kariño berezia diezu...
Itsasertzeko marrazkiei eta tximeletenei.
Marrazteko zailenak dira...
Beti, orkideak.