Hogei filmetan baino gehiagotan parte hartu du, eta sariak jaso ditu Frantzian, Uruguain eta Portugalen, besteak beste. Makina bat telesailetan ere aritu da Josean Bengoetxea (Donostia, 1964); Movistar+ek berriki eman duen La Zona-n, adibidez. David Macianekin film labur bat grabatu zuen aurreko asteburuan.
Thriller psikologikotzat jo dute Presunto Culpable Antena3eko telesaila. Julenen rola jokatzen duzu. Nolakoa da?
Julen istorioko arrantzale bakarra da. Bi familia daude, bata bestearen kontra. Eta Julen bi familietako baten aita da. Pertsona ona da, nahiko isila, eta borroketatik alde batera gelditu nahi duena. Julenen alaba desagertu egingo da, eta jendeak hiltzat emango du. Paristik iritsitako biologo bat joko dute erruduntzat.
Grabaketak ondo doaz?
Bizkaiko kostaldean kanpoko eszenak grabatu ditugu, joan den astera arte. Aste honetatik aurrera Madrilen ibiliko gara, barneko eszenak grabatzen. Apirilera arte batera eta bestera ibiliko gara, hilabete bat Madrilen eta bestea Bizkaian. Gu ohituta gaude Euskal Herriko eguraldiarekin, baina Madriletik iritsi diren batzuei gogorra egin zaie. Hamahiru atal grabatuko ditugu. Nik arrantzalearena egiten dudanez, eszena batzuk itsasoan grabatu ditugu, baina gustura. Itxura ona du telesailak.
Beste euskal aktore batzuk ere taldean dituzu.
Bai, Itziar Atienzak herriko alkatearena egiten du. Iñigo Aranburu eta Patxi Santamaria ere taldean daude.
Antena3eko telesail batzuk oso ondo ari dira funtzionatzen. Presunto culpable arrakastatsua izango dela iruditzen zaizu?
Zuzendariak Alejandro Bazzano, Alberto Ruiz Rojo eta Menna Fite dira. Bazzanok sariak jaso ditu La casa de papel eta Mar de cristal telesailengatik, eta aipatzen du datorren urtean Presunto culpable sarituko dutela. Eskarmentua dute. Nik haiekin Acusados telesailean egin nuen lan.
Allí abajo-n euskal aktore ugari daude. ETBn Go!azen baino ez dagoenez, Madrilgo kateetara jo behar dute euskal aktoreek, ezta?
Minarekin ikusten dut egoera, oso gaizki. Kate publiko bat aurrera ateratzearen aldekoak izan gara beti. Talde publiko askotan daude gauzak gaizki, baina ETB gurea da, eta min bikoitza daukagu.
Goenkale kendu zutenean, imajinatzen zenuen ETBko fikzioa hain murritza geldituko zenik?
Egia esan, horrelako zerbait espero nuen. Joera beti beheranzkoa zen. Goenkale desagertzea ez zen bat-bateko zerbait izan. Baldintzak gero eta kaskarragoak ziren. Baneuzkan datu batzuk, beste autonomia erkidego batzuetako telebista kateenak.
TVErako, bestalde, Inhibidos telesail digitalean parte hartu duzu. Zer moduz joan da?
Zoragarria izan da, batez ere Irene Arzuaga zuzendariarekin lan egiteagatik. Duela 30 urte inguru film labur batzuetan egin nuen lan berarekin, eta berriro elkarrekin aritzea ederra izan da pertsonalki. Hamar egunetan zortzi atal grabatu genituen, nahiko eromena, baina erraza izan zen.
Websailek etorkizuna izan dezaketela iruditzen zaizu?
Ez dakit. Nahiko atzeratuta gaude. Bere publikoa dute, publiko gaztea. Aurrekontu aldetik ez dira hain garesti ateratzen. Ikusten dut dena gero eta espezifikoagoa dela. Eskaintza oso handia da, baina ez dakit merkatua dagoenik hainbeste telesail irensteko. Konpetentzia sekulakoa da. Bestalde, badaude grabatu diren telesailak estreinatu ez direnak.
TVEko La República-ren bigarren denboraldia, adibidez.
Manuel Martin Cuenca zuzendaria nire laguna da. Esaten du maila handiarekin grabatu zela, eta gordeta egotea pena dela. Espainiako Gobernuan aldaketa egon zelako utzi dute eman gabe.
2018an hainbat filmetan ikusiko zaitugu, ezta?
Euskarazko Errementari eta Oreina filmetan. Bestalde, Bajo la piel del lobo eta Cuando dejes de quererme gaztelaniazko filmetan ere bai. Antzerkian gogoko gauzak egin nahiko nituzke orain.
Josean Bengoetxea. Aktorea
«Apirilera arte, Bizkaia eta Madril artean ibiliko gara»
Egunotan Urdaibain ibili da Bengoetxea, 'Presunto Culpable' telesaila grabatzen. Julen arrantzalearena egin du. Barneko eszenak grabatzera, Madrilera joango da orain taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu