Apaltzen ari diren korrokak

Euskal Herrian ezagutzen diren anfibio espezieen erdiak mehatxatuta daude, eta %28 galzorian. Hona arrazoi nagusietako batzuk: habitataren suntsiketa, espezie inbaditzaileak haien inguruetan askatzea eta gorabidean diren gaixotasunak zabaldu izana. Adituek ingurumen hezkuntza eskatu dute.

Baso igel jauzkariaren artxiboko irudi bat. BERRIA.
Iker Tubia.
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Lurrean dagoen talde taxonomiko zaharrenetako bat da anfibioena. Milioika urte daramate planeta honetan bizitzen: 200 milioi urte inguru, hain zuzen ere. Bizi izan dituzte gorabehera handiak eta klima krisi handiak, glaziazioak eta abar. «Denak gainditu dituzte, baina orain kinka larrian daude. Leku askotan desagertzen ari dira. Zer pentsa eman beharko liguke», esan du Ion Garinek.

Aranzadi zientzia elkarteko Herpetologia Saileko biologoa da Garin. Berriki argitara atera dituzten datuen arabera, Euskal Herrian hemezortzi anfibio espezie ezagutzen dira, eta horietatik %56 arrisku egoeran dauden espezieen katalogoan agertzen dira. Are, %28 desagertzeko arriskuan daude. Zehazki, Euskal Herriko bost espezie dira galtzeko arriskuan daudenak, eta zaurgarrien taldean beste bost espezie daude. Espezie horien arrisku maila ez da berdina lurralde osoan.

Arazoa orokorra da: «Mundu mailako eboluzioaren isla da Euskal Herriko egoera. Ez gara uharte bat; anfibioek gainbehera globala bizi dute, eta Euskal Herrian ere ikus daiteke». Nazioartean inoiz egindako azterketarik handiena egin du IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak, eta haien datuek iragarri dute, besteak beste, anfibioek bizi duten egoera larria. Aranzadi Zientzia elkartea arduratu da Euskal Herri osoko datuak batzeaz. Horrekin batera, duela bi urte anfibioaren kontserbazioari buruzko jardunaldiak antolatu zituzten, eta han ateratako ondorioak eta egindako batzordeak monografiko bat argitaratzeko baliatu dituzte Munibe Monographs aldizkarian.

Gainbehera horren erantzule nagusia habitaten suntsiketa da. «Historian zehar frogatuta geratu den arrazoi bat da. Hezeguneak desagerrarazi dira historian zehar, leku horiei ez zitzaielako baliorik ematen gizartean. Habitat horiek suntsitzeak zuzenean eragin du anfibioengan», azaldu du Garinek.

Anfibioen «penitentzia»

Lurra kolonizatu zuten lehenengo ornodunak izan ziren anfibioak, eta, horrek, «penitentzia» bat ekarri die, albo batera utzi ezinekoa: ugaltzeko ura erabili behar dute, derrigorrez. «Errekastoak edo putzuak behar dituzte beren zikloa osatzeko, eta, horrek, bi aldiz zaurgarri egiten ditu, bi habitaten menpekoak baitira». Izan ere, euren bizitzaren parte bat uretan pasatzen dute, eta, beste bat, uretatik kanpo. «Suntsi daiteke putzu bat, eta horrek beren ondorengoetan arazoak sortuko ditu. Putzuaren inguruko baso edo larreen kudeaketak ere eragin dezake: pestizidak erabiltzea, kutsadura...».

Produktu agrokimiko batzuen eragina eta zuhaitz landaketa exotikoak aipatu ditu Aranzadik anfibioen egoeraz ohartaraztean. Zuhaitz landaketek anfibioetan duten eragina neurtzeko ikerketa egin du berriki zientzia elkarteak. Harizti, pinu eta eukalipto landaketak izan zituzten aztergai. «Ondorio asko atera genituen, baina nagusiena zen eukalipto landaketetan espezie aberastasuna eta indibiduo kopurua pobreagoak zirela pinu eta harizti landaketetan baino. Beharbada, eukaliptoak ur asko xurgatzen duelako eta ez duelako uzten hezeguneak sortzen. Hezegune gutxiago daude, eta dauden horiek, nahiko erraz lehortzen dira», esan du Garinek.

Habitaten suntsiketa ez da anfibioen mehatxu bakarra, aitzitik. Kanpoko espezieak sartzea da horietako bat: «Kanpoko arrainak, dortokak edo karramarroak askatuz gero, anfibioen populazioen bilakaera edo biziraupena kolokan jarri daiteke». Alde horretatik, garrantzitsua da dibulgazio lana egitea eta ingurumen hezkuntza zabaltzea. Horretarako, inbertsioak egiteko eskatu du Garinek. «Anfibioek dituzten mehatxu handienetako bat da espezie inbaditzaileen sartzea, eta, hori saihesteko, garrantzitsua da». Informazio kartelak paratzea izan daiteke neurrietako bat, jendeak karramarroak, dortokak eta arrainak askatu ez ditzan.

Horri beste faktore bat gehitu behar zaio: gaixotasunak. «Guk duela hiru urte pandemiarekin bizi genuen prozesuaren antzerako egoera bat bizi dute anfibioek munduan, gaixotasun emergente deitzen direnekin». Mundu osoan zabaldu diren gaixotasun horien bektore, hain zuzen, pertsonak izan direla ohartarazi du Garinek: ikertzaileak, arrantzaleak... «Izan ere, botetan eramaten ditugu». Beraz, espezie mehatxatuekin lan egiteko ezinbestekoa da ikertzaile espezializatuak aritzea, arazoak saiheste aldera.

Neurtzeko manerak

Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuna da animalia eta landare espezieak arrisku egoeraren arabera sailkatzen dituen erakundea. Zerrenda gorriak sortzen dituzte, eta, zenbait irizpideren arabera, kategoria batean edo bestean sartzen dituzte. Irizpide horietako bat espezieen banaketa da, denbora tarte laburrean edo luzean gorabeherarik izan ote duen begiratuta. Beste bat populazioaren tamaina da. Hirugarren faktorea azkenaldian «nahiko boladan» dago: iragarpenak. «Dagoeneko gai gara aurreikusteko, klima aldaketak ekar ditzakeen egoeren arabera espeziek zer-nolako bilakaera izango duten». Azkenengo irizpidea adituena da. «Askotan ez da kontuan hartzen», ohartarazi du Garinek. «Batzuetan, adituek, datu asko izan ez arren, baloratzen dute espezie bat sartu behar dela». Lehenbiziko bi irizpideak dira gehien erabiltzen direnak: tamaina eta banaketa. «Arazoa da askotan ez garela gai zenbatzeko, ez ditugulako datu oso onak. Horregatik ari gara geroz eta gehiago espezieen inguruko informazioa biltzen».

Aranzadi zientzia elkarteak urte anitz darama anfibioak ikertzen. Hegoaldeko zuhaitz igelaren jarraipena egiten, adibidez, duela 25 urte hasi ziren, eta kostaldeko apo lasterkariarekin lanean ari dira duela 20 urte. Azken urteetan uhandre piriniotarrarekin, uhandre alpetarrarekin eta baso igel iberiarrarekin ari dira lanean.

Behaketa hori nola egiten duten azaldu du Aranzadiko biologoak. Espezie bakoitzak bere berezitasunak dituenez, ez da beti metodologia bera erabiltzen. «Banaketa gehien mugatua duten espezieetan, ohikoena da zenbaketak eta erroldak egitea. Horretarako, bide desberdinak daude: zenbatu ditzakegu ar kantariak, emeen erruteak zenbatu daitezke, edo, uhandreei dagokienez, ibilbideak egiten ditugu erreketan, eta kontatzen dugu ea zenbat ikusten ditugu metroko. Putzuetan salabardoaz jasotzen ditugu ,eta minutuko zenbat ikusi ditugun zenbatzen dugu».

Herritarren parte hartzea ere erabiltzen dute, baina espezie arruntekin egin ohi dute hori. «Espezie arruntak, normalean erakundeek aztertzen ez dituztenak, oso garrantzitsuak izan daitezke; adibidez, tenperaturak eragiten ote dieten eta zuhaitz landaketek nola eragiten dien neurtzeko. Joko handia ematen dute, oso zabalduta daudelako». Hala egin zuten Txio bat basoan proiektuan, baso igel gorriarekin. Jendearen parte hartzearen bidez, espeziearen banaketa eguneratzea lortu zuten, eta datu zehatzagoak eduki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.