Besoak eta bizkarra tatuajez beteta, ilea luzea eta soinean heavy metal talde baten niki beltza. Ez da ez, noski, apaiz baten ohiko itxura, baina horrelaxe ibiltzen da Koldo Intxausti (Alegia, 1975) bere eguneroko bizitzan. Azken finean gustu kontua dela dio, eta itxura, horixe da harentzat, itxura soila.
Duela urte batzuk apaiza eta heavy-a izateagatik egin zinen ezaguna. Zuk berdin jarraitzen duzu, ezta?
Bai, bai! Ni apaiza naiz, eta metala gustatzen zait. Hori hala da. Baina nik heavy baino gehiago trash eta death metala entzuten dut, oraindik ere musika gogorragoa. Hala ere, argi daukat nire kristau bizitza gauza bat dela eta ditudan zaletasunak beste bat. Musika gogorra gustatzeak ez du ezer esan nahi. Badakit jende askorentzat, agian, hori kontraesana izango dela, baina ez niretzat.
Trash eta death metala? Nolako musika da hori?
Musika gogorra da, azkarra! Pixka bat nola kantatzen duten irudikatzeko, pentsa estilo horietan kantatu beharrean katarroa dutela dirudiela... [Kar- kar-kar!]
Orduan, nabarmen esan daiteke zure zaletasunak ez direla ohikoenak apaizen artean...
Nik nire ikuspegiari eusten diot beti, besteek beste ikuspuntu bat izan arren. Egia da apaiz bat tatuatuta egoteak edo aipatu dugun musika hori entzuteak jendea harritu dezakeela, baina hasierako inpresioa besterik ez da. Gero, nirekin egoten direnean, hitz egiten dugunean, egoera normalizatu egiten da. Azken finean, zure lana betetzen baduzu, jendeak onartu egiten zaitu.
Zer moduzko bizitza daramazu apaiza izanik?
Ona. Ni oso ondo bizi naiz, gustura.
Baina gaztea zara eta zure lagunak ere gazteak izango dira. Oso desberdinak dira zuen bizitzak?
Nik oso bizitza normala daukat. Nire lana egin behar izaten dut, gainontzekoek bezala, eta hortik kanpo gustatzen zaizkidan gauzak egiten ditut, lagunekin egoten naiz, familiarekin... Eta begira, lehengo martxoan, adibidez, Herbehereetara joan nintzen kontzertu batzuk ikustera, abuztuan Txekiar Errepublikan egon nintzen metal jaialdi batean... Horrekin esan nahi dudana da nire bizitza beste edozeinena bezalakoa dela, oporretan edo jaiegunetan gustatzen zaizkidan gauzak egiten saiatzen naiz...
Atzera begira dezagun. Nolatan erabaki zenuen apaiza izatea?
Nik betidanik parte hartu izan dut parrokiako bizitzan, asko gustatzen zitzaidan. Txikitan apaiz pare bat ezagutu nituen, eta haien bizimoduak erakarri egin ninduen. Bai, hala da... Orduan, seminariora joatea erabaki nuen, eta duela bederatzi urte apaiztu nintzen. Erabaki harekin bete-betean asmatu nuen, oso gustura nago.
Eta zer da, bada, kristautasunak ematen dizuna?
Hiru hitzetan esateko: bizipoza, norabide bat eta helburu batzuk. Zoriontsu bizitzeko bide bat da, jendearekin bizitzeko eta laguntzeko modu bat. Egia da ez dela bizitzeko modu bakarra, baina bai nirea. Hortaz, niri balio didanez, bada, nahikoa dut.
Hori, hala ere, ez da gazte gehienek egiten duten irakurketa. Zergatik dago, zure ustez, hainbesteko aldea Elizaren eta gazteen artean?
Bilakaera bat izan da. Beti esan izan dut euskaldunoi taldean ibiltzea gustatzen zaigula, eta duela berrogei bat urte denak elizkoiak ziren bezala, orain, buelta hartu duenean, inork ez du ezer jakin nahi Elizarekin. Eta horrez gain, normala ere iruditzen zait gazte batek Elizarekiko loturarik ez izatea, giroa asko aldatu baita. Horregatik, orain Elizatik egin beharko genukeena da xume eta apal jokatu, beste bide batzuk aurkeztu... Orain gauzak birpentsatzeko garaia da.
Zure egunerokotasunean, zer moduz moldatzen zara mezak ematen?
Ondo. Asko izaten ditut. Zestoa txikia da, baina hiru auzo ditu, eta igandeetan, adibidez, lauzpabost meza izaten ditut. Goiz osoa pasatzen dut horretan. Gero, egia da astebarrua lasaiagoa izaten dela, hiletarik ez badago behintzat...
Eta apaiz gehienek sermoietan erabili ohi duten tonu hori zuk ere erabiltzen al duzu?
Amak hala esaten dit, bai! [Kar-kar-kar]. Normalean jendearekin hitz egiten dudanean tonu bat izaten omen dut. Meza ematerako orduan, berriz, amak «tonutxoa» jarri ohi dudala esaten dit.
Eta bukatzeko. Aukeratu beharko bazenu, zer nahiago duzu metal kontzertua ala parrokia bateko kontzertu klasikoa?
Gustatuz gero, metal kontzertura joango nintzateke. Nik onartu egiten dut: organo musika eta musika klasikoa oso ederrak dira, baina niri bestea gehiago gustatzen zait.
Koldo Intxausti
«Apaiza naiz, eta trash eta death metala entzuten dut»
Erroman Teologia ikasketak bukatuta, Koldo Intxausti Euskal Herrira itzuli zen iaz. Geroztik, Zestoa inguruan dabil tatuajez apainduriko apaiz gazte metalzalea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu