ATZEKOZ AURRERA

Antzokian ere euskaraz

Sortzen elkarteak antolatutako euskal eskola publikoaren jaia egin dute, Antsoainen. San Frantzisko, Sanduzelai eta Ezkaba eskoletako ikasleek parte hartu dute.

Antsoaingo Ezkaba ikastetxeko haurrek Musikaren doinua abestiaren koreografia egin zuten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Antsoain
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Maskarazeharkatzen zuen irribarre lotsatiz eta oholtzara ateratzeko gogoz; urduri antzean zeuden atzo Iruñeko Sanduzelai eta San Frantzisko ikastetxeetako eta Antsoaingo (Nafarroa) Ezkaba ikastetxeko haurrak. Egun garrantzitsua zuten atzo, beraiek baitziren Sortzen elkarteak antolatutako bestako protagonista nagusiak.

Maiatzean antolatzen du urteroSortzen Euskal Eskola Publiko Berriaren Aldeko Plataformak eskola publikoaren jaia Iruñean. Karrikan izaten da besta normalean, Iruñeko Takonera parkean.Aurten, ordea, desberdin izan da. COVID-19ak erabat baldintzatu du besta, eta Antsoaingo antzokian egin zuten atzo, jaialdi formatuan. Bi funtzio egin zituzten: eguerdian lehenengoa, eta arratsaldean bigarrena. Aldarri argia zabaldu zuten bi funtzioetan: euskara gelatik ateratzeko eta aisialdi eremuetara zabaltzeko beharra.

12:00etarako zegoen lehen hitzordua jarrita, baina lehenago bete zen antzokia. Parte hartzaileen gurasoak ziren gehienak, baina eguneko protagonisten anai-arreba eta aitona-amonak ere baziren han. Bereziki urduri zeuden txikiak, eta kostatu zitzaien funtzioak iraundako ordubetean isilik egoten.

Bertsolariak gidari

Haurrak oholtzara atera aitzinetik atera ziren Adriana Urmeneta eta Aitziber Garmendia Lizaso Sortzen elkarteko kideak mikrofono aitzinera. «Bestarik ezin da egin, baina komunitatea biltzeko behar handia dugu», nabarmendu zuen Garmendia Lizasok. Euskara aisialdira zabaltzeko «beharra» dagoela azpimarratu zuen Urmenetak. Hitzalditxoa bukatu orduko, mikrofonoak hartu zituzten Eneko Lazkoz eta Xabier Gartzia Terreros Terrebertsolariek. Bertso bidez egin zituzten hiru emanaldietako aurkezpenak, eta bertso bidez egin zuten euskaraz ikasi, bizi eta gozatzeko aldarria ere. Ordurako, banbalina artean gazteenen irribarreak entzuten ziren, oholtzara ateratzeko gogoz zeuden seinale.

Sanduzelai ikastetxeko haurrak izan ziren ateratzen lehenak, eta Inesa Gaxen baxenabartarraren historia kontatu zuten. 18 urte zituela atxilotu zuten Gaxen lehenengoz, sorgina izatea leporatuta. Bi narratzaileketa hamar aktorek interpretatu zuten antzerkia. Publikoaren txalo eta irri artean bukatu zuten interpretazioa.

Ondotik iritsi zen Ezkaba ikastetxeko haurren txanda. Euskal musika orotarikoa izan daitekeela aldarrikatu zuten, eta En Tol Sarmiento taldearen Musikaren doinua kanta dantzatu. Izan zen publikotik altxatu eta haiekin batera dantza egin zuenik ere. Horren ondotik iritsi zen eguneko azken interpretazioa: San Frantzisko ikastetxeko haurrek Huntza taldearen Buruz behera abestia kantatu eta dantzatu zuten.

«Bidean segi dezagun aitzinera, irribarretsu eta euskaraz», bota zuen azken bertsoan Eneko Lazkoz bertsolariak , eta txalo zaparrada luze batekin bukatu zenlehen funtzioa. Iluntzean egin zuten bigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.