Udako proposamenak

Antzinako Otsagabira

1900. urtera itzuliko dira Otsagabian heldu den asteburuan. Urteroko ohiturari jarraikiz, egitarau zabala prestatu dute Orhipean bestarako.

Joan den urteko 'Orhipean' besta. ORHIPEAN ELKARTEA
Joan den urteko 'Orhipean' besta. ORHIPEAN ELKARTEA
Iratxe Muxika
2024ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun

Urteroko prestalanetan dihardute Otsagabian (Nafarroa): arropak prestatu, materiala bildu, herria apaindu... Izan ere, 1900. urtea izanen da abuztuaren 30ean eta 31n, eta guztia egonen da orduko bizimoduan oinarritua. Orhipean besta deitzen zaio asteburuari, eta, aurtengoa, Orhipean elkarteak antolatzen duen 21. aldia izanen da. 

Ortzirale arratsean emanen diote hasiera hogeigarren mendeari, 21:30ean errekan elkartu ondotik. 22:00etan hasiko dira kalez kaleko ibilbidea egiten. Biharamunean, goizetik izanen dute egitekorik, 09:30eko kanpaikadekin batera hasiko dute-eta eguna. Ekintza eta lanbide anitz izanen dira herrian: arropa garbitzaileak errekan, gaztagileak, nekazariak, irakasleak, jostunak, dendariak, okinak... eta, eguna bukatzeko, dantzaldia eginen dute. 

Asteburu berezia da herritarrentzat Orhipean; batik bat, kulturak eta arbasoak bizirik mantentzeko modu bat delako, eta nondik datozen argiago ikusten laguntzen duelako. Ehun urteko atzera-bueltak, beraz, indar handia hartu du Nafarroako Pirinioetako herri horretan; eta, urtean behin egiten bada ere, urte osoan sumatu liteke haren eragina eta irakaskuntza. Hala uste du Jone Villanuevak, Orhipean elkarteko zuzendariak: «Jende asko etortzen da herrira, oso zabaldua dago. 3.000 lagun inguru etortzen dira urtero, baina, festa herri osoan egiten denez, ez da jende hori guztia leku bakarrean metatzen, eta, beraz, ez da jende pilaketa handirik sortzen. Neurriko kopurua da herriarentzat». 

Jantziak 

Herritar gehienek hartzen dute parte bestan, baina zuzendariak sumatzen du gazteak, oro har, gero eta gutxiago ateratzen direla. «Lehendabiziko urteetan jende heldua oso pozik jarri zen, eurek bizi izandakoa biziberritzeko aukera bat zelako Orhipean; eta horiek eman zieten bulkada jaialdiari. Gaur egun, dena dela, oso zaila da jende gaztea sartzea».  

Norbera arduratzen da bakoitzaren jantziak egiteaz, nahiz eta behinola auzolana izan zen hori ere: «Festa sortu zenean, ikastaro batzuk egin genituen jantziak nola egin ikasteko. Antzinako argazkiei begiratuz, jantzi pila bat sortu genuen, eta gaur egun ere horiek erabiltzen ditugu», adierazi du Villanuevak. Arropak, dena dela, bakoitzaren gustuetara egokitu daitezke. «Muga batzuen barrenean, baina». 

Gaur egungo Orhipean sortu aitzinetik, bertze era bateko besta bat egiten zuten Otsagabian: kontzertuak, erraldoiak eta dantzariak biltzen zituena, bertzeak bertze. Urte anitzez musikari ezagunak ekarri zituzten herrira, eta, horrenbertzez, gero eta jende gehiago hasi zen bestara joaten. Neurriz handiegia bihurtzen ari zenean, baina, forma aldatzea erabaki zuten: «Orduantxe bururatu zitzaigun ehun urte atzera egitea», dio Villanuevak. Janaria izanen da, bide batez, garai hartakoa izanen ez den bakarra, «zailegia» delako herri guztia horretan lanean jartzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.