PROPOSAMENAK

Antzinako musika nagusi

Antzinako Musikaren Arabako Astea izango da irailaren 10era arte. Joanes Antxieta musikaria omenduko dute hainbat kontzertutan

Iazko aldiko kontzertu baten irudia. STUART MC DONALD.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Hitzak eraikiz. Hori da aurtengo Antzinako Musikaren Arabako Astearen leloa. Izan ere, antolatzaileen ustez, «inoiz baino beharrezkoagoa da elkarrizketari ekiteko beharra». Horretarako, musika proposatzen dute «bidelagun eta arnasgune» gisa, jaialdiaren 41. aldian. Ostiralean hasi zen, eta datorren igandean amaituko da. Makina bat kontzertu antolatu dituzte, bai Gasteizen, bai Arabako beste herri batzuetan.

Aurten 500 urte betetzen dira Joanes Antxieta musikaria hil zenetik, eta, urteurrena aitzakiatzat hartuz, jaialdiko hainbat kontzertutan omenaldiak egingo dizkiote. Azpeitikoa (Gipuzkoa) zen Antxieta, eta «Iberiar penintsulako musikari eta konpositore garrantzitsua» izan zen, antolatzaileen esanetan. Elisabet erreginaren kaperako abeslari izendatu zuten 1489an, eta garai hartako gorteetako beste kide batzuen kapera maisu ere izan zen.

Carlos Mena kontratenorrareneta Daniel Oiarzabal organo jotzailearen kontzertua izango da omenaldietako bat. Errenazimentuan oso hedatua zegoen teknika bat erabiliko dute kontzertuan: zifratzea. Hori baliatuz, Antxietaren hainbat pieza joko dituzte. Kontzertua bihar izango da, 20:30ean, Gasteizko San Migel Goiaingeruaren elizan.

Armonia Concertada taldeak ere musikariaren obrak izango ditu ardatz, O Bone Jesu lana esaterako. Maria Cristina Kiehr sopranoak, Jonathan Alvarado tenorrak eta Ariel Abramovich esku bihuelaren —Errenazimentuko gitarra txiki bat da— jotzaileak osatzen dute taldea. Datorren ostiralean, irailak 8, izango da taldearen kontzertua, 19:30ean, Gasteizko San Andres eta San Prudentzio basilikan.

Erdi Aroan ahozko tradizioak zuen garrantziaz jabetuko dira ikus-entzuleak, Elena Aranoaren eta Jorge Garridoren kontzertuan. Belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho transmititutako abestiak interpretatuko dituzte. Kantuan arituko da lehena, eta zarrabetea eta tutuna joko ditu bigarrenak. Santakurutze Kanpezuko (Araba) Igokundearen Andre Mariaren elizan izango da kontzertua, datorren larunbatean.

Txikien astea

Haurrek ere badute euren txokoa Antzinako Musikaren Astean. Ekintza bereziak antolatu dituzte haientzat, kontzertuetatik haratago. Bisita gidatua eta kontzertua antolatu dituzte astearterako. 18:15ean, Aguraingo (Araba) Foru kaletik autobus bat abiatukoa da, Sorginetxeko trikuharrira, bertatik bisita gidatua hasteko. 19:30ean izango da kontzertua, Aizkomendi trikuharrian. Siberius de Urak taldeak emango du kontzertua, Erdi Aroko eta Antzinaroko soinuetan oinarrituz.

Ostiralean, 18:00etan, Vital Fundazioa kulturgunean, Euskelelea ikuskizuna egingo du Euskal Barrokensenble taldeak. Juan Kruz Igerabide idazlearen kontakizun batean oinarritutako ikuskizuna da.

Jaialdiko kontzertu eta ekintza batzuetarako beharrezkoa da sarrera erostea. Horretarako, www.kulturaraba.eus webgunea kontsulta daiteke.

Antzinako Musikaren Arabako Astea



Datorren igandera arte, Gasteizen eta Arabako beste herri batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.