PROPOSAMENAK

Antzinako doinua du azokak

Lekunberriko karriketan artisauen postuak, musika eta animazioa izanen dira gaur Antzinako Azokan. Neurriak hartu dituzte azoka «inklusiboa», «irisgarria» eta «iraunkorra» izan dadin

Artisauen postuak Lekunberriko Aitzinako Azokan, artxiboko irudi batean. PLAZAOLA PARTZUERGO TURISTIKOA.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Apaindu dute herria: paratu dituzte koloretako oihalekin egindako banderak han eta hemen, eta muntatu dituzte postuak. Musika, ez da besterik falta. Antzinako doinuek iragarriko dute gaur egun berezia dutela Lekunberrin (Nafarroa). 10:00etatik aurrera artisauek postuak irekiko dituzte beren produktuak erakutsi eta saltzeko, eta egun osoan animazioa eta musika izanen dira. Musika goizez eta arratsaldez, aurten musika baita azoka ardaztuko duen gaia.

Eguerdian izanen da ekitaldi nagusia. Lehenbizi, desfilea eta banderen dantza eginen dute, 12:00etan. Txistulariak, trikitilariak, gaiteroak, atabalariak eta abar aterako dira karrikak doinuz betetzera. Ondoren, Lekunberri eta Larraungo konpartsaren emanaldia eginen dute udaletxearen aurreko plazan. Malloa, Napar, Larraun eta Larrain erraldoien koreografiez gozatzeko parada izanen da.

Antzinako Azoka da Lekunberrin egiten diren ekitaldietarik «gehien errotuetako bat», antolatzaileen arabera. Aurtengo gaia musika izanik, bateko eta besteko doinuek ez dute etenik izanen egun osoan. Ezkilak jotzen abiatuko da azoka, et,a postuak irekitzearekin batera, musika ibiltaria izanen da ibilbide osoa zeharkatzen. Eguerdian, Aralar musika eskolakoak ariko dira jotzen, eta, ondotik, Iruñeko Danserie Ensemble taldeak XVII. mendeko euskal musika eskainiko du: herrikoa zein jasoa. San Juan Bataiatzailearen elizan izanen da kontzertua, 13:00etan.

Arratsaldean, musika eta dantza uztartuko dira: 17:30ean, Ortzadar euskal folklore elkarteak Plaza dantza deitutako dantzaldia eskainiko du. Euskal dantzak irakatsiko dituzte, eta, ondotik, elkarrekin dantzatu. Eguna ekitaldi berezi batekin bukatuko da, 20:00etan: musika eta sua nahasten dituen ikuskizunarekin.

Besta edozeinek gozatzeko modukoa izatea nahi dutenez gero, Plazaola Partzuergo Turistikoak jakinarazi du neurriak hartu dituztela azoka «geroz eta inklusiboagoa, irisgarriagoa eta iraunkorragoa» izan dadin. « Gure lurraldeko ingurune kultural, sozioekonomiko eta naturala errespetatzen duten ekitaldi inklusibo eta unibertsalen aldeko apustu irmoa izango da honako hau», azaldu dute.

Irisgarri eta iraunkorragoa

Bide horretan, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekua atonduko dute azokaren esparruan berean, eta komun egokituak izanen dira frontoian. Entzumen desgaitasuna duten pertsonentzako indukzio buklea izanen da informazio puntuan. Horrekin batera, postuetan produktuen osagaien eta alergenoen inguruko informazioa eskainiko dute.

Azoka iraunkorragoa egiteko bidean, edalontzi berrerabilgarriak izanen dituzte edariak zerbitzatzen diren postu guzietan, hondakinak gaika sailkatzeko zaborrontziak paratuko dituzte, eta Lekunberrira garraio publikoan joateko deia egin dute, Conda autobusak erabilita. Informazio guzia labur.eus/IMwIC webguneko mapan paratu dute, bisitariei lana errazteko.

Antzinako Azoka



Gaur, 10:00etatik 20:00etara, Lekunberrin (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.