Bilboko Aste Nagusiarekin lotutako hiru abesti ditu memorian gordeak Itziar Lazkanok (Portugalete, Bizkaia, 1957). Lehena, nola ez, Marijaiarena: «Semearekin lehertu arte dantzatu dut kanta hori, ume batek bakarrik duen energia horrekin». Bilbon hain ezaguna den La Otxoa pertsonaiaren 1981eko Libérate abestia ere berezia da harentzat. «Abesti horrek zerbait berezia eta susmagaitza gertatzear zegoela esaten zigun». Lazkanok gogora ekarri duenez, urte hartan milaka lagun zeuden Bilboko Areatzan, sexu askapenaren inguruko lelo bat oihukatzen. Azken abestia ere 1980ko hamarkadakoa aukeratu du: Bilbao Bilbao musikalaren izen bereko abestia, Karraka taldearena. Aktore portugaletetarrak azaldu duenez, abesti horrek «oholtzatik txosnetara» egin zuen salto. Hain zuzen, Lazkanoren Aste Nagusiko oroitzapen onenetariko bat Bilbao Bilbao musikala estreinatu zutenekoa da: «Sekulako gertaera izan zen. Aktore talde bat baino ez ginen, eta bat-batean jendea izugarri inplikatu zen...». Harentzat «bizitza osorako abestiak» dira hirurak.
Jaietan ez dela gauetan askorik irteten esan du Lazkanok, baina egon egongo dela, «zalantzarik gabe». Joan den ostiraletik atzo arte, El Florido Pensil lanean antzezten aritu da, Campos antzokian. «Oso zoriontsu egiten nau jaiak antzezten ospatzeak, gehien gustatzen zaidana baita», nabarmendu du pozarren.
Pabiloi 6, beste jaigunea
Aktorea izanik, ez da Aste Nagusia lanean pasatzen duen lehen urtea. Pabiloi 6 Bilboko elkarte soziokulturalarentzat Aste Nagusia oso garai garrantzitsua da, eta jende asko joan ohi da antzerki lanak ikustera.
Lazkanok azaldu duenez, hainbat lan aurkeztuko dituzte hilabete honetan: Kabiaren Decir lluvia y que llueva, Chichinabo Cabaret... Ikusleek dagoeneko erreserba mordoa egin dituztela esan du Lazkanok, harro: «Jaiak pasatzeko beste modu bat da, eta bilbotar guztiak gonbidatuta daude. Jaigunetik pixka bat urrunduta gaude, baina hor ere oso gustura egoten gara, jende pila bat batzen gara, eta antzerkiaz aritzen gara».
Ondo uztartzen ditu jaia eta lana Lazkanok: «Ez naiz goizaldeko ordu txikitan oheratzen, eta horrek goizak gozatzea ahalbidetzen dit». Halere, onartu du ohi bezala zortzi ordu lo egin beharrean Aste Nagusian seirekin «nahikoa» duela. Lehen, parranda gehiago egiten zuen, baina semea izan zuenean jaiak bizitzeko modua aldatu zuen: «Semea edukitakoan beste era batean gozatzen dituzu jaiak, egunez ateratzen zara. Eta egunez ere gauza ederrak daude, gauez bizi direnek ikusten ez dituztenak». Horregatik, jaiak «bihotzean» daramatzala azaldu du.
Ercilla hotelean antzerkiaren inguruan antolatzen diren solasaldiak oso atsegin ditu: «Beti gustatu izan zaizkit, baina ez dakit oraindik ere egiten dituzten». Horretaz gain, beti egoten da lagunekin bazkaltzera irteten den egunen bat, eta Txomin Barullo, Sinkuartel eta Pinpilinpauxa txosnetara ez du hutsik egiten, «jende gehiegi ez dagoen ordu batean» bada ere.
Aurtengo pregoilari Patxo Telleria ondo ezagutzen du, eta «asko maite» du: «Lankide eta profesional handia da; asko pozten naiz beragatik».
MARIDJAIA. Itziar Lazkano. Aktorea
«Antzezten ospatzen dut Bilboko Aste Nagusia»
Urte askotan bezala, Lazkanok lanean igaroko du Aste Nagusiaren zati bat. Campos antzokian 'El Florido Pensil' izeneko ikuskizunean arituko da. Baina bestelako eremuetan ere izango da jaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu