MARIDJAIA. Nagore Gore. Las Felliniko kidea

«Antzezteko jairik onenak? Bilbokoak, laztana!»

Aste bat pasatuta, berriro joango da Marijaia, baina Las Fellini taldekoek urte osoan eskaintzen dituzte emanaldi umoretsuak Bilbon. Maite dute Aste Nagusia, eta 1997tik urtero aritu dira jaietan.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Irudimentsua da Las Fellini taldeko Nagore Gore pertsonaia gorpuzten duen Oscar Delgado (Bilbo, 1971). Aste Nagusiari lotutako lau kanta hautatzen hasita, ez zuen beste norbaitek aukeraturiko abestirik errepikatu nahi. Eta ondo igarri du Badator Marijaia abestiak ez duela balio. Halere, Aste Nagusiko jai giroan aspalditik dabilenez, badu non aukeratu.

«Aste Nagusitik gehien gustatzen zaidana kultur arloko eskaintzaren aniztasuna da; programa ofizial eta apartekoan gauza pila bat daude!». Kultur zalea da, eta, Las Felliniren emanaldian musika ezinbesteko osagaia bada ere, nahiago du antzerkia musika baino. Aste Nagusian, antzerki saio asko ikusi ditu, baina kontzertu gutxi. «Gauean antzezten aritzen garenez, ezin izaten dugu; gainera, ez naiz oso rockzalea, eta, Fangoria edo gustuko beste izar batzuk etorri direnean, ikusle gehiegi egoteak ere nagia ematen dit». Las Fellini taldekoak hurbileko formatuan aritzen dira: ikusleak ikuskizunaren parte egiten dituzte.

Antzerkiarekin batera, Aste Nagusiko gaueko giroa maite du. «Txosnazalea naiz». Lehen baino parranda gutxiago egiten du, baina, oraindik, ordu txikitan txosnetan ibiltzen da. Eta, urtero bezala, Alaitz eta Maiderren Txanpon baten truke entzuten duenean... «Pozez erotzen gara, salto eta algaraka hasten gara; itzela izaten da: dena ematen dugu!».

Aste Nagusiko festek, ordea, une basatiez gain, oroitzapen oso erromantikoak ere uzten dituzte. «Nire abesti gustukoena The Cureren Just like heaven da, eta maitale batekin nengoela jarri zuten behin; txoratzen nengoen, deliratzen».

Izan ere, gauak luzeak izaten dira Aste Nagusian, eta, sarri, ez da jakiten nola bukatuko diren. Mamikin eta Txomin Barullon, ordea, goizaldeko azken abestia musika klasikoa zen. «Ederra da jaietan eguna musika horrekin argitzen ikustea».Nagorek ez zuen argi zein melodia zen: Juventino Rosas-en Sobre las olas baltsa aipatu du, baina Straussen Danubio Urdina kantatu du badaezpada ere. Maiz, gau alaiek oroitzapen lausoak uzten dituzte...

Ezustez betea dago Nagore Gore, harritzeko gaitasuna du, eta emanaldietan aurrez prestatutako ekitaldiak eta inprobisazioa nahasten ditu. Ikusleak zirikatu eta oholtzara ere ekartzen ditu; umore eta errespetuarekin, betiere. Pokemon Go, Olinpiar Jokoak, politika... denari heltzen dio; sexuari ere bai, noski. Ezohiko transformista da: lotsabakoa, bizarduna, eta titi gisa puxikak dituena. Gorputz perfektu, luxu eta glamour-ik gabe ere publikoa entretenitu daitekeela dio. Kritikoa eta umila da. Maitagarria da aldi berean, laztana eta maitea etengabe darabiltza. «Antzezteko jai onenak? Bilbokoak, laztana!», esan du.

Aste Nagusiko emanaldietan ikuskizun berriak eta klasikoak tartekatzen dituzte. «Bilgunea da, denetik etortzen da: ikusle berriak, urte guztian etorri ezin direnak, lagunak...». 1997an hasi ziren jaietan antzezten, eta noiz arte? «Lan hau ezegonkorra da, baina asko gozatzen dut. Zahar etxean, ospitalean edo aulki gurpildunean bukatzen badut ere, berdin jarraituko dut!».

Aurtengo jaietan ohiko habitatean arituko dira: ostegunean eta larunbatean Badulake kafe antzokian, eta, ostiralean, Pinpilinpauxa konpartsan. Gay eta lesbiana giroa maite dute. «Eta Raffaella Carra, nola ez; eragin handia izan du gugan, erotzen gaitu; gora, Raffaella!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.