Goenkale telesailean Dolores izan zen; 80 egunean filmean, Axun; Tere gisa aritu da Loreak lanean. Itziar Aizpuru aktoreak (Getaria, Gipuzkoa, 1939) 75 urte ditu, eta erretiroa hartzeko asmorik ez du.
60 urterekin hasi zinen antzezle lanetan. Antzerki apur bat egin zenuen 23 urterekin, baina, gero, ezer ere ez. Nolatan piztu zitzaizun berriz harra?
Badakizu zer gertatzen den: ezkondu, taberna jarri, gero liburu denda, haurrak hazi... Goenkale ikusten nuen, eta hor ibili nintzen deitu-ez deitu. Baina ez nintzen ausartzen. Azkenean, egin nuen: «Begira: Itziar naiz, 60 urte ditut, eta proba bat egin nahiko nuke, antzerkia egin dudalako, baina kamera baten aurrean ez, eta ez dakit balioko nukeen». Eta deitu egin zidaten casting bat egiteko. Alabak esaten zidan: «Baina ama, casting-ak gazteek-eta egiten dituzte». Ez nekien ETB non zegoen ere. Eman zidaten paper bat buruz ikasteko. Sartu nintzenean, dozena erdi bat pertsona zeuden han, ilunpean, kamera batekin... eta burua erabat zuri eta mutu geratu nintzen. «Apuntadorea non dago?», galdetu nien, antzerkian nengoelakoan. Ez zuten barre egin, edukazioz. Azkenean lagundu zidaten hasten, eta egin nuen. Sentitu nuen pozik geratu zirela. Eta berehala deitu zidaten, niretzako pertsonaia bat egingo zutela. Dolores gaiztoa.
Gero, Martin telesailean.
Oso polita zen komedia hura, barregarria; oso gustura egon nintzen. Hospital Central-en paper txiki bat egin nuen. Norbaitek huts egin zuen, eta telefonoz deitu zidaten: «Ba al duzu bihar Madrilera etortzeko modurik?». Gidoia bidali zidaten, eta autobusean nengoen hurrengo egunean. Ondo etorri zitzaidan, baina ezin dut ulertu nola huts egin dezakeen norbaitek halako gauza batean.
Izan ere, zuk sekulako beharra duzu antzezteko. Beti ari zara lana eskatzen. Ez zenuke nahiago lasai bizi?
Jon Garañori [80 egunean eta Loreak filmen zuzendaria, Jose Mari Goenagarekin] beti esaten diot: asma ezazu beste zerbait, mesedez, bestela neronek egingo dut gidoia. «Egin ezazu, bada», esaten dit [barrez]. Antzezten nago ondoen. Ez dut hango mina eta hemengo mina sumatu ere egiten.
Zinemarako jauzia 80 egunean filmarekin egin zenuen, elkarrekin maitemintzen diren adineko bi emakumeren istorioarekin. Aldaketa handia izan zen?
Sekulakoa: film luzea, eta protagonista, Mariasun Pagoagarekin. Biontzat lehen filma. Zuzendariei esaten nien: zuek ziur al zaudete guk hau egin behar dugula? Ondo irten zen; hogeitik gora sari ditu.
Bikote perfektua izan zineten hasieratik?
Bai. Hainbat aktorerekin egin nuen casting-a. Bosgarrenean-edo galdetu nien zuzendariei noiz esan behar zidaten aukeratuta nengoela edo ez. Esan zidaten ni hasieratik nengoela aukeratuta, nirekin ondo moldatuko zen bikotekidearen bila ari zirela! Mariasunekin berehala adiskidetu nintzen. Zuzendariek esan zidaten: «Zer moduz honekin?». Eta nik berehala: «Hau, hau gustatzen zait». Elkarrekin joaten ginen zinema jaialdietara gero, elkarrekin seguru sentitzen ginelako.
Kimika hori sumatu egiten da filmean ere. Diotenez, horren sinesgarri zineten, non jaialdi batean gela bera eman zizueten, ohe bakarrarekin. Egia al da?
Torremolinosen [Espainia] hotelean gertatu zen. Galdetu ere egin ziguten: «Noiztik zarete bikote?» Ohea handia zen, bi metrokoa. Barre asko egiten genuen elkarrekin. Hori oso garrantzitsua da lan egiten duzunean. Zurekin lan egiten duenarekin ez baduzu hori, ezin duzu dena eman. Nik zortea eduki dut, egia esan. Izan ditudan lanetan oso ondo moldatu naiz jendearekin. El gran Vazquez filmean La abuelita Paz pertsonaiarena egin nuen. Ez nuen casting-ik ere egin. Zuzendariak esan zidan jantziak probatu behar nituela. Eta nik: «Nola jantziak, lehenbizi probaren bat egin beharko didazu, ezta?». Eta berak ezetz, ez zela behar, ezagutzen ninduela. Erreparoa diot horri; agian ez dut emango espero dutena. Casting-a egitea gustuko dut nik, nolakoa naizen ikus dezaten.
Zuk ez duzu inoiz sufritu lan honetan? Zuretzat beti izan da jolas bat?
Antzeztea lana? Hau ez da lana. Guk jolasean bezala egiten genuen, ondo pasatzen genuen. Gero horrela ateratzea eginiko jolas hori... zeinek pentsatuko? Bueno, kontuz, lana bada: gidoia ikasi behar duzu, erantzukizun handia duzu. Urduri zoaz lanera, normala da. Baina behin han sartuz gero... Ni ez nintzen Itziar, Maite nintzen; gero, Tere. 80 egunean egiteko, proba asko egin genituen. Ez dakit ez ote ginen bi hilabetez aritu. Hori ona da. Nik behar ditut probak, pertsonaian sartzeko.
Ur hotzari ere ez diozu beldurrik. Zenbat lagun harritu dituzu horrekin?
Eszena bat genuen itsasoan. Oso eguraldi txarra, haizea eta euria. Egun batean utzi egin behar izan genuen, ezin zelako grabatu. Txalupatik uretara erori eta irtetea kostatu egin zitzaigun. Itsasoak eraman egiten gintuen. Hura benetakoa izan zen. Filmatze taldeko bat madrildarra zen, lehorrekoa: «Ai, mesedez», esaten zuen, «atera itzazue emakume horiek hortik».
Guadalajaran (Mexiko) ikusleen saria jaso zuen filmak 2011n, eta zuek biok emakumezkoen interpretazio onenaren saria. Ustekabea izan al zen?
Guadalajarako aireportuan geunden, maletak hegazkinera bidaltzen. Deitu egin zioten aldamenekoari: itzultzeko, saria eman zigutela. Malkoak honaino [matraila seinalatzen du]. Hegazkin txartela hurrengo egunerako atzeratu, eta kontrolatzaile zorrotzei azalpenak eman behar. Biharamunean, sariaren ikurra erakutsi nien. Gogoratzen ziren.
Loreak filmean, Tere adineko emakumea zara, ahazteari uko egiten diona. Goenagak eta Garañok hasieratik izan zuten argi zeu izango zinela emakume hori. Zugan pentsatuz sortu zuten?
Esan zidaten nireaz ziur zirela. Ni pozik. Zuzendarien aldetik, inoiz ez errieta bat, aurpegi txar bat... Haiei entzun diedan gogorrena: «Ez da gaizki atera, baina berriz egingo dugu». Ia berberak aritu gara Loreak egiten, denak ezagunak; etxean bezala ibili gara.
Goenkale-n batu zorrotzean egin izan duzu, eta, bat-batean, Garaño eta Goenagarekin, zure euskalkian. «Ez digute honela esaten utziko», esaten zenien zuzendariei. Zer erantzuten zizuten?
Hauek azkarrak dira horretan. Goenkale-n askotan esaten nuen: «Hau ez zait ondo ateratzen»; edo: «Hitz honek zer esan nahi du?». Hauek, berriz, neuk nola esango nukeen galdetzen zidaten, eta, gero: «Ados, zuk horrela esan». Noski, ondo hitz egin behar da, eta garrantzitsua da jende askok gauzak euskara onean entzutea. Baina gauza batzuk... Guk euskaraz etxean ikasi genuen. Nik badut lehengusu bat, Bilbokoa, euskaraz egiten ez zuena. Behin telefonoz deitu zidan, eta nik «ze mouz lo einzue» esango nukeen tokian, «zer moduz lo egin duzue?», bota zidan: «Nik ikasi egin dut dagoeneko euskaraz, eta zuk ez». Erantzun nion: «Nik euskaraz hasieratik egin izan ez banu, zuk ez zenukeen ikasiko». Guk euskara mantendu izan ez bagenu, euskara, agian, ez zen ezagutuko. Hura niri lezioak ematen!
Zure semea Loreak-en agertzen da, hozkailu konpontzailearena egiten, eta, esan didatenez, ez zenien zuzendariei hari zuzentzen utzi. Zerorrek esaten zeniolako zer egin behar zuen. Esames gaiztoak al dira?
[Barrez] Etxean hasi nintzen horrela: «Jon, hori esaten duzunean ez erabili doinu hori. Egin beste modu honetan!». Gero hara joan ginenean, zuzendarien aurrean egiten nuen.
Noiz egingo duzu musikal bat?
Ni prest nago. Zelako ospea daukadan! Bai, izugarri gustuko dut kantatzea. Zarautzen koruan kantatzera joaten naiz, Getarian ere bai. Larunbatean eman genuen azken kontzertua.
80 egunean filmaren bigarren zatia egiteko eskatzen duzu etengabe. Argentinara joateko aitzakia al da?
Mariasunen [Pagoaga] anaiak baserri bat du han, eta txerri bat maskota. Txerritxua paseatzen ager gintezke.
Komediarako iaioa zara, baina duela gutxi ume lapurtuen dramaren inguruko Tres mentiras filmean aritu zara, Ana Murugarren zuzendariarekin. Kostatu al zaizu kopetilun jartzea?
Drama da, baina aire argi bat eman diote, ez hain gogorra. Ni denetan nago gustura. «Zer moduz filma eta zure pertsonaia?», galdetzen didatenean, nik beti «oso polita» erantzuten dut. «Zuretzat dena da oso polita», erantzuten didate [barrez]. Komedia oso gustura egiten dut, neure saltsan nagoelako. Draman, akaso, gehiago antzeztu behar dut, neure izaerarengatik. Film horretan haur horietako baten izeba naiz, baina berritsu eta bizia.
Beste zerbait ari zara egiten orain ezkutuan?
Telefonoari begira nago, noiz deituko didaten zain. Berdin dit nora joan. Ez dakit ezetz esaten.
Erretiroa telebistari begira pasatu beharrean, kameraren aurrean aritzea erabaki duzu. Bizigarria eman dizu horrek?
Bai. Adin honetan... esango didazu niri. Bestela, bizimodu lasaia dut. Telebista ikusi, goizero kafea hartu lagunekin, astean hiru eguneko saioa koruarekin... Getariara ez naiz joaten neguan: autobusean joan eta etorri egin behar. Gauza zailtzen ari zait.
Barruko indar hori nondik ateratzen duzu?
Beti izan dut. Filmez hitz egiten dudanean, emozionatzen naizela esaten didate. Oporretan Benidormen [Herrialde Katalanak] nengoela, irratiko batek galdetu zidan aktoreok noiz hartzen dugun erretiroa. Behin ere ez. Nola esango diogu, ba, ezetz honi, adinarengatik? Erretiroa gaixotasunengatik hartzen dute aktoreek. Gu, gorputzak eusten dion bitartean. Zuzendariei esaten diet: asmatu gauzak, baina adineko aktoreontzat. Hau ez da Hollywood; han aktore guztiek aurpegiko azala luzatua dute.
Hamarkada luzez euskarazko film luzerik gabe egon ondoren, oraingoa zer da, une bateko lorea, edo etorkizun oparo baten hasiera?
Jon [Garaño] eta Jose Mari [Goenaga] onenak dira. Bi filmetako gaiak kontuz tratatzekoak dira, eta hauek izugarriko leuntasunarekin eraman dituzte. Ez dago sekuentzia desatseginik. Film goxoak dira. Sekulako sentiberatasunarekin landu dute, halakoak direlako. Hemen baditugu sentimenduak eta sentsibilitatea, ez gara beti gogorrak. [Altxatu, eta egongelan dagoen komoda batera joan da. Mexikon eta Okzitaniako Tolosan jasotako sariak ditu han]. Urrezko Maskorra falta da hemen. Datorren urtean, akaso.
Itziar Aizpuru. Aktorea
«Antzeztea, lana? Hau ez da lana; guk jolasean bezala egiten genuen»
Besteak beste, '80 egunean' eta 'Loreak' filmetan aritu da Aizpuru antzezlea. Bizitza osoan bokazioa barruan gordeta eduki ondoren, kameren aurrean 60 urterekin hasterik badagoelako froga bizia da. Ezin biziagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu