Javier Alkorta, 'Txortas'. Antzerkilaria

«Antzerkigintzan 1980ko ekimena dago egun, baina katalizatzailea falta da»

Taulara «erdi behartuta» igo zen lehengoz, baina ordutik ez da gelditu; Denok kooperatiba, Porpol... Antzerkiaren eremu gehienak urratu ditu, baita hezkuntza ere Arabako Arte-Eszena Tailerreko ikastaroen bitartez.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Arte-Eszena Tailerreko areto batean erantzun die Javier Alkorta Txortas-ek galderei (Araia, 1957). Ezizenari buruz itauntzean barre egin du: «Horri buruz hitz egin duenik badago, baina... badakizu, gaztetan ezizena jartzen dizute, eta bi aukera daude: haserretuedo onartu». Txortas Porpol antzerki kooperatibako sortzaileetako bat, eta, besteak beste, Arabako Foru Aldundiaren Arte-Eszena Tailerra kudeatzen du.

Errege-Erregina Katolikoen kalean dagoen antzerki eskolarekin duen lotura 1980ko hamarkadan hasi zen; hain zuzen ere, Denok antzerki ekoizpeneko kooperatibarekin ezagutu zuen lehenengoz. Ordutik, antzerkiaren munduaren adarretatik ibili da: antzezle, irakasle, sustatzaile... Araiako Umore Antzerki Jaialdiaren sortzailea ere bada.

Zer du antzerkiak bizitza osoa bertara lotuta emateko?

Ufa... Ez dakit. Badakit zer gertatu zitzaidan niri. Garai batean, gogo handirik gabe, antzerki talde amateur batean sartu nintzen. Nahiago nuen beste zerbait egin. Taulara igo nintzen, erdi behartuta, eta... Bertatik Denok antzerki ekoizpeneko kooperatibako eskolara; gero, Denok konpainiara, Porpol... eta gaur arte!

Antzerkian erdi behartuta hasi zinela aipatu duzu. Nola izan ziren hastapenak?

Lagunartean hasi ginen, Araian, eta 21 urterekin Gasteizen nengoen, Denok kooperatibaren antzerki eskolan. Eskolan egonda, lehen urtean, Denok kooperatibakoek beraiekin lan egitea proposatu zidaten. Ez dut uste izar mamia ikusi zidatenik, baizik eta gidatzeko baimena. Antzezlanetan, lan txikiak egiteaz gain, gidari lana egingo zuen norbait bat behar zuten, eta...

Garai hartan lanean al zinen?

Aurretik, Araiako enpresa batean ibilia nintzen, gustura, baina denbora gehiegi nuen pentsatzeko, eta banekien lan hori ez zela nik nahi nuena. Gerora nekazaritzako makineria saltzeko aukera izan nuen, baina ez nintzen bereziki trebea. Ostera, lagun bat eta biok uda bat iraun zuen negozio bat hasi genuen [barre txikiak].

Uda bakarra?

Gurdi bat eta zaldi bat erosi genituen, eta, ogerleko bat ordaintzen zigunari,bi itzuli ematen genizkion Plaza Berrian. Lagunak gezur batzuk esaten zizkien, nik txirula jotzen nuen... Baina garai hartan Plaza Berrian ez zen giro. Porrota izan zen, baina oso dibertigarria! Ordurako antzerkian sartuta nengoen; goizez gurdi eta zaldiarekin ibili, eta arratsaldez Araiara saioak egitera.

Garai hartan, non zegoen Denok kooperatibaren eskola?

Oso behin-behinean ari zen lanean, Samaniego ikastetxeko behealdean. Baina hori ez zen jatorrizko kokapena.

Zein zen?

Ajuria Enea. Jauregiaren atzealdean zeuden pabiloi batzuetan zegoen Denok konpainia, ingurune paregabean; testuren bat ikasi behar izanez gero, lorategiko zuhaitzen azpian esertzea bazegoen. Baina Garaikoetxea heldu zen, eta handik atera gintuzten. Gaur egun Arte-Eszena Tailerra dagoenlekura. Lurrezko zorua zegoen orduan; konpainiaren jantziak jaten zituzten arratoek... 1984an, Denok kooperatiban geundenok bertan behera utzi genuen; ez zitzaigun zuzena iruditzen jatorrizko ideiarekin bat ez zetorren egitasmo batekin jarraitzea.

80ko hamarkadaz ari zara. Antzerkian ere sormen zurrunbiloa al zegoen Gasteizen?

Sormena, ezinegona... Garai hartan hori guztia batu zen Gasteizen, eta, nire ustez, gaur egun ere egon badago. Zalantzarik gabe. Eta ez antzerkian soilik: arte plastikoak, musika...

Testuinguru horretan sortu zen Denok kooperatiba?

Testuinguru horretan, bai, baina erakundeen babes handiarekin: Espainiako Kultura Ministerioa, Arabako Foru Aldundia eta Laboral Kutxak babestu zuten. Horrek kontrako jarrerak sortu zituen, antzerki independentearen barruko eztabaidan. Nolanahi ere, Denok egitasmoak ahalbidetu zuen Gasteizen haztegi bat sortzea eta erreferente bat izatea.

Zer zentzutan?

Aurreko egunean Tadeusz Kantor-i buruz aritu ginen, zeina Europako antzerkian mugarri bat den. Denok kooperatibak Gasteizera ekarri zuen konpainia hori, 1982an. Bi egunez Wielopole, Wielopole lana eskaini zuen Guridi antzokian, zeina Principal antzokia baino handiagoa zen. Ordu bat eta hogei minutuko lana. Poloniera hutsean, azpidatzirik gabe. Eta Gasteizen egondako bi egunetan bete zuen antzokia.

Garai horretatik bereziki gogoratzen duzun zerbait ba al dago?

1982. urtean May B dantza eta antzerki lana ikusi nuen, Erriberrin. Oroimenean iltzatuta geratu zitzaidan. Ikusten ari nintzenagatik hunkituta egoteaz gain, barruan zer zen ez nekien zerbait gertatzen ari zitzaidan, eta horretaz jabetzen ari nintzen. Ez nuen ezer ulertzen, baina aho bete hortz nengoen. Emozioak bide batetik doaz, eta arrazoia beste batetik. Arrazoiak ez du zertan dena iragazi.

Zer faktore elkartu ziren 1980ko hamarkadan halako zurrunbiloa gertatzeko?

Idiosinkrasiaezberdina zen, eta bizipen ezberdinak, baina Madrilgo movida-ren modukoa gertatu zen hemen. Kalitate teknikoan hutsune asko zeuden, baina sekulako indarra; zerbait adierazteko beharretik sortua, eta Euskal Herrira zabaltzeko nahiarekin. Antzerkian murgilduta geundenon artean zalaparta handiak zeuden, baina zirrara handia zegoen.

Aipatu duzu gaur egun ere sormen hori egon badagoela.

Hala da. Profesionalak ez diren taldeen zerrenda eginez gero... harritzekoa da! Antzerkian zein musikan. Prestatuta daude, gainera. Ahalmen handia dago. Faltada ekimen horretatik gauza garrantzitsuak ahalbidetuko dituen katalizatzailea, 80ko hamarkadako Gasteiz hartan zegoen ikusmina berreskuratzeko. Agian gure ingurua gu baino gehiago hasi da; Bilbo da erreferentea, eta Pabellon 6 moduko egitasmo bat ikusita... Halako zerbait nahiko nuke Gasteizentzat!

Aurretik azaldu duzu zer eskaintzen dizun zuri antzerkiak. Ikuspuntu zabalago batetik, zer pentsatzen duzu eskaintzen duela bertan sartzen denari?

Arte-Eszena Tailerrean biziki sentitu ditugun gertaerekin erantzungo dizut. Hemendik jende asko eta askotarikoa pasatzen da. Halako batean, ikasle baten ama etortzen zaizu: «Eskolan esan didate harrituta daudela izan duen aldaketarekin». Hori entzunda, poztu egiten zara.

Hurrengo batean, pertsona bat esertzen zaizu aurrean; seme-alabari bullying egiten diote, eta psikologoak aholkatu dio antzerkia egin dezala. Gu, harrituta. Ez gara ez psikologoak, ezta izan nahi ere. Baina umea hona dator, eta, beste baten moduan, antzerkia egiten du. Ikasturte bukaeran taulara igotzen da, kideekin, lan bat egitera, eta, ikusi ostean, gurasoak ezin sinetsita daude.

Eta helduekin?

Aipatu dudan hori bera helduekin ere gertatzen da. Ez dakit zer, baina badago zerbait. Orduan jakin-mina sortu zitzaigun, zentzu horretan. Arte aplikatuak bertan daude, ez dugu ezer asmatu, eta hori asko ikertu duen jendea dago. Taulan emozioak, bizipenak eta etsipenak bideratzearen eragin ona bertan dago; hori guztia eremu seguru batean konpartitzearen eragin ona bertan dago.

Iaz langabeentzako lantegi berezi bat prestatu zenuten. Zer emaitza izan zuen?

Saio horretan, esan ditudan pertzepzio horien gaineko irizpide hotzagoa baliatzeko beharra izan genuen; oinarri teknikoago batetik neurtu nahi genuen, eta kabinete psikologiko batekin lan egin genuen. Emaitzak harrigarriak dira. Tamalez, zailena jarraitzea da. Aurten, adibidez, genero indarkeriari buruzko lantegiak egin ditugu, emakumeekin. Bizipen horiek guztiak lagungarriak dira ulertzeko zergatik jarraitzen dugun honetan.

Elkarrizketaren batean esan zenuen izua diogula barregarri geratzeari. Zergatik pentsatzen duzu gertatzen dela hori?

Hezkuntza hertsatzaile batek baldintzatuta gaude, bakoitzak hezkuntza hori modu batean bizi izan badu ere. Edonola ere, hezkuntzak eraman gaitu pentsatzera denok berdinak izan behar dugula. Arreta deituz gero, onenak garelako izan dadila; bestela, hobe ez zaitzala inork ikusi. Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak esan berri du arte ikasketek ikasleei arreta galarazten dietela. Nik ez nuen halakorik behar izan arreta galtzeko eskolan; are gehiago, gauza asko bideratzeko eskertuko nituzke. Bai nik, bai beste askok. Bestela, nola sentituko du grina antzezle, dantzari... izan nahi duenak. Zergatik moztu behar da?

Zein da zure iritzia?

Kultura delako, eta kulturak espiritu kritikoa sorrarazten laguntzen duelako; sistemari interesatzen ez zaion beste ikuspuntu batetik erakusten digu mundua.

Ildo horretan, beharrezkoa da eszena arteen ikasketa ofizialak eskaintzea Euskal Herrian?

Nire ustez, bai. Beharrezkoa, eta lanean ari diren eskolen osagarria izan daiteke, baldin eta hori egiteko nahia badago. Eskolek urtetan lan egin dute, antzerki konpainiak aktorez elikatuz edota antzerkiarekiko interesa sortuz.Zer eskain dezake?

Alde batetik, eskolok eskaini ezin dugun hori; norbait arte dramatikoko goi mailako eskola batean sartzen bada, etorkizunera begirako apustua egiten ari da. Horrez gain, Bilbon arte dramatiko, dantza eta eszenako goi mailako ikastetxea egiten badute, pentsatzekoa da baliabideak hobetuko direla, baita lanbideari duintasuna emateko. Pentsatzekoa dela esan dut; ikusiko dugu zer gertatzen den, zalantza asko baititugu.

Gaia aldatuz, Gasteizera mugitu zinen arren ez zenuen jaioterria ahaztu. Besteak beste, 1984an Umore Antzerkiaren Jaialdia hasi zenuen. Nola sortu zen ideia?

Denok kooperatiban nuen eskarmentu txikitik abiartuta hasi zen; hiru urte baino ez nituen eman han, itxi genuen arte. Denok kooperatibaren barruan adar asko zeuden: antzerki eskola, antzerki dokumentaziorako zentroa, konpainia bera, umeekin lan egiten zuen talde bat...

Umeekin?

Hor hasi nintzen ni, Urrezko Mendeari buruzko eskola antzeztu bat prestatzen, gerora ikastetxez ikastetxe eramateko. Are gehiago, saio batean geundela, kide bat lonjan sartu zen, «estatu kolpea! Estatu kolpea!» oihukatuz. Hiru egun baino ez neramatzan Denok kooperatiban. «Akabo! Orain gustuko dudan zerbaitetan hasi naizela... Zein laburra den zoriontasuna!», pentsatu nuen [barre egiten du]. Oso pozik nengoen nire lan berriarekin! ... Barka, zeri buruz ari ginen?

Araiako Umore Antzerkiaren Jaialdia...

Bai. Denok kooperatibak egiten zuen gauza horietatik busti nintzen, eta, Porpol sortu genuenean, jaialdi baten eskema egin nuen; non, eta nire herrian. Amets moduko bat zen, baina ez nuen bat-batean martxan jartzeko asmorik; kutxa batean geratu zen. Urteen joanarekin Araiako lagun batek, Jesus Maria Alegria Pintu-k, eskualderako egitasmo handi batez hitz egin zidan; Lautada proiektua, hamaika egitasmorekin. Eta nik bota nion: «Baita antzerki jaialdi bat ere».

Eta eragina izan al zuen proposamenak?

Bai. Are gehiago, komedianteari monumentu bat ere egitea proposatu zuen.

Zergatik?

Lagun horrek gogoratzen zuen nola, garai batean, komedia konpainiak heltzen ziren herrira, eta zenbait ikuskizun eskaintzen; egunero, bat, altzari berberak modu ezberdinean antolatuta, edo zeinek daki. Ematen du komediante horietako bat Araian bertan hil zela; kasinoko komunean zendu omen zen. Esaten da pertsona hori Araian lurperatuta dagoela, eta urte askoan, Domu Santu egunean, haren hobiaren gainean loreak agertu zirela.

Eta egin al zen?

Monumenturik ez dago, baina jaialdia, bai. Pintuk Pedro Ramos orduko Arabako Kultura diputatuari aurkeztu zion nire proposamena, eta, nik ezer jakin gabe, Araiako antzerki jaialdiaz hitz egiten hasi zen bilera batean.

22 urte beteko ditu aurten. Bilakaerarik ikusi al diozu jaialdiari?

Ez da garai batekoa. Nire ustez, azken urteetan erresistentzia egoeran gaude. Ezin gara egon duela hamabi urteko aurrekontuarekin. Dena den, seme edo alaba baten modukoa da, eta haren beharrei erantzun behar diezu, egoeraz jabetu eta aurrera eramateko.

Eta umoreari?

[Pentsatzen geratu da puska batean] Ez da erraza hori sumatzea jaialdiaren barrualdetik. Beti pentsatu dut bi aldeak zaindu behar direla: jendea erakartzeko gaitasuna duen ikuskizun erraza batetik; eta arriskatua bada ere ekarpen handiagoa egin dezakeena bestetik. Bigarrenaren kasuan kritikaren bat edo beste entzun ditzaket. Dena den, bigarren horiek nire apustuak dira. Iazkoa adibide argia da.

Zer gertatu zen ba?

Besteak beste, Mirage Teatroren Quijotadas sartu nahi nuen; gabezia batzuk izan ditzake, baina kontatu behar den zerbait kontatzen du. Denetarik entzun behar izan nuen. Bitxiena da apaiza ere bertan egon zela, eta, hurrengo egunean, Andre Mari auzoko mezan, sermoian jaialdia zoriondu zuen! Seguru nago eliztarren sektore batzuetan marmarrak sortu zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.