Ezarian. 36ko gerra

Antzerkian ere, protagonista

Duela 75 urte Gernikan eta Durangon izan ziren bonbardaketak gogoratzeko hainbat antzezlan egin dira, batez ere Bizkaian. 'Gernika sutan' eta 'Lurra astinduz' dira horietako bi.

2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Antzerkian ere izan du oihartzuna 1936ko gerrak. Gertatutakoa ez ahazteko eta gerrak utzitako arrastoak gogoan, hainbat antzerki lan egin dira azkenaldian Euskal Herrian, Bizkaian batik bat. Orain dela 75 urte Gernikan eta Durangon izan zituzten bonbardaketak gogoratzeko, musika eta dantza uztartu zituzten bi antzezlan egin ziren joan den udaberrian.

Lehena Durangon egin zen, martxoaren 30ean. Emanaldirako egun hori aukeratu izana ere esanguratsua da. 1937ko martxoaren 31n izan zen bonbardaketa, eta, hala, 75. urteurrenaren bezpera zen. Durangoko herritarrekin batera, Otxandioko, Elorrioko, Abadiñoko, Galdakaoko, Amorebieta-Etxanoko eta Berrizko herritarrek hartu zuten parte lanean. Gernikan izandako bonbardaketa gogoratzeko antzezlana, berriz, apirilaren 20an egin zen. Oreka TX musika taldeak eta Kukai dantza konpainiak hartu zuten parte, eta musika eta dantza uztartzeaz gain, ikuskizunean margolanak eta artxiboko irudiak ere erabili zituzten.

Maskarada konpainiak ere bitan antzeztu du Gernikako bonbardaketa. Iaz Gernika sutan antzezlana estreinatu zuten, eta aurten bertsio luzeago bat egin dute. Ia 150 herritarrek hartu dute parte, eta Alemaniako hegazkinen erasoa gogorarazteko antzezlana da. Bonbardaketak gogorren jo zituen tokietan kokatu dute antzezlana Maskarada taldekoek, eta tragedia hura gogoan, musika eta bertsoak uztartzen ditu.

Memoria berreskuratzeko eginahalak emankorrak izan dira. Karrika antzerki taldeak Lurra astinduz lana prestatu zuen iaz. Antzezlanean hemezortzi aktore gazte urte haietako sentimenduak eta bizipenak islatzen saiatzen dira. Horretarako, amodiozko istorio batean oinarritutako lana taularatu zuten. Ikuskizunean antzezpen modu bi uztartzen dira, kalekoa eta antzokikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.