Antzerkia eta oihuak Bilbo ezagutzeko

Itsasadarretik bidaiatzea antzerkiarekin uztartu dute Hortzmugak eta Bilboatsek. Uztailean egingo dituzten bisita antzeztuekin, turismoa egiteko eredu berri bat proposatuko dute Bilbon.

Bisita gidatuetan, itsasadarrean lan egiten zuten bi pertsonaia irudikatuko dituzte: zirgari eta sardinerak. J. H. / ARP.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Itsasadarra itsusia? Izugarri! Ene, hemen zegoen zikintasuna, ezin duzue imajinatu ere! Baina gau batez Frank Gerhy Artxandara igo zuten txakolina edan eta txuleta jatera. Ondoren bistak erakutsi, eta hau dena itzela iruditu zitzaion. Ez dakit mozkortuta zegoelako, edo txuleta oso ona zegoelako, baina Bilboko ikusmira asko gustatu zitzaion». Horren ondoren eman omen zion baiezkoa Guggenheim museoa diseinatzeari, eta harekin iritsi zen Bilboren eraldaketa. Hiria ezagutzeko ohiko bisita gidatuekin zerikusi gutxi dauka Hortzmuga antzerki taldeak eta Bilboats turismorako itsasontzi enpresak martxan jarri duten egitasmo berria: Boga Boga Bilbao bisita gidatu antzeztuak. Bihar egingo dute lehen bidaia itsasadarretik, eta uztailekoostegun guztietan egingo dute, abuztuaren lehenean amaitu arte.

Guztiaren gidari, bi aktore doaz, zirgari eta sardineren rolean, itsasontzian doazen bisitariei nahiz itsasontzitik kanpo doazenei oihuka. «Bidaia umore kutsu batekin egin nahi izan dugu», dio Teresa Gutierrez Hortzmuga teatroko kideak. Izan ere, ez dute ohiko bisita gidatu bat egin nahi izan: «Historia ezagutzen den bitartean, jendeak ongi pasatu dezala nahi dugu».

Horretarako, ordubeteko bidaian pasarte bitxiak erabiliko dituzte. «Badakizue Carola garabiari zergatik jarri zioten izen hori? Euskalduna ontziolako garabirik handiena zen, eta neska gazte bat egunero igarotzen zen Deustuko zubitik aitari edo bikotekideari bazkaria eramatera. Langileek lana uzten zuten hari lausenguak esateko. Ontziolako nagusiak egunero taxi bat ordainduko ziola esan zion, langileek lan egiteari ez uzteko, baina berak ezetz esan zuen, nahiago zuela lausenguak entzun. Haren omenez jarri zioten Carola izena garabiari».

Bilboren iragan industriala agerian geratzen da bisita guztian, eta hori ere azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, «gaur egungo Bilbo liluragarria da, baina hau ez da ezer, lehen egon zen historia zein izan zen ez badugu kontatzen», dio. Gaur egungo itxura, beraz, iragan horren ondorio zuzena dela dio, eta hori azaldu nahi izan dute bisita antzeztuan.

Baina bidaia ez da Bilbora mugatuko. «Inguruko herriek ere parte hartu baitzuten bertako industrializazio prozesuan». Horregatik, ibilaldia itsasadarraren amaieraraino ere iritsiko da, iraganaren irudi osatua izateko. Alde horretatik, bi aurkezleak emakumeak izatea ere ez da kasualitate hutsa. «Industrializazioa beti oso maskulinoa izan da, eta horregatik, Bilboko itsasadarrean lan egiten zuten bi pertsonaiek parte hartzea nahi izan dugu: zirgari eta sardinerak».

Hilabeteko proba

Hortzmuga eta Bilboatsen arteko harremana, ordea, hilabeteko proba dela azaldu du Gutierrezek. «Krisiak leku guztietan eragin du, eta sinergiak aprobetxatzeko asmoz, bi alorretako enpresak bat egitea erabaki dugu». Biek eskarmentua daukate, bakoitzak bere alorrean, eta aukera hori aprobetxatu besterik ez dutela egin zehaztu du.

Lehen saio horiek turistentzat izango dira, «baina baita bertako jendearentzat ere». Harrera ona izanez gero, abuztutik aurrera ere zabalduko dute eskaintza, eta ondo bidean, irailean eskolako haurrentzat ere egingo dute ikuskizuna. Oraingoz, baina, bisitaldia gazteleraz bakarrik egingo dute, «hizkuntza gehiagotan egitea arrakastaren araberakoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.