Abuztuan umorearen topaleku bilakatzen da Araia (Araba), eta aurten ere ez du hutsik egin: Umorezko Antzerki Jaialdiaren 31. aldia ospatzen ari da joan den asteazkenetik, igandera bitarte; adin guztietako herritarrak irribarrez eta entretenituta edukiko dituzte egunero. Araia antzerki, musika eta dantza ikuskizunen esparru bihurtuko da, eta ezaugarri bat eta bera izango dute guztiek: umorea.
Kalean zein Arrazpi Berri kiroldegian hamabi emanaldi egingo dituzte. Gainera, abuztuan, jaialdia Arabako beste 25 herritara ere zabalduko dute; irailaren 1era arte kale antzerkiko emanaldi ugari proposatuko dituzte. Hamalau konpainiak berrogei emanaldi egingo dituzte jaialdian.
Aurten, umorea ikuspegi askotatik jorratzen duen lan sorta bat eskaintzen ari da jaialdia. Satira sozialetik hasita, komedia fisikora iritsi arte. Tradizioa eta berrikuntza nahasten dituzten antzezpenez gozatu ahal izango du publikoak.
Gauerdiko funtzioak berreskuratzea izan da aurtengo berrikuntzetako bat; ostiralean eta larunbatean herriko erdigunea antzerkiz eta giro onez beteko dute.
Arrazpi Berri kiroldegian izango dira barruko jaialdiko ikuskizun garrantzitsuenak. Egunero, 22:30ean hasiko dira antzezlanak, eta 00:30ean kaleko ikuskizunak, Arrazpi Berri kiroldegiko emanaldia amaitu eta geroe. Eguneko ikuskizunerako sarrerak ordubete lehenagotik leihatilan eskuragarri egongo dira. Gainera, antzerki emanaldiez gain, komunitatea inplikatzea eta arte eszenikoekiko interesa sustatzea helburu duten tailer eta jarduerak ere prestatu ditu jaialdiak.
Egitarau zabala
Gaur espero da jende gehien Araian. Izan ere, Tartean Teatro antzerki konpainiaren euskarazko Kortxoaren Dilema antzezlana ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Konpainiak berak azaldu du «endredozko thriller politiko bat» dela obra.
Bihar, berriz, Ay Teatro konpainiaren Vive Moliere antzezlana aurkeztuko dute. Moliere antzerkigile ospetsuari omenaldia egiten dio obrak, haren komediarik ezagunenetako batzuk eta haren antzerki bizitzari buruzko ikuspegi dibertigarri eta lotsagabea eskainiko dituena.
Kaleko antzerki obrei dagokienez, Araiako hainbat lekutan izango dira, publikoari kalean eta doako ikuskizunez gozatzeko aukera emanez. Gaur, Jean Philippe Kikolas konpainiaren Sin remite, Proyecto Kavauri konpainiaren Lullaby eta Zirkozaurreren Harreman antzezlanak izango dira ikusgai. Bihar, berriz, La Roca Producciones konpainiaren Zozobra, Nimu konpainiaren Pausa eta Maite Gebara gasteiztarraren Susto. Azkenik, igandean, Cia Trotamundos konpainiaren Finito Infinito eta Ganso & Cia konpainiaren Welcome & Sorry antzeztuko dituzte; Euskal Herrikoak dira bi konpainiak.