Udako proposamenak

Antzerkia eta artea Bastidan

Kaleko Antzerki Jaialdia egiten ari dira Bastidan ekainetik irailera bitarte.

31an A Vela Circo konpainiak “O ultimo” antzezlana eskeiniko du Bastidako plazan. A VELA CIRCO
31an A Vela Circo konpainiak “O ultimo” antzezlana eskeiniko du Bastidako plazan. A VELA CIRCO
Bastida
2024ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun

Udan antzerkiaren topaleku bihurtzen da Bastida (Araba), eta aurten ere ez dute huts egin. Kaleak eta plazak sormen eta adierazpen artistikoko agertoki zirraragarri bihurtzen ditu jaialdiak. Lau hilabetez, ekainean hasi eta irailaren bukaerara arte, herriko bizilagunek eta bisitariek aukera izango dute asteburuetan dozenaka jardueraz gozatzeko; gustu eta adin guztietarako modukoak topatuko dituzte, gainera. 

Herritarrek eta bisitariek doako antzerki emanaldiez gozatu ahal izango dute oraindik ere, irailera arte. Antzerkiaz gain, musika, dantza, zirkua eta jarduera askoz gehiago barne hartzen ditu jaialdi horrek. Artea bera ospatzen du, jendeari ahal bezain eskura eta hurbil jarrita, eta aukera paregabea da aire zabalean esperientzia kultural ahaztezinak bizitzeko.

Kaleko antzerkiak leku eta areto tradizionalen oztopoak hausten ditu, eta antzezpenak plazara, parkera eta kalera eraman, denek ikuskizunaz gozatzeko moduan. Ekinaldi horrek kultura demokratizatzen du, eta, hala, adin, jatorri eta gisa guztietako jendeari modua eman kalitate handiko esperientzia artistikoez gozatzeko.

Gainera, hala Bastidan nola beste herri txikietan kultur baliabideak mugatuak izan ohi direnez gero, kaleko antzerkia funtsezko tresna bihurtzen da komunitatearen garapenean eragiteko. Auzokoak biltzen ditu, interakzioa sustatu, eta komunitateko kide izatearen eta harrotasunaren zentzua sortu.

Egitarau zabala 

Herritarrek eta bisitariek programazio zabalaz gozatu ahal izan dute jada: antzerkia, musika, dantza eta zirkua, besteak beste. Antzerkiari dagokionez, aurten hamar konpainia izan dira Bastidako kaleetan: besteak beste, Pantha Rei, Jam, La Roca Producciones, Planeta Trampoli, Aukeran, Markeliñe, Maruri eta Santamaria, La Sincro, Panpotx eta A Vela Circo. Abuztuaren 31n, A Vela Circo konpainiak O ultimo antzezlana emango du Bastidako plazan. A Vela Circo konpainia Ana Cuervas eta Santiago Monterok osatzen dute, eta zirku poetiko eta metaforikoa ditu ardatz.

Irailerako ere programazio betea dute, eta, antzerkiaz gain, beste zenbait jarduera ere egongo dira. Hilabeteari hasiera emateko, 1ean, puzgarriak egongo dira udal igerilekuetan, haurrentzat. 14an, Ellas bailan solas antzerkia egongo da ikusgai, 20:00etan, plazan. 21ean, 19:30ean, Iparreko Eszena Bidea antzerkia izango da. Hilabeteari bukaera emateko, 27tik 29ra bitarte, Bizi letrak antzerkiaren 11. aldia egingo da, Rosario Raroren eskutik. Horrez gainera, 28an Desirata antzerkia izango da: Fernando Perez Bilboko Azkuna zentroko programazio kulturalaren zuzendariak eta Mama Crea konpainiak elkarrekin ekoiztutako proposamen sortzaile bat da, liburu ospitale bat, irakurketaren eta liburu konponketaren bidez jendea hezi eta inspiratzea helburu duena, baita zaintzaren garrantzia azpimarratzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.