‘Mendia’ antzerki obraren zuzendaria eta aktorea

Mikele Urroz: «Antzerkia, askotan, erantzunik ez duten galderak egiteko lekua da»

Mendia oholtzara eraman du Urrozek. Zuzendariak ‘Mendia’ antzezlana aurkeztu du, alpinista baten barne gatazken istorioa: «Guztiok nahi dugu zerbaiten parte izan, zerbaiten parte sentitu».

Mikele Urroz zuzendaria, asteazkenean, Berriozarko entzunaretoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikele Urroz zuzendaria, asteazkenean, Berriozarko entzunaretoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itsaso jauregi 2
Berriozar
2025eko martxoaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mendiak eta antzerkiak talka egin dute Mikele Urroz zuzendari eta aktorearen (Iruñea, 1985) Mendia antzerki obran. Mendiari uko egin zion alpinista baten istorioa kontatzen du bakarrizketa egitura daukan obra horretan, senide baten errautsak botatzeko mendira itzultzen den alpinista batena. Espedizio horretan, protagonistak bere nortasunaren askotariko alderdiekin topo egingo du. Berriozarko Mendialdia jaialdian hasi zuen Nafarroako bira, ostegunean; maiatzaren 11n, Leitzan izango da ikusgai, eta ekainaren 27an, Beran.

Mendiarenganako maitasun istorioa da zuena?

Bai. Mendia metafora gisa erabiltzen dugu. Naturaren handitasunak gure txikitasunarekin konektatzen gaitu, eta naturarekin dugun konexio horrek mendia bera bihur gaitzake. Pertsonaiaren nortasunaren askotariko alderdiek talka egitean sortzen da mendia.

Protagonistaren bidaia barne espedizio bat da, beraz?

Bai. Plaka tektonikoak pertsona baten alderdiak badira, mendia krisietatik edo barne talkatik jaiotzen den hori da agian. 

Alpinistak senide baten errautsak bota behar ditu mendian. Zer gertatzen da bidean?

Pertsonaia itxita dago hasieran, eta mendira igo ahala irekitzen da. Alpinistak, errautsak botatzeko bide horretan, bere nortasunaren askotariko alderdiak topatzen ditu. 

Protagonista erosoago dago mendian?

Bai. Protagonistak badaki mendian egoten, baina bizitza hegemonikoa nola egin ez. Guztiok nahi dugu zerbaiten parte izan, zerbaiten parte sentitu. Alpinistak ez du menperatzen eguneroko normaltasuna, eta ingurukoak imitatzen ditu.

Bidean, sokalagunak eusten dizu?

Bai. Sokalagunik gabe ez goaz inora. Lucia Ezker da nire sokalaguna eszenatokian, eta, nahiz eta obra bakarrizketa bat izan, soka norbaitek izan behar du. Gizatasun horrek sentikor egiten gaitu, talde baten parte izateko beharra baitugu.

Talde baten parte izateko bidaian, zerbait galtzen da?

Batzuetan ematen du talde baten parte izateko nortasunaren elementu batzuk deuseztatu behar dituzula. Protagonistak egiten duen galdera nagusia hau da: «Zer egin daiteke sistema baten parte izateko, nire identitatearen parte diren alor batzuk deuseztatu gabe?».

Galdera hori erantzuten du?

Badaki sokalagunak dituelako dela mendikoa: «Ni hemen banaiz», esaten du.

Galderak egiteko lekua da oholtza?

Bai. Antzerkia, askotan, erantzunik ez duten galderak egiteko lekua da. Bizitzaren errepresentazioa da antzerkia.

Zertan bat egiten dute mendiak eta antzerkiak?

Oso desberdinak dira. Baina, agian, mendia leku identitario bat izan daiteke sinbolikoki: «nor naiz ni?» galderari erantzuteko toki bat. Alpinista bat mendikoa da, eta sortzaile eszeniko bat, berriz, antzerki aretokoa; leku identitarioak dira biak. Horrekin jolastu nahi genuen.

Nola eraman mendia oholtzara?

Erronka dibertigarria izan da. Maketak, bideoak, argiak, zuzeneko kamera, oihala eta musika erabili ditugu. Ez genuen askorik behar, eta intimitatea kamerari esker lortu dugu.

Ikus-entzunezko lengoaiak uztartu nahi zenituen?

Bai. Antzerkia,  pertsona bat beste baten aurrean ematen den topaketa da. Erritua hori da, eta bere xarma da momentuan gertatzen dela. Bat-batekotasun hori bada antzerkiaren esentzia, eta zuzeneko kamera bezalako dispositiboak lagungarriak izan daitezke.

Aktore gisa, nola ikusi dituzu zure zuzendaritza lanak?

Kanpoko begiradarik gabe ezinezkoa da; horregatik, lantaldea ezinbestekoa izan da. Guztien begiradarekin zuzendu dut obra.

lOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.