Estu dabil Nafarroako Antzerki Eskola (NAE). Nafarroako Gobernutik jasotzen zuen laguntza zuzenik gabe gelditu da aurten, eta hainbat zerbitzu bertan behera utzi behar izan ditu: liburutegia eta dokumentazio zentroa itxi egin ditu, eta egitaraua eten egin du. Aretorako antolatutako ekintzak bertan behera utzi dituzte, baina eutsi egin diete ikasleekin hartutako konpromisoei, eta klaseak ematen jarraituko dute.
NAEk 26 urte bete ditu. Finantzaketa eskasa eta irregularra du eskolak. Urtero Nafarroako Gobernuak eskaintzen dion diru kopuruaren zain egon behar du, eta horrek agintarien gogoaren edo testuinguru ekonomikoaren arabera ibiltzera derrigortu du beti. Joan den urtean 850.000 euroko gastua izan zuen. Horietatik, 375.000 euro Kultura Sailak eman zizkion, baina partida hori desagertu egin da orain. Beste 50.000 euro Hezkuntza Sailetik jaso zituen, eta, gainontzekoa, eskolak berak egindako ekintzekin ordaintzen da.
Joan den astean 1,4 milioi euroko diru saila aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak kultura proiektuentzat. Egoera erabat aldatzen ez bada, hori izanen da eskolak bere jarduera berreskuratu ahal izateko izanen duen aukera bakarra. Gehienez jota, 300.000 eurokoa izanen da eskuratu ahal izanen duen laguntza. Nafarroako Antzerki Eskolak egiten duen lan kulturala, eta, zehazki, arte dramatikoaren esparruan egiten duen ekarpena, oso garrantzitsua da, eta horrela onartzen dute herrialde horretako eragile guztiek. Baina gobernuaren irizpide aldaketak ataka estuan utzi du eskola.
Horregatik, eskolako arduradunen esanetan, «ezinbestekoa da» finantzaketa arazo horiei konponbide bat ematea. Hori lortzeko, zenbait aukera daude: bertan eskaintzen diren ikasketek ofizialtasuna eskuratzea izan daiteke bat, eskolaren kudeaketa erdi publikoa izatea izan daiteke beste bat. Beste hamaika aukera egon daitezke, baina borondate politikoa behar da. Hain zuzen, gobernuak erakutsi behar duena.
Zinematik antzokira
Eskola 1985ean sortu zen, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundeak bultzatuta. Nafarroan kalitate artistikoa hobetze aldera, Nafarroako antzerki taldeek prestakuntza behar zutela ikusi zen, eta antzerkigintza garatzeko beharrezkoak diren diziplinak eta ezagutza arloak modu pedagogikoan eta artistikoan eskaintzeko sortu zen. Antzerki arloko prestakuntza, ikerkuntza eta zabalkundea lantzeko gune gisa sortu zen, baina hasiera guztiak bezala, ez zen erraza izan.
Iruñeko Alde Zaharreko San Agustin kalean duten egoitzara iritsi zirenean, kalea bazter utzia zegoen, eta eskolaren eraikina eraistear zegoen zinema areto bat zen. «Hasi ginenean egoitzaren itxura penagarria zen. Gure baliabideekin ahal dugun moduan moldatu eta txukundu dugu. Gabeziak ditu, baina antzokia gustuko dute ikusleek». Eraldaketa artisau lana izan dela aitortu du Javier Perez Eguarasek, eskolako zuzendari teknikoak. «Irudimen handia eta baliabide gutxi erabiliz, guk geuk moldatu dugu eskola». Gainera, bizia ekarri dio inguruari. «Etorri ginenean jendea ez zen ausartzen San Agustin kalean ibiltzera. Eskolarekin beste irudi bat lortu du kaleak, eta inguruko merkatariek eta ostatuek ere eskertzen dute, bizia ematen diolako inguruari. Eskolak jende ugari erakartzen du ikuskizunetara eta eskoletara ere».
Azpiegitura txikiarekin hasi zen, baina haziz joan da, eta eskaintza handitu ahala, langile kopurua ere handitu egin da. «Lehen urteetan zuzendaria eta administrari bat zeuden lanean, baina egun berrogei inguru gaude modu batean edo bestean lanean. Langile kopurua ez ezik, eskolaren eskaintza eta ikusle kopurua handituz joan zen. «Lehen urteetan aretora hogei lagun inguru biltzen zen. Une zaila zen, berriak ginen, baina errazagoa zen ikusleak erakartzea, Iruñean ez zegoelako deus ere». Hamar milioi pezetakoa izan zen gobernuak eman zien lehen diru saila (60.200 euro pasatxo). Pausoka egindako bidea izan da Nafarroako Antzerki Eskolarena. Antzokian lan gutxirekin hasi ziren, hiru-lau hilabete, eta, horretaz gain, arte dramatikoko klaseak izaten ziren. Hori izan zen jatorria. Iragan urtera arte egitarau iraunkorra izan dute. «127 egunez ireki dugu antzokia publikoarentzat; 3.500 ikasle izan ditugu urte osoan eskaintzen diren ikastaroetan». Orain arteko eskaintza oso zabala zen, ikastaroez gain eta arte dramatikoko ikasleez gain, liburutegi eta dokumentazio zerbitzua ere eskaintzen zuelako.
Antzerkigintzaren habia
Arte dramatikoko ehunka ikasle pasatu dira eskolatik. Nafarroako antzerki konpainia guztiek hemendik igarotako jendea dute. «50.000 lagun inguruk jaso dute trebakuntza hemen», dio harro Perez Eguarasek.
Nafarroako antzerkigintzan aritzen direnen hazia izan da eskola. Izan ere, Nafarroan aritzen diren antzerki talde gehienak eskolako ikasle ohiak dira.
Nafarroan dagoen antzerki pribatu bakarra, euskarazko programazio iraunkorrarekin, urte luzeetan egindako lan txukunaren onarpena dutela uste du zuzendari teknikoak. «Lana ongi egin dugu, eta horrek betetzen gaitu. Hemengo kultur egitarauan eragitea lortu dugu. Horregatik dugu gizartearen babesa». Dena dela, kezkatuta daude. Eskaintzen zituzten zerbitzu asko bertan behera utzi dituzte, eskolan ari diren berrogei langileei lana erregulatzeko espedientea ireki diete, eta ezin dute deus aurreikusi. Finantzaketa faltak egunetik egunera erabakiak hartzera eraman ditu. «Kezkatuta gaude desagertzeko zentzurik ez duen zerbait desager daitekeelako». Kezkatuta bai, baina etsita ez, eta antzerkigintzarako lan egiteko beste modu bat aldarrikatu du. «Antzerkigintzari eskaintzen zaion dirua mantenduko balitz, Nafarroako taldeak hazteko eta bizitzeko adina izanen lukete. Baina, horretarako, etorkizunera begiratzen duen eta gizarteari lotuagoa dagoen kultura bat sustatu behar da. Baliabide asko gastatzen ari dira batere eraginkorra ez den modu batean».
Ezarian
Antzerki eskola, kolokan
Nafarroako Antzerki Eskolak 26 urte daramatza lanean, baina gobernuak diru laguntza zuzenik gabe utzi duenez, ateak ixtear da. Egitaraua eten egin du, eta langileei lana erregulatzeko espedientea ezarri die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu