Uda amaitzen ari da, baina Euskal Herriko jaiek ez dute etenik. Irailaren 1ean hasi ziren sanantolinak Lekeition (Bizkaia), eta igandera arte iraungo dute. Ekitaldi, festa eta kontzertu ugari egin dituzte azken egunetan, baina egun handia bihar izango da: Antzara Eguna. Gaur, bezperan, urduri dira bihar uretan izango diren kuadrillak, baina, hala ere, jaiak aurrera doaz, eta gaur ere festa egongo da herrian.
Goizean irekiko da Antzara Egunean izena emateko epea, 10:30ean zehazki. Kultur etxeko Azkue aretoan izango da izen ematea, eta 13:00ak arte egongo da irekita. Arratsaldean, kirol ekitaldiak izango dira nagusi. 16:00etan, Zapaterito pilota txapelketako finala jokatuko da, txapelketaren izen bera duen frontoian. Zapaterito txapelketa amaitzean, emakumezko amateurren plaza libreko desafioa jokatuko dute, binaka, frontoi horretan bertan.
Frontoitik kanpo, futbolaren tartea izango da 19:00etan. Nagusien San Antolin trofeoa jokatuko da Lekeitio futbol taldearen eta Artibairen artean. Eguzkia sartzen denean, 21:00etan, sanantolinetako correfoc-ak egingo dituzte. Lekeitioko Deabruak taldeaz gain, Es Mals Esperits (Eivissa, Herrialde Katalanak), Diables Riu-doms (Riudoms, Herrialde Katalanak) eta Kolpez Blai (Astigarraga, Gipuzkoa) arituko dira aurten. San Pedro kofradiatik hasiko da ibilaldia, plazara bidean. Azkenik, egunari amaiera emateko, play-backa egingo dute, 32. aldiz. Lekeitioko familiak, kuadrillak eta askotariko taldeak oholtzara igotzen dira, eta lehenagotik prestatutako ikuskizuna aurkezten du bakoitzak.
Bihar, bestalde, egun handia izango da Lekeition. 10:00etan hasiko da festa, Lekitto musika bandaren kalejirarekin. Herriko kaleak eta plazak alaituko dituzte musikarekin, eta, 11:00etan, buruhandi eta erraldoiak aterako dira, Itxaropena txistu taldearen laguntzarekin. Goizean, 11:30etik 14:30era, umeentzako parkea muntatuko dute Juan Bautista Eguzkitza enparantzan. 11:45ean, txistulariek kalejira egingo dute kioskoraino, Antzara Batzordearekin batera.
Eguerdian egingo da antzara jokorako zozketa, plazan, urtero bezala. Izena eman duten talde guztiek plazako oholtzara igo beharko dute, banaka-banaka. Behin oholtza gainean, kuadrilla bakoitzeko antzara harrapatzailea pisatu beharko da, ezin baitu 75 kilo baino gehiago pisatu. Horrez gain, bakoitzari zenbaki bat emango diote, jakiteko antzara harrapatzeko zer txanda duten. Lehentasuna emango diete Lekeitioko kuadrillei, ondoren Lea Artibai eskualdekoei, eta azkenik handik kanpokoei.
Antzara berriak
Hiru ordu iraungo du antzara jokoak, 16:00etatik 19:00etara. Iaz, 97 ontzik parte hartu zuten, hau da, 97 taldek. Bakoitzak bere batela prestatu behar du. Lehenengo 30 ontziek 16:00etan egon beharko dute kaian, Abadeen moilatik sartuta. Ordubetean behin, 30 ontzi sartuko dituzte, eta antolatzaileek dena modu ordenatuan eta azkar egiteko eskatu diete parte hartzaileei. Bestalde, udalak antzara berriak jarri ditu aurten. Aurreko urteetan, soilik lepoa aldatzen zitzaion tiraldi bakoitzaren ondoren, baina aurten gomazko beste bi antzara erosi ditu udalak, eta, hala, gorputza aldatzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek.
Antzara jokoa egiten den bitartean, 18:30ean, Esku pilotako Caixabank Mastersaren VI. aldia egingo da Santi Bouard pilotalekuan. Urrutikoetxea eta Lizeaga Larrazabalen eta Morgaetxebarriaren aurka arituko dira lehen partidan. Ondoren, Lasok eta Tolosak Jakaren eta Martijaren aurka jokatuko dute. Sarrerak Maite eta Gol tabernetan erosi daitezke. Azkenik, musikak eta parrandak bereganatuko dute herriko giroa. 19:00etan, Gurru DJa izango da plazan. 22:00etan, Trikizio erromeria, eta, bukatzeko, Ibon Insausti DJa.