Ezarian. Zientzia

Antxoa, bere deiturekin

Bizkaiko Golkoko antxoa genetikoki identifikatzea lortu dute Aztik eta EHUk. Askotariko jatorriko arrain aleak aztertu dituzte biomarkadoreak ezarri ahal izateko.

Antxoa laginak Aztiko laborategi batean, azterketa zientifikorako prest. AZTI TECNALIA.
xabier martin
Donostia
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Bakarra da Europako antxoa (Engraulis encrasicolus), askotariko jatorrikoa izan daitekeen arren. Kontua da espezie horri dagokien jatorri desberdinetako antxoen artean ez dagoela desberdintzerik soilik itxurari erreparatuta, alegia, bakarrik morfologia kontuan hartuta. Bizkaiko Golkokoa, Ipar Itsasokoa, Adriatikokoa, mendebaldeko Mediterraneokoa, Portugalgoa, Cadizko kostakoa edo Hegoafrikakoa, guztia da Engraulis encrasicolus espeziea, Europako antxoa gisa ezagutzen dena. Eta horrek arazo handia sortzen du antxoari dagozkion analisiak egitean. Zenbat tona arrantzatzen dituzte jatorri batekoak edo bestekoak? Zer antxoa kopurua, zer biomasa dago jatorri jakin bateko antxoa kontuan hartzen denean? Eta merkatuari begira garrantzitsuena: antxoak jatorri batekoa izanda, beste jatorrikoak balira bezala merkaturatzen ote dira? Hots, Kantauriko antxoa balitz bezala merkaturatu ote da Afrikakoa edo Cadizkoa den antxoa?

Aurrerantzean jatorri bakoitzeko antxoa desberdintzeko modu zientifikoa izango da Azti-Teknaliak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean egindako proiektu bati esker.

DNA oinarri hartuta, antxoen analisi molekularra egin dute ikerlariek; nukleotido desberdinen bila hasi ziren aspaldian, eta lau urte iraun duen egitasmoak emaitza onak izan ditu azkenean. Jatorri bakoitzaren biomarkadoreak identifikatzea lortu dute. Europako antxoaren genoma arakatu dute 10-20 SNP (Singel Nucleotide Polimorfism) lortu arte, jatorri bakoitza desberdintzen dituzten markadoreak. Hala, antxoa ale bat hartu eta SNP horiek eredu hartuta, arrain hori zein jatorrikoa den zehazteko gai dira, bai antxoa freskoa izanda, bai kontserban egonda ere.

Kalitatea eta iraunkortasuna

Erosleek zein saltzaileek tresna eraginkorra dute eskura. Kontserban saltzen den Kantauriko antxoa, freskoan baino 40 aldiz gehiago ordaintzera heldu da. Prestigio kontua da. Baina jakin ezaguna da Kantauriko antxoa balitz bezala saldu dela kontserba ugari beste jatorrikoa den lehengaia erabiliz. Kalitate kontrola zorrotzagoa egiteko bidea zabaldu zaie, bai elikagaien zuzentasuna zaintzen dutenei (Eusko Jaurlaritza, esaterako), bai kontserba industrian aritzen diren enpresei. Antxoa sorta bat Kantaurikoa denetz jakiteko ziurtagiria da labur esanda.

Merkatuaren aldagaiak alde batera utzita, antxoaren iraunkortasunari ere eragiten dio Aztik eta EHUk egindako ikerketak. Izan ere, ezagunak dira Kantauriko antxoa arrantzatzeko baliatzen dituzten moduak. Itsasoarekin eta beste espezieekin begirune handiagoa dute Kantauriko arrantzaleek, eta hori oso kontuan har dezake erosleak bere hautua egiterakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.